Euskaltzalea

Teranga

2026ko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urte batzuk Senegalera joateko aukera izan nuen bertako lagun batzuekin. Euskal Herrian egoera irregularrean urte luzez bizitzen egon ondoren, etxera bueltako lehen bidaian beraiekin joateko oparia izan nuen. Bertako wolof hizkuntzan badago hitz bat, teranga, abegikortasuna eta babesa adierazten dituena, besteari baldintzarik gabe ateak zabaltzeko gaitasuna, harrera. Senegal teranga herria da. Hori da, hain zuzen, han bizi nuena eta hemen faltan botatzen dudana. Harrera Herria izan nahi dugu, baina oztopoz betetzen diegu bidea etorri berriei: errolda zailtasunak, lan baimen burokratikoak, etengabeko ziurgabetasun administratiboa, jazarpena, arrazakeria…

Faxismoak eta bere bulo makineriak behin eta berriz errepikatzen digu etorkinak mehatxu bat direla, lana kentzen digutela, abusatzen dutela gure sistema sozialaz. Gezurra da. Datuak hor daude, eta argi mintzo dira. EAEn 2025 amaierako Lanbideko datuak: 104.372 lagun atzerritar Gizarte Segurantzan afiliatuak (+%6,89 urtebetean). Horietatik 16.705 autonomo gisa lanean. Lan merkatuaren zutabe dira ostalaritzan (%18,18), etxeko langintzan (%11,73), merkataritzan (%11,61) eta industrian (%11,26). Eraikuntzan, landa eremuetan, langile atzerritarrek belaunaldi erreleboa ematen dute, bertan jaiotakoek ez dugu lan gogorretan enplegurik nahi.

Baina haien ekarpena ez da datu ekonomiko hutsetan neurtzen. Auzoetako dendak, jatetxeak, fruta dendak... gure herrien plazei bizia ematen diotenak askotan etorkin autonomoenak dira; baina, horrez gain, mundua ikusteko beste modu bat dakarte, eta horrek kulturaz, hizkuntzaz eta harremanez aberasten gaitu. Ezin gara jasotzaile pasibo soilak izan; auzokidetza horretan elkarrengandik ikasi behar dugu, elkartasuna sustatu, gure komunitateak sendoago eta bizigarriago egiten dira batak besteari erakutsiz, elkar ikasiz.

Eta horrela ez balitz ere, eskubide guztien jabe izateko eskubidea dute, bertan jaiotako edozein bezain duinak direlako.

Auzoetako dendak, jatetxeak, fruta dendak... gure herrien plazei bizia ematen diotenak askotan etorkin autonomoenak dira; horrez gain, mundua ikusteko beste modu bat dakarte, eta horrek kulturaz, hizkuntzaz eta harremanez aberasten gaitu

Frantz Fanonek ohartarazi zuen: kolonizatutako gizakia, sistema kolonialaren begietan, sekula ez dela osoki gizaki bihurtzen, beti zalantzan jartzen baitute haren burujabetza. Gaur egungo burokratizazioak eta aurreiritziek etorritako horien bizitza osoa jartzen dute etengabeko ezbaian. Baina guk, harrera herri gisa, begirada hori irauli behar dugu.

Erroldatzeko eskubidea unibertsala balitz, eta lan eta bizileku baimena automatikoa balitz, burokraziak ez baligu oztoporik jarriko elkar ezagutzeko eta elkarrekin bizitzeko, eskola eta formakuntza antirrazistak bagenitu, etxetik hasitako hezkuntza abegikorra bagenu… Egoera administratiboaren normalizazioa ez da mesede bat; aukera bat da. Aukera bat gure gizartea benetan irekitzeko, ukatutako herri bat, hizkuntza gutxitu bat, baina munduari begira, gurea defendituz, denona indartuz. Terangatik ikasiz, ez da hitz hutsa, elkarrengandik ikastea eguneroko egin behar dugu.

Izan gaitezen Harrera Herria, ekintzez. Elkarrekin aberastea ez da amets utopikoa; biziraupenerako erabaki politikoa da. Europatik haize xenofoboak jotzen duen honetan, Kantauriko herri honetan harreraren eta elkartasunaren aldeko apustua egiteko garaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA