Duela sei urte, Laila Mickelwait —Take Down, Inside the Fight to Shut Down Pornhub liburuaren egilea— doako plataforma pornografikoak ikertzen hasi zen, haurren aurkako sexu abusuekin, bortxaketekin eta sexu trafikoarekin irabaziak izateagatik. Aurkitu zuena hasieran pentsa zezakeen baino askoz gogorragoa izan zen.
Pornhub, XNXX, Xhamster, Xvideos eta halako doako plataforma pornografikoek publizitatean oinarritutako negozio eredua dute. Zenbat eta bideo gehiago eta bideoak dituzten orri gehiago izan, Googlek plataformaren emaitza gehiago eskainiko ditu norbaitek zerbait bilatzen duenean, plataformak bisitari gehiago izango ditu, publizitate gehiago ikusiko da eta askoz diru gehiago irabaziko dute. Pornhubek, bere garai distiratsuenean, egunean 4,6 milioi bisualizazio zituen publizitatean, eta 40 milioi dolarreko irabaziak zituen hilean. Pornhubek Netflixek, Amazonek, Youtubek eta Xk batera baino bisitari gehiago izaten ditu egunero, eta urtean plataformara 6,8 milioi irudi eta bideo igotzen dira.
Helburu orokorra katalogo zabala izatea denez, ez da egiaztatzen irudietan eta bideoetan agertzen diren pertsonak adinez nagusiak diren, ezta sexu harremanak izateko, grabatzeko eta plataformara igotzeko baimena eman duten ere. Enpresaren erabaki kontziente bat da. Horren ondorioz, plataforma horietan benetako bortxaketen, torturen eta haurren kontrako sexu abusuen bideo asko daude. Era guztietako sexu abusuen eta torturen biktima askok izututa ikusten zuten nola erasotzaileek abusuak grabatu eta plataformara igotzen zituzten. Adibide batzuk jartzearren, hauek dira ehunka mila bistaratze dituzten bideo batzuen izenburuak: Adolescente grita mientras es follada por el culo (nerabea oihuka popatik ematen dioten bitartean), Puta escupida y abofeteada (puta bati tu egiten eta zaplaztekoak ematen), Cerda muerta, entreabre los ojos después de ser drogada (Emakume zerri bat begiak erdi irekita drogatua izan eta gero).
Plataforman, 1.800 langiletik 30 bakarrik aritzen dira moderazioan, eta egunean 700 bideo baino gehiago ikusi behar dituztenez, soinurik gabe ikusten dituzte eta irudiaren kalitatean soilik jartzen dute arreta. Biktima bat enpresarekin harremanetan jartzen zenean jasan zituen abusuen bideoa ken zezan, enpresak erasoa benetakoa zela eta/edo grabatzeko unean adingabea zela frogatzera behartzen zuen. Biktimak frogatzea lortzen bazuen, Pornhubek bideoa kentzen zuen, baina ez zituen erabiltzaile berak igotako gainerako bideoak kentzen, metadatuak kentzen zizkien eta ezezagun gisa uzten zituen.
Plataforma horietan publizitatea kudeatzen duten enpresek, une bakoitzean arrakastatsuenak diren bideoen etiketak erabiliz publizitatea egiteko aukera eskaintzen dute. Ikerketa egiterakoan hauek ziren une horretako etiketa arrakastatsuenak: teen (nerabea), brazers (batez ere nerabeek erabiltzen duten hortz aparatua), hiddencamera (kamera ezkutua), 14ysold (14 urte), not18 (ez 18 urte), tiny teen (nerabe txikia), screaming teen (nerabea oihuka).
Kasu askotan, sexu abusuak jasan ondoren, erasotzaileak kartzelan zeuden, baina erasoen bideoek plataforman jarraitzen zuten. Denbora batez, plataformek bideoak deskargatzeko botoi bat zuten. Erabiltzaileek bideoak deskargatu eta plataforma desberdinetara berriro igo zitzaketen. Haien abusuak Interneten nola dabiltzan ikusten duten biktimen %15ek ideia suizidak dituzte.
Pornhubek ere ez ditu egiaztatzen bideoak igotzen dituzten erabiltzaileak edo bideoetan agertzen diren modeloak. Kalifornian 15 urteko neskato bat bahitu zuten eta handik sei hilabetera neskaren amaren bizilagunak Pornhuben ikusi zuen. Bahitzaileak aitaren putatxoa izeneko kanal bat sortu zuen. Bertan, neskak jasaten zituen bortxaketak igotzen zituen, eta neska plataforman erregistratuta zegoen modelo amateur gisa.
2019ko azaroaren 3an, Sunday Times egunkariak ikerketa txiki bat egin zuen Pornhuben inguruan, eta hamar minutuan, gehiegi bilatu gabe, haurren aurkako sexu abusuen materiala, bortxaketak eta benetako torturen bideoak aurkitu zituen. Nahiz eta plataformak bere erabilera baldintzetan ezartzen duen horrelako bideoak bere politikaren aurka doazela eta ez direla onartzen, bideo askok hiru urte baino gehiago zeramatzaten jarrita eta 350.000 bistaratze baino gehiago zituzten.
Laila Mickelwaiti eta #Traffikinghub mugimenduari esker, une honetan 300 biktimak baino gehiagok 27 salaketa jarri dituzte Pornhub enpresaren jabearen aurka, eta bost urtean plataformatik egiaztatu gabe zeuden 50 milioi irudi eta bideo kentzea lortu dute, katalogoaren %91.