Albaitaria

Supremazistek beti 'win-win'

2025eko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen (euskaldunon) aurkako oldarraldiak ertz ugari ditu; horietako bat fronte mediatikoa da, Vocento taldea buru eta PSOE-CCOO-UGTko kide ezagunak ekintzaile nagusi. Sarri eskaintzen digute idatziren bat, barnera dezagun Euskal Herriko hizkuntza ofizialetatik zein diren ezinbesteko eta zein bazterreko. Dena esatera, eragile euskaltzale gehienen isiltasuna dute lagun, eta horrela lortzen dute erdal ideologia supremazista hedatzea, gizartea bustiz eta euren aldera eramanez, zenbait euskaldun tartean.

Abiapuntua beti izaten da egungo egoera soziolinguistikoa, euskararen eta euskaldunon menpekotasuna eta urritzea zerk eta nork eragin duen ahaztuta, aditzera emanez hau dela berezko egoera eta egun arteko zapalkuntza, jazarpena edota debekuak isilduz.

Jende hauek win-win ereduaz ari direlarik, soilik eurak garaile irtetea dute buruan. Adibidez, El Correo Español-en abuztuaren 7an Arana jaunak aipatzen duen «elebitasun eredu bitxia» ere euren alde eraiki dute: euskaldunak gazteleraz jakitera derrigortuta gaude, baina gazteleradunek ez dute euskaraz jakin beharrik.

Elebitasun menperatzailea da inposatu digutena, eta ez «bitxia»: eurek win-irabazi, baina geu bend-makurtu. Aranak idatzian dio EAE orain elebidunagoa dela «ibilbide demokratikoari» ekin genionean baino. «Demokratikoa» asko esatea da, Espainiak eta Frantziak besteren artean hizkuntz eskubideak ere ukatu edo mugatzen dizkigutelarik, baina gainera ahaztu egiten du Euskal Herria egun baino askoz euskaldunagoa izan dela antzinarotik XX. mendera arte, eta euskal herritarrak euskaldun elebakarrak zirela gehienak, espainol eta frantsesei baimena eskatzeke.

Elebitasun «bitxi» hau euskara ordezkatu eta gaztelera nahiz frantsesa inposatzeko asmatutako tresna bat baizik ez da. Alabaina, erdal nagusitasunaren defendatzaile hauek ez zuten espero euskararen berreskurapen zantzurik edota D ereduaren arrakastarik, eta deseroso, gure hizkuntzaren hedapena mugatu nahi dute, «kontsentsu» desorekatuetara itzuli. Euskaldunen erkidegoaren berreskurapena «demokrata» hauen «elkarbizitza» ereduaren aurka doa. Hala ere, badirudi arnasguneetan euskara nagusi izaten jarrai dezan saiakerak egiteko baimena emango liguketela «(Espainiako) Konstituzioa gainditu barik», betiere, eta ohartaraziz ezin direla arnasguneetarako balizko euskararen aldeko neurriak eremu erdaldunduetara ekarri «egun gertatu bezala» (?). Bestela esanda, arnasguneetan (bertan) euskaldunen hizkuntz eskubideak berma daitezke, baina euskara ordezkatuta izan den herri eta hirietan ez; Ataungo euskaldunari bai, baina Irungoari edo Bilbokoari ez! Supremazismoarentzat lanpostu publiko guztietan espainiera exijitzea, aipatzea ere merezi ez duen gertakari naturala da, baina euskara (maila jakin doituetan bada ere) eskatzea «elkarbizitzaren aurkako operazio ankerra» litzateke, erdal erkidegoaren «bazterketa»… balorea behar da! Oldarraldia —«acometida»— deitzen diote euskaldunon hizkuntz eskubideak sikiera erakunde publikoetan bermatu nahi izateari; izan ere, erdal hiztun elebakarren nagusitasun inposatua nonahi bermatzeaz ari direlako. Zeren eta «euskal» administrazioan lan egiteko espainola, fisika, kimika, telekomunikazioak edo soziologia exijitu baitaitezke, baina, hara non, euskara soilik ugazabek esaten duten lanpostuetan, mailan eta proportzioan.

Bada garaia eragile euskaltzaleek ideologia supremazistari aurre egin diezaiogun, ezta?

Euskal gizarte justuago baten alde, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.