Heziketa digitala

Sare sozialak eta adingabekoak: mugak jartzea ez da antiprogresista

2026ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare sozialen erabilerak erabiltzaile guztien osasun fisiko, mental eta emozionalean dituen ondorio negatiboak erakusten dituen ebidentzia zientifikoa gero eta ugariagoa da, batez ere haur eta nerabeengan duen ondorioena. Beren negozio eredua dela eta, sare sozialak adiktiboak izateko diseinatuta daude. Helburua da erabiltzaileak ahalik eta denbora gehien egotea sare sozialetan, erabilera datuak sortzen eta publizitatea ikusten.

Sare sozialetako algoritmoek, erabiltzaileen arretari eusteko helburuarekin, etengabe bonbardatzen gaituzte guri arreta gehien ematen diguten lau eduki motarekin: eduki sexualizatua, eduki bortitza eta muturrekoa, desinformazioa eta emozio negatibo biziak sortzen dituen edukia, hala nola sumindura edo alderaketa sozial negatibotik eratorritakoak.

Eduki bortitzak (istripu esplizituak, dekapitazioak, hilketak, autopsiak…), pornografia, desinformazioa, pederastak, talde arriskutsuak, iruzurrak, sexu indarkeria, gehiegizko esposizioa eta norberaren autoesposizio sexuala... Nerabeak eta heldu gazteak dira pornografia eta prostituzioa normalizatu nahi duten plataforma digital batzuen marketin kanpainen helburua, eta sexu esplotazioa zuritzen dute, neska gazteek eduki pornografikoa sor dezaten eta sugar daddy-ak aurkitzeko zerbitzuak erabil ditzaten. Plataforma horiek etekinen ehuneko bat irabazten dute. Mutilentzat marketin kanpainak daude pornografiaren kontsumitzaile izan daitezen eta nesken kontu pornoen aholkulari eta kudeatzaile izan daitezen, hau da, proxeneta digitalak bihur daitezen. Egiaztatuta dago algoritmoek eduki bortitz eta misoginoa erakusten dietela mutil nerabeei, eta neskei beren buruarekin gaizki sentitzeko edukia erakusten dietela.

Antsietatea, gorputz dismorfia, autoestimuan arazoak, elikadura desordenak, hala nola anorexia eta bulimia eta horien normalizazioa, kosmetikorexia, bigorexia, bakardadea... Adingabeen %11k bere burua maiz autolesionatzen du eta %20k, noizean behin, baina algoritmoek adingabeen %50ei autolesioen edukiak erakusten dizkiete.

Negozio eredu horrek, halaber, gizarte polarizazioa handitu eta elikatzen du, eta ingurune digital toxikoa sortzen du, non errespetu faltak, umiliazioak eta irainak normalizatuta dauden. Negozio ereduak ere eragin zuzena du etengabeko arretaren murrizketan eta kontzentrazioan. Besteak beste, bideo laburrak etengabe ikusteak eragiten du pertsona askok ezin diotela arreta jarri zeregin bakar bati, ezta denbora luzean kontzentratu ere, eta horrek lotura zuzena du errendimendu akademiko okerragoarekin, garapen intelektualarekin eta espiritu kritikoa garatzeko ezintasunarekin.

Kontua ez da sare sozialetan eduki egokirik ez dagoela, baizik eta algoritmoek etengabe erakusten dutela beste eduki mota hori, erabiltzaileentzat kaltegarria dena, nahiz eta haien bila ez ibili, haien arreta gehiago erakartzen duelako. Negozio eredu horrekin ezinezkoa da erabilera segurua eta arduratsua egitea, ezta adingabeak sare sozialen barruan babestea Adingabeen Fiskaltzak azken urteetako txostenetan adierazten duen bezala.

Alternatibak daude. Presio sozialaren alternatiba familiak eskoletan batzea da smartphoneak emateko adina adosteko, nire ustez 18 urtetik aurrera behar lukeena, eta sare sozialak erabiltzen uzteko adina adosteko. Arazoa sare sozialak dira. Internet gabeko tekladun telefonoak erabil daitezke, edo, bestela, Whatsapp erabiltzeko aukera ematen duten tekladun telefonoak. Telefono finkoak erabil daitezke nerabeak haien artean gera daitezen, edo ikastetxean gera daitezke eta gero adostutako orduan adostutako lekuan agertu. Ondo funtzionatzen ez duten eta friendly-ak ez diren smartphone zaharrak erabil daitezke, edo etxean telefono finkoaren funtzioak egiten dituen smartphone bat egon daiteke, familia osoak erabiliko duena eta egongelatik edo sarreratik mugituko ez dena, bakarrik besteekin gelditzeko erabiltzeko.

Ikastetxeak smartphonerik gabeko guneak izan beharko lirateke. Ikastetxeei presioa egin dakieke, ikastetxera eta irteeretara smartphoneak eramatea debeka dezaten. Adingabeen osasuna eta ongizatea ikastetxeen lehentasuna izan beharko lirateke.

Familiak adingabeei sare sozialak erabiltzen uztean seme-alabak egunero arriskuan jartzen ari direnez, Australiak sare sozialetan sartzeko adina legez mugatzea erabaki du, eta Espainiako Gobernuak ere hori egiteko asmoa du. Espero dezagun horrek familiei laguntzea sare sozialek adingabeei dakarkien arriskuaz jabetzen, eta sare sozialen erabilera debekatzen hastea. Mugak jartzea ez da antiprogresista, beharrezkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.