Lehen arretako pediatra eta Altxa Burua-ko kidea

Saioa itxi, klik

Mirene Beriain Rodriguez
2026ko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Semeak 13 urte ditu eta ez diogu oraindik smartphonerik eman nahi. Lagun guztiek daukate eta berak ez; hori aldarrikatzen du etengabeko borroka batean. Whatsapp bidez geratzen dira eta ez du, azken unera arte, egin eta desegiten diren planen berririk jasotzen. Jada ez dute elkar deitzen, ezta gure semeak lagunei ere; telefonoz hitz egitea gaur egun ez da harremanetan jartzeko aukera bat. Eta Internet gabeko telefonoak nola halako gailu lotsagarriak omen diren, horrekin kalera ateratzea baino hobe etxean geratzea.

Smartphonea eskuratu baino lehen hainbat gai gehiago landu beharko ditugula pentsatzen nabil; gezurrak eta desinformazioa, sareen diseinu adiktiboa, harreman osasuntsuak eta pornografia, online jolasak, adimen artifiziala… zerrenda amaigabea da eta izerdi hotza sentitzen dut. Batez ere, nire ikerketa txiki propioa egin ondoren… Google-n porno idatzi dut eta lehen aukeren artean Pornhub deituriko plataforma ageri da. Klik. 18 urte baino gehiago dituzu? Bai. Klik. Eta oso erraz sexu indarkeriara ateak zabal-zabalik ditut. Hobe esanda, dituzte. Klik, klik eta klik.

Horrela, eduki hauetara ahalik eta beranduen iristea, eta behin topatuz gero, ahalik eta gutxien ikustea, nire helburuetako bat bihurtu da. Euren sexualitatea beren esperientzia pertsonaletatik eta erritmo propioan garatzeko aukera izatea.

Panorama ikusita, gailua goizegi emanez gero kontrol tresna bat erabiltzea beharrezkoa izango da, nahiz eta euren intimitatean sartzea gustuko ez dudan. Ezin utzi itsutasunak ahalbidetutako ezjakintasunetik horrelako edukiak besterik gabe jaso ditzan. Eta horregatik daukat hain argi; smartphonea zenbat eta beranduago, hobe… Zaila da gero… Nire ikerketa xumea egitera gonbidatzen zaituztet, ea zer deritzozuen.

Azalean bizi izan dut zein erraza den gure haur eta nerabeak, euren jakin-mina asetzeko edo baita nahi izan gabe ere, horrelako edukietara iristea. Eta badakit zein kaltegarria izan daitekeen euren sexualitatea eraikitzen ari den garaian indarkeria bortitzeko irudi sexualak kitzikagarri bihurtu ahal izatea

Egia esan, hainbeste muga eta kontrol neurri behar izateak gailuen erabilera adinaren eta egokitasunaren inguruan hausnartzera eraman beharko gintuzke. Eskolako Chromebookek ere ba omen dituzte horrelako kontrol sistemak. Klik. Batzuek euren ordenagailuaren pantailaren unez uneko irudiak jasotzen dituzte, eta ondoren, guk gurean ikus ditzakegu, une zehatzetan, Interneteko itsaso zabalean non nabigatzen duten jakiteko edo. Klik. Horrela jabetu naiz nire semearen pornografiarako lehen sarrera etxean bertan izan dela, eskolako Chromebooketik, lagun batek bidalitako musika esteka bat irekitzerakoan. Klik. Ezin sinetsi. Jakiteak behintzat posible egin du berarekin gaia lantzea. Oraindik ez du smartphone propiorik (eta ez gutxi kostata), baina bai Interneterako sarbidea eskaintzen duen gailu pertsonal eramangarria. Eskolakoa.

Azalean bizi izan dut zein erraza den gure haur eta nerabeak, euren jakin-mina asetzeko edo baita nahi izan gabe ere, horrelako edukietara iristea. Eta badakit zein kaltegarria izan daitekeen euren sexualitatea eraikitzen ari diren garaian indarkeria bortitzeko irudi sexualak kitzikagarri bihurtu ahal izatea.

Etxetik eskuratzen dizkiegun gailuak kudeatzeaz gain, eskolen beharrei erantzunez jasotzen dituztenen erabilera berrikustea nahitaezkoa da. Hainbat adin tartetan familiek gailu hauek modu egokian kudeatu ahal izatea ezinezko bihurtu da; etxerako lanak egiten dituzten bitartean Internetera sartzeko zein bidezidor ireki duten etengabe jakitea, hain zuzen. Horrela, euren autonomia, erritmoak eta arreta mantentzeko gaitasunari kalte egiten ari gara. Gailuak eskoletan uzteak familiako bizikidetza indartu eta deskonexioa erraztuko luke. Eskolatik ateratzerakoan, «Saioa itxi nahi duzu?» galderari «Bai» erantzutea, hain zuzen. Klik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA