NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Departamentua

Salbuespena aitzakia gisa

Lucia Perez Peña
2026ko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hemen ez dute irabaziko. Kanpaina honetan hainbestetan aipatu dugunez, esaldi hori mantra gisa erabiltzen da jadanik, argudio gisa, eta gero eta gutxiago aitzakia gisa. Ez da gezurra Euskal Herria bestelakoa dela: sindikalismo propioak lurralde gutxitan du gehiengoa; lurralde gutxik dituzte agenda autonomoa duten mugimendu sozial eta politikoak; lurralde gutxitan daude hegemoniaren bila lehian dabiltzan nazionalismo batzuk; lurralde gutxitan dauzkate ezker propioak eta autogobernua, bere kabuz erabakitzen duen autogobernu bat, hain justu, beste lurralde batzuei dagokienez Madrilek erabakitzen duena erabakitzeko gai dena. Baina horretaz guztiaz seguru egoteak tentazio arriskutsu bat dakar: ez da gauza bera salbu sentitzea eta salbu egotea, eta ez genituzke bata eta bestea nahastu behar.

Izan ere, Euskal Herria berezi bilakatzen duen horrek berak bilakatzen du zaurgarri. Estatuan PPren eta Voxen gobernu batek agintzen badu, hemengo kaleetan eta hemengo bozkalekuetan nagusitu beharrik ez du izango hemengoa baldintzatzeko. Euskara, autogobernua, memoria eta logika propio batez lantzen ditugun gizarte politikak izateko, ezinbestekoa izan da gure bestelakotasuna zaintzea. Bestelakotasun hori, ordea, zuzendu beharreko edo, hobeto esanda, ezabatu beharreko anomalia bat da proiektu uniformizatzaile eta zentralizatzailearentzat, zeinak harro-harro esaten baitu barne etsaitzat dauzkala Euskal Herria, euskal nazionalismoak eta, batez ere, hemengo mugimendu politiko eta elkarte ezkertiarren sarea. Eta aipatutako hori guztia suntsitzeko, ez daukate aurrez aurre erasotzeko premiarik: nahikoa dute gutxiengoa garen botereguneetan neurri batzuk hartzea, arian-arian: euskara, esaterako, traba administratibo bat balitz bezala tratatzea; autogobernua, berriz, komenentziaren arabera onartzen edo ukatzen den tramitetzat hartzea; gizarte zibil antolatua, azken batean, oztopotzat hartzea, eta ez politika egiteko zilegizko moldetzat. Beraz, argi eduki behar dugu jokoan dagoena ez direla eskumen soil batzuk: barkamenik eskatu gabe erabakitzeko eskubidea dago jokoan. Eta eskubide hori ez da bermatzen eskubidea aipatze hutsez: erabiltzen den eta defendatzen den heinean existitzen da eskubide hori, eta ez dago halakorik berez berma dezakeen mobilizaziorik, denik eta jendetsuena izanda ere.

Singularrean aipatzen den salbuespen hori, ordea, pluralean mamitu eta bizitzekoa da. Egokiro aitortu eta geureganatu beharrekoa da Euskal Herriaren heterogeneotasuna, hemengo lurraldeena, gehiengoena, alderdiena eta banakoena. Kanpaina fronte ereduaren arabera planteatu denez, egia da ez ikusiarena egin behar zaiela jostura horietako batzuei, batasun orok gu bat behar baitu —etsaia hain argia eta nabarmena bada batik bat—, baina kontua da noren antza duen gu horrek. Izan ere, azkenerako, kontakizunean ondoena egokitutako sektorea ordezkatzen du gu horrek beti, diskurtsoekin identifikatzen den sektorea, diskurtsoetan bere ahotsa aditzen duen sektorea; gainerakoei, berriz, eskatzen zaigu interpelaturik senti gaitezen, baina guri ez digute ezer kontsultatzen aurretik.

Alderdiei, sindikatuei eta erakundeei exijitu behar diegu konpromisoa har dezaten eserlekuen proiekzioetan ageri ez diren bizitza eta gorputzen alde. Ezin gara zain geratu, sor eta gor

Eta, hain zuzen, orain, batzeko eta mobilizatzeko operazio horretan dago jokoan estilo kontua baino askoz gehiago den zerbait. Ezin eztabaidatuzkoa da ultraeskuina eta faxismoa geldiarazi beharra dagoela, baina geure buruari galdetu behar diogu nori buruz ari garen gu esaten dugunean. Kanpainaren ardatz bilakatu den antifaxismoak badu alde on bat: ia guztia kabitzen da bertan. Baina badu alde txarra ere: guztia bildu nahi izate horretan, azkenean lehentasunak ezartzen ditu premiaren arabera, eta, dakigun bezala, guztion izenean aipatzen da premia, baina berberak izaten dira beti galtzaile. Premiazkoena lehenesten da, hau da, irabaztea; gainerakoa, eta ez da gutxi, hurrengo baterako. Oso subjektu jakinak egoten dira itxaronaldi horretan. Emakumeak, LGTBIQA+ jendea, migranteak eta arrazializatuak, zaintzaileak eta sostengatzaileak, gai zerrendan beti bigarren direnak, kausa justu guztien ondorengoak. Ez matxismoa, ez arrazakeria eta ez zapalkuntza kapitalista ez dira hasten ultraeskuina iristen denean, eta, era berean, ez dira bukatzen ultraeskuinak porrot egiten duenean. Horregatik, hau esan beharra dago orain, kanpaina hementxe dugula oraindik: antifaxismoak apaingarri gisa baliatzen baldin baditu bere eskakizunak, geroko utziko ditu ostera, arrunt modu dotorean.

Ultraeskuina geldiarazteko betebeharra eta erantzukizuna dugu, atzerakada, zapalkuntza eta faxismoa eragoztekoa, bai, baina geldiaraz dezagun jakinda zeren alde ari garen eta norentzat. Alderdiei, sindikatuei eta erakundeei exijitu behar diegu konpromisoa har dezaten eserlekuen proiekzioetan ageri ez diren bizitza eta gorputzen alde. Ezin gara zain geratu, sor eta gor.

Euskal Herriko salbuespenak merezi du defendatua eta errekonozitua izatea, eta areago defendatu eta errekonozituko da betikoei itxaroteko eskatzeari uzten zaionean. Kanpoko mehatxutik babesteko kontakizun bat blindatzea baldin bada norberarena defendatzeko gakoa, orduan egin gabe utziko dugu zailena: barrura begiratzea exijentzia berberarekin. Horregatik, ez dugu ahaztu behar salbuespenak —nahiz eta nortasuna mobilizatzeko gaitasuna izan—, etsaia seinalatu besterik egiten ez badu, arriskua duela proiekturik gabe geratzeko, proiektua izateari uzteko. Norberarena defendatzeko, zehaztu beharra dago zer kabitzen den norberaren esparru horretan, eta erantzunaren zain denbora gehien daramagunok ez dugu onartuko berriz ere esatea «orain ez». Betikoentzat ez dago gerorik. Hemengo salbuespen hau proiektuz eta gure bizitzaz betetzen ez den bitartean, arriskua edukiko du beste zerbait bilakatzeko: barruko eztabaidak geroratzeko aitzakiarik onena bilakatzeko.

Erredakzioan itzulia

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA