Irakaslea eta antropologoa

PISA: pandemiaren eta gizarte digitalaren gurutzabidean

Jexux Larrañaga Arriola
2023ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Hezkuntza bezain konplexua den zerbait zenbaki eskala berdinduetan eta titular alarmisten menpean neurtzeko beharra nagusitzen denean, susmagarria bihurtzen da ez ote zaion aginpide gehiegi ematen kanpora begirako ebaluazio sistemei. PISA nazioarteko ebaluazio sistema txostenaren emaitzekin aldi oro gertatzen zaigu. Izan ere, berriki aurkeztu duten PISA txosten horrek datuen jaitsiera orokorra erakutsi du herrialde guztietan (Japonian eta Korean izan ezik)  eta Hego Euskal Herriko ikasleen emaitzak ere beheranzko joeran jarraitzen dute neurtutako hiru oinarrizko konpetentziatan: zientzian, irakurketan eta matematikan. Txostenaren arduradunek, jaitsiera orokor hori pandemiaren ondorioei egotzi diete, emaitzei eragiteaz gain, beherakadak zerikusia duelakoan ikasleen eta irakasleen egoera afektibo eta emozionalarekin.

Hori horrela izanda ere, PISA probaren ikuspegi «ekonomizista» maiz aipatu izan da ebaluazio ereduaren kritikotasuna azaldu dutenen aldetik. Hauen aburuz, merkatu ikuspegi instrumentalari begira dago ebaluazio eredu hori, eta egungo gizarterako giltzarriak diren hainbat trebetasun mota ez ditu aintzat hartzen. Haatik, bizitzan zeharreko hezkuntza-prozesuak eta bizikidetzarako funtsezko konpetentziak gehitzea eskatzen zaio. Argi dagoena da PISAk ez duela Curriculumaren ikaskuntzen ezarpen mailarik neurtzen, ezta tokiko hezkuntza sistemaren ebaluazio kokaturik egiten ere.  

Hala eta guztiz ere, hainbat herrialdeentzako PISAk eragindako Hezkuntza Politikaren ondorioa argia izaten ari da: egokitu ditzagun curriculumak PISAren eskaeretara herrialdeen arteko Hezkuntza sailkapenaren rankingean gora egiteko. Hori da Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) Hezkuntza sistemari aldiro bidaltzen dion ageriko mezu argia. Haatik, hainbat herrialdek izandako emaitza txarren ondorio zuzena, Hezkuntza Politikaren eraldaketak egitea izan da. Eta hortxe dago paradoxa: ezartzen duen sailkapenaren emaitzen hobetu beharrak, ebaluazio ereduari zilegitasuna ematen dio, eta aldi berean, Hezkuntza Politika homogenizatzailea bultzatzeko baliagarria zaio.

Emaitzen beherakadaren testuinguru orokor honetan ez genuke bazter utzi behar zer hezkuntza eragin eta zer ondorio sortzen dituen bizi dugun digitalizazio azeleratuaren gizarte prozesuak. Izan ere, beheranzko joera argia da 2012tik, urte horretan hasi baitzen eskola-digitalizazio masiboa Europako herrialde guztietan, eta, bereziki, EAEn. Gure hipotesia honakoa da: txostenak aipatzen duen pandemiaren eraginaz gain, emaitza horiek harreman zuzenean jartzen dute gizarte digitalaren aro globalaren azelerazioa eta hezkuntza teknokraziaren afera. Eta hori da gainbehera hori ulertzeko giltzetako bat. Haatik, gogoeta hori sustatzea da gure helburua.

Egungo pantailen erabilera neurrigabeak onura bezainbeste kalte dakarkio hezkuntza prozesuei olatu globalaren eraginpean jarrera kritikorik gabe jardunez gero. Hala gertatzen da oinarrizko ikaskuntzen jabekuntzan gabezia horiek atzemangarriak egiten direnean. Zehatzago esanda, hezkuntza-eragile gehienok bat etor gaitezke honako baieztapenean, hain zuzen: azken hamarraldian ahozko hizkuntzak eta idatzizkoak izan duen gainbehera, izan lexikoan, kontzentratzeko gaitasunean, motibazioan, ahaleginean, eta hainbat hezkuntza-prozesuei datxezkien beste hainbeste balio eta jarreretan, atzemangarria egiten zaigu.

Gaur, bizi gaituen gizarte digitalak hala eraginda, bistakoa dugu eskolako komunikazio-mailan, diskurtsoetan, hezkuntza jardunbideko burokrazian, aldaketak bizi ditugula. Aldaketa horiek, baina, hobekuntza prozesuak al dira guztiak? Hauxe da datua: digitalizazioan gehien inbertitu duten herrialdeak izan dira emaitza txarrenetakoa lortu dutenak.

Hala ere, egungo eskolaren norabidea gizarte digitalaren nagusitasun azeleratuaren mendean sarturik dagoela esan genezake. Eta horren ondorioz, ordenu psikosozial berrituak txertatu zaizkigu eskolara botere mediatikoen bidez. Premiazkoa da ikasgelan bistaratzen diren sintomei buruz kolektiboki pentsatzen hastea. Eskola emaitzen beheranzko joera, eragin duen gizarte testuinguruan pentsatu beharko da. Esandakoa, digitalizazio azeleratuaren ondorioekin eta pantailen gurtze masiboaren eraginarekin loturan dator.

Zeren ikusten ari garena da nagusitasun digitalizatuaren eskaeren aurrean, ordena berri bat sortzen ari dela munduan, eta horrek, eremu akademikoari, sozialari eta pentsamenduari eragiten dio. Pantailen bidezko eredu psikosoziologiko berria determinismoz blai aurkezten zaigu (sailkatu, kontrolatu, epaitu, zelatatu...) makroegiturak ezarritako menpekotasuna da. Logika horretan, hezkuntza prozesuei, sistema merkantilizatuaren trataera emateko joera nagusitzen ari da. Egungo gizartearen baldintza sozioekonomiko eta teknologikoetan ez zaigu arrotza egin eskola emaitzek izandako beheranzko joera.

Ordenamendu digitalaren ondorioz, eremu pertsonala eta elkarreraginezkoa zatikatzen dugu eta eskolarako pentsamendu-dogma berriak proposatzen dira. Horiek denak, praxi psikopedagogikoari eta oinarrizko prozesu psikosozialei eragiten diete oinarrizko ikaskuntzen garapen prozesuak lastatuz, eta beste hainbatetan oinarrizko ikaskuntzen jabekuntzaren kaltetan. Eta hori ere, hala ikustea komeni da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.