Mari Carmen Abascalek gogorazi digu ze tamainakoa den etxebizitzen arazoa gure gizartean. Eta, hura dela medio, pertsona askoren egoera zein den tamalgarria. Bizitzak dituen txantxa krudel horietako batek berekin ekarri du Maricarmenek arazo honen konponketan zipitzik ere lagunduko ez duen eta kaltegarri izango den buruzagi politiko baten deitura bera izatea.
Horrela idatzi nuen gazte garaiko poema liburu batean: «Justizia, justizia, justizia, gorroto zaitut, justizia; zure izenean egiten baitira bidegabekeriarik izugarrienak». Igarlea ni gaztetan. Benetan epaileak ezin zuen besterik egin? Ezin dut sinetsi. Eta NBEko errelatoreak ere ez. Epaileek aurkitzen dituzte hamaika bidezidor edozein txatxukeria bideratzeko… nahi dutenean. Horren zaila zen, Zuzenbide eta Kode Zibilaren arabera, erakundeak edo pisuaren jabeak behartzea irteera txukuna bilatu bitartean etxegabetzea gelditzera? Legearen letra aitzakia izaten da, komeni denean. Llarena edo Marchena horietako batek ziur bilatuko zukeela zirrikiturik zerbait egiteko… pareko balu etxegabetua. Agian Mari Carmenen deiturakidea izan balitz… Baina ez du zorterik izan.
Ceutan sartu ziren milaka etorkinek ere ez dute zorte handirik izan. Eta ceutarrek ere ez. Igarkizuna: Ceuta Espainia da? Bai noski, Gibraltar Britainiar Erresumaren atala den bezala. Handikien arteko tratuen ondorioak. Batzuek beti zortea izan, eta besteek inoiz ez.
Zortea bilatu egin behar da. Sasijakintsu harroen esaldia da. Baina, bilatu arren, aurkitzen ez bada? Edo zorte txarra izan jaiotzez, eta egokitu zaigun adimen urria konturatzen ez bada zein den zorte ona bilatzeko bide egokia? Edo guraso drogazale, alkoholikoengandik jaio bagara? Edo gaixotasun kroniko latz batekin? Edo munduko lekurik pobreenean, edo Gazan…? Edo zorte ona aurkitu dugulakoan pozik goazela, zorte txarrak harrapatzen bagaitu bidetik atera den auto baten edo aldamio batetik behera eroritako ohol baten itxuran?
Pertsonok pertsona izateko dugun tresnarik baliagarrienak hizkuntza eta hezkuntza (ez Hezkuntza) dira. Hizkuntzak bere baitan ditu logika eta matematika, baita emozioen kudeaketa ere. Hizkuntzaren erabilerak argitzen du pertsonaren maila edozein arlotan
Orain zortea izan dugu. Adimen artifizialak hamar urtetan akaberara eraman gaitzakeela xuxurlatu digute. Jakinaren gainean jarri gaituzte, bada zerbait. Harrigarri gertatu zait adimen artifizialaren guruak, Elon Musk barne, bat-batean etikarekin kezkatuta azaltzea. Trikimailua behar du izan. Irrati, telebista eta idatzizko hedabideetan zabaldu da berria, eta sekulako ikara eman gizaki gehienoi. Ez dut uste luze iraungo digunik.
Egun batzuez ere oso kezkatuta ibili gara PISA azterketek gurean emandako balio eskasengatik. Eta, jakina, batzuei euskara Hezkuntza ardatz izatearen ondorioa iruditu zaie. Tranpetan PP, Vox eta PSEko buru den Andueza: ama hizkuntza erabiltzea da egokiena. Ez du zehaztu zein ama hizkuntza, arabiera, kurduera, sardiniera, mandarin txinera edo kantonera, kitxua, wolofa, engadinoa… Agian espainiera?
Onena hizkuntza amarrurik gabe erabiltzea da. Pertsonok pertsona izateko dugun tresnarik baliagarrienak hizkuntza eta hezkuntza (ez Hezkuntza) dira. Hizkuntzak bere baitan ditu logika eta matematika, baita emozioen kudeaketa ere. Hizkuntzaren erabilerak argitzen du pertsonaren maila edozein arlotan. Sentimenduen alorrean, pentsamendu logikoarenean, errespetuaren eremuan hitzek egin ohi dute bakoitzaren argazkia. Eta nor bere hizketaren jabe izateko, hezkuntza (ez soilik Hezkuntza) handia behar da.
Zein interesgarria EHUk eta Aranzadi Elkarteak sugeen inguruan gure gazteek duten pertzepzioari buruzko azterketa. Garen bezalakoak agertzen gara horrelakoetan, teoria eta ideologiarik gabe: gazteek apenas ezagutzen dituzten gure inguruan bizi diren sugeak, sugegorria zein den gutxik dakite, eta, aldiz, Tiktok-en agertzen direnak gertuko iruditzen zaizkie. Pozoia zeintzuek duten ez dute bereizten. Horrela sarean eta politikan zerk duen pozoirik antzematea ere zail dute. Gazteak bihurtu dira deabru guztien diana. Negozio jainkoaren kalkulua da horrela nerabe gaixoek pantailatik haratago hezkuntza, hizkuntza eta bizitza txikia izango dutela eta bere mendean izango dituela, nahi duenean etxebizitzatik bota ahal izateko. Eskerrak gazte eta indartsuak diren eta, kostata, baina gehienek ihes egingo dieten deabru zikin horiei.
Juan José Tamayo teologoak, prentsan argitara emandako elkarrizketa batean, deabruaren inguruko galderari honela erantzun dio: «Haren irudi fisikorik ez dago, baina irudikapenak badira. Egun oligarketan, plutokratetan, eta neofaxismoaren teologoetan du ordezkaritza. Hortxe dago deabrukeria ongi irudikatua, esaterako, Netanyahu eta Trumpekin».
Adimen artifizialaren berriak emandako sustoa gainditzeko, onena da mehatxua amaiera itxuran irudikatu ordez reset gisan sentitzea. Berriro zerotik hastea. Hinduen eta budisten berraragiztatze antzeko zerbait. Eta atsegina da irudikatzea Trump edo Netanyahu itzuliko direla bakterio, txingurri edo xagu bihurtuta.