Hezkuntza digitala

Sare sozialak eta pornografia

2025eko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pornografiak sare sozialetan biktimak bilatzen ditu modu desberdinetan. X bezalako sare sozial batzuetan pornografia esplizitua dago. Elon Muskek Twitter erosi zuenean eta X deitu zionean, erabilera baldintzak aldatu zituen pornografia legeztatu eta pornografiarekin diru asko irabazteko. Ordura arte Twitterren pornografia asko bazegoen, orain X-n gehiago dago.

Instagram, TikTok, Snapchat, Facebook eta YouTube bezalako sare sozialek ez dute pornografia espliziturik. Plataformek detektatzen dutenean, ezabatzen saiatzen dira, baina arauak hausteko eta algoritmoak engainatzeko moduak daude beti.

Argazki eta bideo hipersexualizatuez gain, non biluzi integralik ez dagoen baina mutilen eta nesken sexu ezaugarriak begi-bistan geratzen diren, egunero teknika berriak asmatzen dira pornografia erakusteko eta algoritmoak engainatzen saiatzeko pornografia plataformetatik kendu ez dezaten.

TikToken agertu diren azken tekniketako bat da bideoaren gainean forma geometriko huts txiki asko dituen geruza bat sortzea, formek osatzen duten tartearen bidez bideoa ikusteko. Forma geometrikoak beltzetik zurira kolorez azkar aldatzen doaz, eta algoritmoek ez dute atzematen atzean dagoen bideoa pornografikoa dela erabiltzaile askok salatu arte.

Eduki pornografikoa egiten duten sortzaileek ohiko sare sozialen bidez sustatzen dituzte beren plataforma pornoetan dituzten bideoak. Horretarako, gako hitz eta kodeak erabiltzen dituzte, plataformek beren edukiak zentsuratu ez ditzaten. Gako hitz horietako batzuk «Youtube laranja», «Youtube urdina» eta «orrialde urdina» dira. «Youtube laranja» PornHub web orriari dagokio, «Youtube urdina» XXNX web orriari eta «Orri urdina» OnlyFans plataformari.

Bideo horietan, pertsona horiek plataforma pornografikoetan dituzten profiletan bideo berriak argitaratu dituztela esaten dute, eta askotan iruzkinetan webgune horietan duten erabiltzaile izena jartzen dute, nahi duenak Googlen bilatu eta zuzenean iritsi dadin. Pertsona horiek bideo gehiago argitaratzen dituzte bestelako gauzak eginez edo beren bizitza normala erakutsiz, eta jende askori morboa ematen dio ezaguna egiten zaion jendearen bideo pornoak ikusteak. Algoritmoen funtzionamenduaren ondorioz, norbaitek bideo horietakoren bat ikusi edo harekiko interesa agertzen badu, plataformek gauza bera egiten duten pertsonen bideoak etengabe erakutsiko dizkiote.

Sortzaile horiek ohiko sare sozialen profiletan esteka zuhaitzak dituzte. Esteka horietan klik egiten dugunean, menu bat zabaltzen dute esteka gehiagorekin, eta haietan klik eginez hainbat plataformatan dituzten kontuetara eraman gaitzakete: PornHub, Only Fans, zuzeneko sexua erakusteko web kamerak, Telegrameko kanalak, X-n duten kontua... Instagramek nabigatzaile bat barruan duenez, Instagrametik irten gabe esteka horien bidez orrialde horietara sar gaitezke, eta eduki pornografikoa ikus dezakegu.

Horren guztiaren ondorioz, sare sozialetako erabiltzaile askok egunero porno pixka bat ikusten dute. Ez dira sare sozialean sartzen pornoa ikusi nahi dutelakoan, baina sare sozialak berak etengabe proposatzen dizkie horrelako edukiak.

Webgune pornografikoek ere sare sozialetan iragarkiak egiten dituzte eta modu engainagarrian sustatu egiten dira. Sare sozialetan ohikoa da kalean beste pertsona batzuk elkarrizketatzen dituzten pertsonen bideoak ikustea. Itxuraz ez dute elkar ezagutzen eta beti oso gazteak dira. Zenbat irabazten duten eta zertan lan egiten duten galdetzen diete. Erantzunak: diru asko irabazten dutela, bideo pornografikoak sortzen dituztelako. Noski, bideoan ez dute esaten eta ez da idatzita agertzen OnlyFans edo PornHub bezalako guneen publizitatea dela.

Neska eta mutil gazteak engainatzeko modu bat da, pornografia sortuz diru asko irabaz dezaketela pentsatu dezaten eta plataforma horietan edukia doan sortzen has daitezen. Soilik pornografia sortzaileen ehuneko oso txiki batek irabazten du diru kopuru handia.

Ohikoa da, halaber, oinen argazkiak ateraz eta horiek plataforma pornografikoetan argitaratuz diru asko irabazi daitekeela dioten bideoak ikustea, oinak pertsona batzuentzat fetitxe sexuala baitira. Neska gazteak eta dirua behar duten pertsonak horrelako jarduerak dohainik egiten hasteko amua da. Jende askok pentsatzen du segurua dela oinen argazkiak argitaratzea, ez duela arriskurik. Kontua da orri horien barruan daudenean, manipulazio eta engainuen bidez, behin eta berriz bultzatzen dituztela beste mota bateko irudiak eta bideoak argitaratzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.