Duela aste batzuk piztu zen sua. Txinparta bat, kalera ateratzeko pizgarri bat, eta bat-batean, kanpaldiak, etxebizitzaren aldeko manifestazioak, elkarretaratzeak... Hilabete pasatu da etxebizitzaren gaiak erdigunea hartu duenetik. Esan dezakegu oraingoan baietz, herriak eta bereziki gazteek astindu dituztela gizartea, politika, instituzioak... Baina nondik dator su hau? Oraingoan, etxebizitzaren arazoak kaleak hartu ditu. Baina Euskal Herrian hau ez da azken hilabetean sortutako arazoa, ezta hauteskunde kanpaina batek mahai gainean jarritako gai hutsa ere. Urteak daramatzagu emantzipatzeko ezintasunaren, lan prekaritatearen eta alokairuen prezioen artean gure bizi proiektuak eraiki nahian. Bide berean, kaleak hartzen, antolatzen eta gure bizi baldintzen alde borrokatzen. Gure herrian, borroka eta militantzia ez dira salbuespena, gure historiaren eta gaur egungo errealitatearen parte baizik.
Aipatutakoaren bide beretik, azaroaren 11ko greba orokorrak aukera ematen digu Euskal Herrian bertan gure errealitate politiko, sozial eta ekonomiko propioei erantzun bat emateko, eta hori guztia Euskal Herritik Euskal Herrira begira egiteko.
Hortaz, bai; Euskal Herriko egoera propioak erantzun propioak behar ditu. Etxebizitzaren krisiak gure herrian duen eragina agerikoa da. Horren erakusgarri dira, besteak beste, Bilbo, Donostia eta Gasteiz merkatu tentsionatuko eremu izendatu izana, Nafarroako 21 udalerrik ere izendapen bera jaso izana eta Hego Euskal Herri osoa izendatzeko proposamenak egin izana. Gainera, baditugu etxebizitza politiketan erantzukizunak dituzten instituzio propioak, eta horiei ere neurri eta politika zehatzak exijitu behar dizkiegu. Horregatik, azaroaren 11ko greba orokorra Euskal Herritik eta Euskal Herrirako egingo da: gure beharretatik abiatuta, gure bizi baldintzak eraldatzeko eta erabakiak herriaren zerbitzura jartzeko.
Euskal Herrian etxebizitza politikak gure herriaren baldintza eta beharretatik abiatuta diseinatu behar ditugu, etxebizitza duinerako sarbidea politika publikoen erdigunean kokatuz eta oinarrizko eskubide gisa bermatuz
Gainera, esan dezakegu arazoaren erroak identifikatuta ditugula, eta horri aurre egiteko antolakuntza eta borrokarako tresnak garatu ditugula, esaterako, LAB sindikatuak hainbat herri eta auzotan maizterrekin batera bultzatutako borrokak eta antolakuntza prozesuak. Iruñerriko TESTA putre funtsaren kasua da horietako bat: 507 maizter etxegabetzeko arriskuaren harira, LABek ekintza sindikalaren bidez maizterrak antolatzen eta haien eskubideen aldeko borroka sustatzen lagundu du.
Bistan denez, Euskal Herrian etxebizitza politikak gure herriaren baldintza eta beharretatik abiatuta diseinatu behar ditugu, etxebizitza duinerako sarbidea politika publikoen erdigunean kokatuz eta oinarrizko eskubide gisa bermatuz. Horretarako, ezinbestekoa dugu burujabetzan sakontzea, gure errealitateari erantzungo dioten erabakiak hartzeko gaitasuna eskuratu eta politika horiek norabide sozialistan garatzeko. Azken batean, etxebizitzak negozio eta espekulaziorako tresna izateari utz diezaion lortu, eta herritarren beharrak asetzeko bitarteko bihurtu behar dugu. Horretarako, ez da nahikoa egungo politikak moldatzea: etxebizitza ulertzeko eta antolatzeko modua bera eraldatu behar dugu.
Horrenbestez, etxebizitzak negozio izateari uztea eta hura eskubide izatea nahi badugu, egiturazko aldaketak behar ditugu, eta nola ez, gure herritik gure herriarendako bultzatutako egiturazko aldaketak; gure bizi baldintzak eraldatzeko, gure herriaren beharrei erantzungo dieten politika propioak.
Beraz, sua piztea ez da nahikoa. Guk Euskal Herritik Euskal Herrirako baldintzak sortzen jarraituko dugu, eguneroko lanean eta baita kaleak hartuz ere, hamarkadetan zehar egiten ari garen bezala. Guk, Euskal Herriko gazteok, argi dugu: behar bada, su txikian ibiliko gara gure eskubideen alde borrokatzen, su txikian jarraituko dugu herria eraikitzen.