Gazte Koordinakunde Sozialistako kidea

Trumpen mozorroa eta mozorrotutako Trump

Danel Errazu
2026ko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

San Sebastian eguna pasatuta, gero eta gertuago ditugu inauteriak, eta mozorro original bat erabakitzeko presioa handituz joan ohi da. Aurten ere azken momenturako utzitako gaiari heldu eta eztabaida piztu da kuadrillan, guztion gustukoa izango den taldeko mozorro bat aurkitu nahian. Ez ditugu ideia asko izan: musika talderen bat, pertsonaia historikoak eta telesailetako pertsonaiak. Halakoan, aurreko urtean lagun bat Trumpez mozorrotu zela gogoratuta, Maduroz, Delta Force taldez eta Trumpez beraz mozorrotzea bururatu zaio bati. Inauteriek beti izaten dute txantxetarako, satirarako eta aldarrikapen edo salaketarako espazioa, eta proposamenari buelta batzuk ematen hasi gara. Rolak banatzerakoan, ordea, planteamenduak hutsune potolo bat duela jabetu gara: aurtengoan inork ez du Trumpez jantzi nahi.

Zer gertatu da urtebetean sentipen orokor hori horrela aldatu dadin? Zergatik da zailagoa Trumpen irudia karikaturizatzea eta satiraz distantziatik barre egitea? Zergatik bihurtu da deserosoa Trumpez janztea? Urtebete eskas igaro da 2025eko urtarrilaren 20an Trumpek berriro boterea hartu zuenetik, Muskek keinu faxista hura egin zuen hartan. Baina urte hau ez da edonolakoa izan. Leninek zioen badirela ezer gertatzen ez den hamarkadak eta hamarkadak igarotzen diren asteak. Bada, aste horietako batzuk izan ditugu ordutik. Denbora horretan, barne politikan Trumpek bere botere exekutiboa kontrolatzeko estatu mekanismoak ahuldu ditu; segurtasunaren diskurtsoaren bitartez kanpotarrak kriminalizatu eta kanporatzeko indar parapolizial terrorista bat elikatu du. Atzerri politikan, berriz, gerra areagotu eta bloke inperialisten logika azaleratu du, diskurtso belizista normalizatuz. Eraso inperialista bortitzak burutu ditu gainera, eta genozidio batekin elkarlanean dirau.

Baina joera hori ez da AEBetako berezitasuna izan. Europako estatuak ere forma autoritarioagoak hartzen ari dira austeritatean sakondu eta berrarmatzea aurrera eraman bitartean. Arrazakeria eta nazionalismoa indartzearekin batera, talde faxista berriak sortzeko zorua prestatu dute. Erreakzioaren gorakada horren adierazleak Euskal Herrian ere ikusi ditugu: Falange Española eta Vito Quilesen agerraldietatik hasi eta Lo que no te cuentan de Donosti gisako ekimenetaraino, edo ustez euskararen defentsan immigrazioaren aurkako diskurtsoa zabaltzen duten sare sozialetako kontuetaraino. Trumpengan, ordea, ez da funtsean ezer askorik aldatu tarte honetan. Aldatu dena distantzia da, eta baita gure ikuskera ere. Lehen anomalia gisa ikusten genuena —gehiegikeria, salbuespena— gaur joera orokor baten adierazpen gordin eta lotsagabe gisa ikusten dugu. Trump ez da Mendebaldeko estatuetan gertatzen ari denaren salbuespena; horren aurpegirik agerikoena baizik: estatuen biraketa autoritarioarena eta faxismoaren gorakadarena.

Trumpen mozorroarena, beraz, ez da umore kontu soil bat. Deserosotasun horrek azalpen sakonagoa du: faxismoa ez delako jada urrutiko edo aspaldiko munstro karikaturizagarri bat, estatuen eta oligarkiaren konplizitatearekin gure egunerokoan txertatzen ari den errealitate bat baizik. Horrek sortzen duen kezka alderdi politiko nagusien eta instituzioen erantzun eraginkorren faltarekin batera ulertu behar da. Izan ere, ezker instituzionalak ez dio autoritarismoaren gorakadari aurre egin; kontrara, erreakzioan sakondu du: migratzaileak bigarren mailako subjektu gisa onartuz edo gastu militarra onartuz eta normalizatuz, besteak beste.

Horren aurrean, ez dago erdibide eroso edo anbiguorik. Faxismoaren eta estatuen biraketa autoritarioaren aurrean erantzun bakarra dago: klase batasuna gorpuztea. Independentzia politikotik antolatutako erantzun bat, estatu kapitalistaren logikari aurre egingo diona eta alternatiba faltsuak zalantzan jarriko dituena. Horregatik, U-31rako faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka deitutako manifestazioek behar politiko bati erantzuten diote, Trumpen programa bera —mozorrotuta edo mozorro gabe— hemen ere ezarri nahi duten horiei hortzak erakutsi diezazkiegun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA