Xabier Makazaga.
Estatu terrorismoaren ikertzailea

Tortura oso eraginkorra da

2025eko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxe miaketa baten ostean Guardia Zibilak ahaztua utzi zuen barne txosten bati esker frogatu ahal izan zen inkomunikaturiko euskal militanteei legez kanpoko galdeketak egiten zizkietela. Legearen arabera, atxilotuak deklaratu nahi badu, instruktore, idazkari eta inkomunikazio kasuetan ofiziozkoa den abokatu baten aurrean egin behar du. Beste edozein galdeketa legez kanpokoa da. Beti.

Legez kanpoko galdeketa horien helburua zein den ere garbi asko geratu zen. Guardia zibilaren barne txosten hartan ezin argiago jasota baitzegoen helburua: «Akusazio judizialak berreste aldera, adierazpenak lortzea»; hau da, autoinkulpazio zein aitorpenak lortzea.

Abokaturik gabeko galdeketak hain izan dira betidanik ohikoak, Euskal Gobernuko Barne Kontseilari zen Juan Mari Atutxari behin ihes egin baitzion Ertzaintzak abokaturik gabeko galdeketak egiten zituela: «Jakina da, komando kide bat atxilotzen dugunean, ez zaiola lehen-lehenik komisarian afaltzera gonbidatzen. Jakina ezetz, baina bere eskubideak irakurtzen zaizkio eta galdekatzen hasi». Bada, abokaturik gabeko galdeketak, nahiz eta hain ohikoak izan, beti dira legez kanpokoak. Beti.

Legez kanpoko galdeketa horien helburua torturatuari ofiziozko abokatu baten aurrean egingo dioten legezko galdeketan egin beharko dituen aitorpenak prestatzea izan ohi da. Eta horri uko egiten badio, edo aldez aurretik prestatukoari hitzez hitz jarraitzen ez badio, badaki zer izango duen zain: inkomunikazioa berriro, infernua berriro.

Inkomunikazioa, nahiz eta torturarik ez izan tarteko, berez da tratu txar mota bat. Autoinkulpazioak lortzeko pentsatua dago. Hala erakusten du Interneten aurki daitekeen doktore tesi bikain batek, Les gardes à vue dérogatoires. Bertan, frantziar kasuan inkomunikazioa aztertu ondoren, argi uzten du Aljeriako Gerrako esperientzia torturatzailean oinarri duen metodoa dela.

Norbaiti aitorrarazi nahi zaionean, bere erresistentzia fisiko eta psikologikoa apurtzeko erabiltzen da inkomunikazioa. Horregatik, «erresistentzia hori gainditzea helburu duen legeztaturiko tortura gisa aztertu ahal da». Egia da, hori bai, inkomunikazio soilak, behintzat frantziar estatuan atxiloturiko euskal militanteen kasuan, eraginkortasun oso eskasa erakutsi izan duela. Militante gehientsuenek uko egiten diote deklaratzeari.

Aldiz, espainiar estatuan atxiloturiko gehienek «zehatz-mehatz» kontatu dute dena. Zergatik alde ikaragarri hori? Torturarengatik, jakina. Inkomunikazioari tortura gehitzen zaionean eraginkortasunak izugarri egiten baitu gora.

Horregatik ematen diote erabateko onespena espainiar agintariek halako metodoei. Torturaren errealitate gordina zeharo ezkutatzen duten komunikabide handien erabateko konplizitatearekin eman ere. Epaileek, berriz, bereziki Audientzia Nazionalekoek, tortura bidez erauzitako autoinkulpazio faltsuetan oinarrituriko kondena sinestezinak ezarri dituzte, lotsagabe esanez kondena jasotakoen «adierazpen askeetan» zutela oinarri.

Torturari eraginkortasun ikaragarria atera diote, bai. Horregatik jarraitu dute hainbeste hamarkadatan tortura erabiltzen. Gezurrezko aitorpen iturri delako, aditu askok eraginkortasuna ukatzen badiote ere, tamalez gezurrezko informazio horiek kasu gehienetan agintariei egiazkoak bezain baliagarri baitzaizkie, edo are baliagarriago.

Hala frogatzen du Ibn al-Shaykh al-Libiren kasu ezagunak. Tortura bortitzen bidez aitorrarazi baitzioten Sadam Husseinek arma kimiko eta biologikoen erabileran trebatu zituela Al-Qaedako kideak. Aitorpen hura izan zen Irak inbaditzeko erabilitako argudiorik garrantzitsuenetakoa.

Gerora, zeharo argi geratu zen gezur hutsa zela. Torturaren eraginkortasunik eza defendatzen dutenek oso maiz erabili dute kasua haien tesia frogatze aldera, baina egiazki torturak ederki asko funtzionatu zuen Bush eta konpainiak gerrari ekiteko behar zuten froga faltsua lortzeko. Nabaria baita ez zutela sinesten Sadam Husseinek suntsipen handiko armak edota Al-Qaedarekin harreman estuak zituenik.

Espainiar torturatzaileak ere zeharo trebeak dira agintariei oso baliagarriak zaizkien gezurrezko aitorpenak lortzen. Hala izanik, ulertezina iruditzen zait batzuen tema torturari eraginkortasuna ukatzeko orduan, horrek ez baitio uzten jendeari argi ikusten zein den arazoaren gakoa. Eraginkortasuna da gakoa. Hain baliagarria zaielako darabilte agintariek tortura.

Maiz errepikatzen badute ere helburuak ezin ditzakeela inolaz ere bitartekoak justifikatu, torturarekin ederki asko erakusten dute guztiz kontrakoa. Emaitza azkarrak lortzearren zernahi onartzen baitiote segurtasun indarrei eta bereziki Guardia Zibilari.

Beraz, nabarmena da zein den halako metodoak baztertzera behartuko dituen arrazoi indartsuena. Hain indartsua ezen ia bakarra den: tortura metodo horiek eragindako kostua gehiegizkoa izatea onuren aldean. Eta horregatik gure ahalegina kostu hori ahalik eta handiena egitera bideratu behar dugu.

Denok lagun dezakegu horretan. Hasteko, oso argi utziaz torturaren eraginkortasuna dela hain zaila egiten duena bere kontrako borroka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.