Torturaren ukatzaile gezurtiak

Xabier Makazaga.
2023ko urriaren 30a
15:54
Entzun

Buesa fundazioak antolaturiko jardunaldi batzuetan, Juan Luis Ibarra Roblesek begi bistan utzi du euskarafoboa dela. Gogor ekin baitio euskaldunen hizkuntza eskubideak murrizteko azken epaiak kritikatu dituztenen aurka. Esan du kritika horiek «ENAMek [epaileei] zilegitasuna kentzeko eginiko kanpainen oihartzuna» dutela, nabarmenduz kanpaina haiek «sufrimendua sozializatzeko estrategiaren barruan» egin zirela.

Era berean, Kontseiluak deituriko protestak ere deitoratu ditu. Hala nola, uztailaren 13an hainbat herritako alkateek Auzitegi Nagusiak Bilbon duen egoitzan egindako protesta bilkura. Hori ere gogor kritikatu zuen, adieraziz «indarkeria politikoaren kulturak» epaileen aurka zabalduriko diskurtsoaren «oihartzuna» entzun zuela protesta hartan.

Hainbat jende harritu egin da, Ibarra Roblesen hitzak ezin sinetsiz. Halako euskarafobiarik ez baitzuten nonbait espero. Ni neu, ordea, ez naiz batere harritu, ezagutzen bainuen jada nola jokatu zuen torturaren gaiari dagokionez.

Juan Luis Ibarra Justizia eta Barne Ministerioan zuzendari nagusi zela, 1995ean, Espainiar Gobernuak Torturaren Prebentziorako Batzordeari (CPT) emandako erantzuna idazteko ardura izan zuen. Europako Kontseiluko erakunde ospetsua da CPT, eta, 1991n Espainiara egin zuen lehen bisitaz geroztik, inkomunikaturiko atxilotuen kasuan, hainbat prebentzio-neurri ezartzeko eskatu zien behin eta berriro espainiar agintariei.

Neurri haien artean, betetzen errazena inkomunikatuta zegoen atxilotuaren senide bati zaintza-lekua jakinaraztea zen. Eta Ibarrak ezin zuenez esplikatu, atxiloketaren berria ezaguna izan ondoren, zergatik ez zuten esaten atxilotua non zegoen, gezurrari lotu zitzaion, lotsagabe. Honako hau erantzun zuen: «Ohiko praktika da atxiloketaren berri ematea senitartekoei, bai eta atxilotua non dagoen jakinaraztea ere». Gezur hutsa.

Halaber, beste gezur handi hau ere idatzi zuen: «Neurri legal hori [zaintza-lekua senideei ez jakinaraztekoa], ez da ia erabiltzen; izan ere, neurri horren xedea indargabetu egiten baita zenbait komunikabidek atxilotutako pertsonen nortasuna ezagutarazten dutenean». Egia zen atxilotuen nortasuna ia beti oso azkar ezagutzen zela, baina gezur galanta neurri hori ia erabiltzen ez zela.

CPTri emandako erantzun idatzi hartan, Ibarra Roblesek agindu zuen prebentzio-neurri hori «komunikaziorik gabeko atxiloketa bat publikoki ezaguna izan bezain laster» aplikatuko zela. Espainiar Gobernuak CPTri egindako beste hainbat promesa bezala, hura ere ez zuen batere bete.

Espainiar epaileek torturatuen gain jarri izan dute beti frogaren zama guztia, nahiz eta ederki dakiten inkomunikazioak ia beti guztiz ezinezko egiten diela frogatzea zer gertatu zaien, eta hori behingoz konpondu beharreko injustizia itzela da. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landak aspaldi proposatu zuenari behingoz kasu eginez. Tortura eta tratu txarrak salatu dituztenei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jarriz.

Hauek izan ziren Landaren hitzak: «Estatuak bere burua eraginkortasunez babesten duenez, bere jarduera kriminala konpentsatzeko beharrezkoa da, frogaren zamari dagokionez, inbertsio eraginkor bat ematea». Alegia, Estatuaren ezaugarriak kontuan hartuz, Estatuak berak egin behar diola aurre frogaren zamari eta ez haren biktimek.
Jon Mirena Landak proposaturiko soluzioa izan zen «egiaren bilaketarako mekanismo proaktibo bat sortzea», azken hamarkada hauetan Euskal Herrian gertaturiko giza eskubideen urraketa guztiak argitzen saiatzeko, eta zer esanik ez torturarekin gertatua ikertzea izan beharko lukeela mekanismo horren zereginetako bat.

Pako Etxeberriak gidatuta, Eusko Jaurlaritzarentzat egindako ikerketa pausu garrantzitsua izan zen zentzu horretan. Izan ere, frogaren zama tortura salatu dutenen gain jarri arren, oso modu egokian egin baitzuten, haien sinesgarritasuna Istanbuleko Protokoloaren bidez neurtuz. Hori bai, torturatuak izan direla salatu dutenen sinesgarritasuna neurtu ondoren, guztiz beharrezkoa da tortura ukatzen dutenena ere neurtzea.

Horregatik da hain garrantzitsua exijitzea lehenbailehen osa dadin Jon Mirena Landak proposaturiko egia bilatzeko mekanismo proaktibo hori, torturaren ukazioa iker dezan eta milaka herritarrek behingoz jaso dezaten hain beharrezkoa duten egia, justizia eta erreparazioa, inoiz berriro halakorik gertatuko ez zaienaren bermearekin.

Hasteko, iker beza Juan Luis Ibarra Roblesek 1995ean CPTri eman zion idatzizko erantzuna eta bertan erabili zituen gezur guztiak. Tortura ukatzen dutenen artean, Ibarra Roblesek ohorezko lekua merezi baitu. Euskarafoboen artean ere bai. Torturaren biktimei ez ezik euskarari ere sekulako mespretxua baitio.

Juan Luis Ibarra Estatuko goi-mailetan egondako torturaren ukatzaile nabarmena izan da. Horregatik ez nau batere harritu bera izatea, hain zuzen, euskararen erabilera hirugarren mailako hizkuntza batera murriztuz kaltetzen duten erabaki judizialei egindako kritiken kontra hain gogor egin duena. Horra hor torturaren ukatzaile gezurti bat, haren biktimak beti hirugarren mailakotzat hartu dituena eta Estatuko biktimekiko beti izan duen mespretxu bera euskararekiko erakutsi duena.

Azkenean, bere benetako aurpegia erakutsi du. Ez ditu soilik torturaren biktimak mespretxatzen. Euskararen erabilera kaltetzen duten zenbait epaien aurrean haserre handia agertu dutenak ere mespretxatzen ditu. Torturaren biktimak eta euskara hirugarren kategoriako biktimatzat baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.