Heziketa digitala

Sare sozialak uztea erabaki dut

2026ko apirilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hainbat hilabetetan hausnartu ondoren, sare sozialak uztea erabaki dut maila pertsonalean eta lan arloan. Facebook, Instagram, LinkedIn eta TikTok plataformetatik desagertu naiz (aspaldian utzi nuen X, lehen Twitter deitzen zena). WhatsApp eta Youtube erabiltzen jarraituko dut.

Orain arte ez nituen utzi, beste gauza batzuen artean, sare sozial digitalek nire mezua eta lana pertsona gehiagorengana iristen laguntzen zidatela pentsatzen nuelako. Egia esan, ez nuen oso argi hori horrela zen edo ez, zalantzak nituen. Argi neukan gauza bat dela sare sozialetan presentzia izatea, bertan egotea, eta beste gauza bat dela nire mezua entzun behar dutenengana iristea. Sare sozial digitalen bidez nire publikazioak ikusten dituztenak jada kontzientziatuta daude horiek erabiltzeak dakartzan arriskuez. Iritsi nahiko nukeen publikoa ez dago sare sozialetan, edo ez du inoiz nirea bezalako konturik jarraituko, ez zaiolako interesatzen.

Sareak uzteko arrazoi garrantzitsu bat izan da horiek erabiltzen nituen bakoitzean, batez ere argitalpenak sortzen nituen bakoitzean, haien negozio-eredua bultzatzen ari nintzela, eta eredu horrek erabiltzaile guztien osasun mentalean, fisikoan eta emozionalean eragin oso negatiboak dituela, batez ere adingabeengan. Hau da, sare sozialetarako edukia doan sortzen nuenean, plataforma horiek erabiltzaileok sortzen dugun edukian oinarritzen direlako, ohartarazten ari naizen kalte horiek guztiak sortzen laguntzen ari nintzen, pixka bat bada ere. Oso deseroso nengoen horrekin.

Nire hausnarketetan, neure buruari galdetu diot ea sare sozialetan gauzak argitaratzean benetan norbait laguntzen ari naizen, ea norbaitek gehiago ikas dezakeen, norbait horiek erabiltzeak dituen arriskuez kontzientziatzen ari den edo bere bizitza hobetzen ari den. Gero eta argiago daukat ezetz. Sare sozialetan gauzak publikatzean besteek bertan denbora gehiago eman dezaten laguntzen dugu, eta sareetan ezin da ezer ikasi. Informazio asko ikusten dugu, hori bai, eta interesatzen bazaigu agian sareetatik kanpo informazio gehiago bilatu dezakegu zerbait ikasteko, baina sare sozialak gure arreta erakartzeko diseinatuta daude, ikusten dugun edukia esanguratsua izan gabe. Gure sistema linbikoa manipulatuz, egiten duten gauzetako bat da gure alderdi gogoetatsua lokartzea eta gure alde instintiboa aktibatzea. Sare sozial guztiak bideo laburreko formatuan erakusten ari dira haien edukiak. Eta argitalpen edo bideo labur batean ezinezkoa da zerbait sakontasun minimo batekin azaltzea. Esaldi batzuk irakurriz ezin dugu gai baten inguruan iritzi bat osatu. Nire ahaleginak webgunearen blogean artikuluak idaztera, hau bezalako komunikabideetan artikuluak idaztera eta irrati gehiagotan parte hartzera bideratzea erabaki dut, kalitate handiagoko edukia sortzeko eta pertsona gehiagorengana iristeko. Aldi berean WhatsApp-en kanal bat ireki dut nahi duenak ere bertatik jarraitzeko.

Sareak uzteko arrazoi garrantzitsu bat izan da horiek erabiltzen nituen bakoitzean, batez ere argitalpenak sortzen nituen bakoitzean, haien negozio-eredua bultzatzen ari nintzela, eta eredu horrek erabiltzaile guztien osasun mentalean, fisikoan eta emozionalean eragin oso negatiboak dituela, batez ere adingabeengan

Aldi berean konturatu nintzen nik erabiltzen nituenean, nola funtzionatzen duten badakidan arren, nahiz eta lanerako bakarrik erabiltzen nituen, haiek eragiten dituzten ondorio negatiboak pairatzen jarraitzen nuela eta denbora pasatu ahala eraginak geroz eta okerragoak zirela. Algoritmoek bilatzen ez ditugun gauzak erakusten eta proposatzen dizkigute, normalean arreta gehien pizten diguten eduki-motak dira: pertsonen sexualizazioa, desinformazioa, indarkeria edo emozio negatibo biziak sortzen dituzten edukiak. Ez da bakarrik bertan denbora asko galtzen nuela, gainera gaizki sentitzen nintzen.

Beste zalantza bat ere banuen: sare sozialak erabiltzeari uzten banion, ez nuen munduan gertatzen denaren berri izango, eta bereziki, ez nuen nire lan-eremuko berritasunik ezagutuko. Baina konturatu naiz benetan informatuta egon naitekeela interesatzen zaidan eremuan lan egiten duten erakunde edo komunikabideen newslettersera harpidetzen banaiz, edo erakunde eta hedabide espezializatuen bertsio digitalean informazio osoa irakurtzeko ordaintzen badut. Informazio osoagoa eta egiazkoagoa eskuratzen dut, distrakziorik gabe, sare sozialen negozio-ereduan parte hartu gabe eta besteen osasunari kalte egiten lagundu gabe.

Irakurle guztiak gonbidatzen ditut hilabete batez sare sozialak smartphonetatik kentzera. Ez sare sozialak gehiago ez erabiltzera, baizik eta telefonoetatik kentzera eta bakarrik etxeko ordenagailutik sartzera. Horrek sare sozialak askoz gutxiago erabiltzea eragingo du eta gehiegi erabiltzeak zer-nolako eraginak dituen nabarituko dute. Gero, horren arabera erabaki dezakete gehiago ez erabiltzea, bakarrik etxetik sartzen erabiltzen jarraitzea edo berriro telefonoetan jartzea. Eta norbaitek nahi badu, aurrerapauso bat eman dezake, negozio eredu kriminal hori elikatzen utzi dezake eta sare sozialak behin betiko utzi ditzake. Komunikabideei ere helarazten diet sare sozialak uzteko hausnarketa hau eta haien lana doan eskaintzen jarraitzeari uztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA