1975. Gasteiz. Gau-eskolatik irten aurreko protokoloa: kalera atera baino lehen, begiratu ezkerretara. Eskuinetara gero. Libre. Aurrera. Zuzenean etxera. Hamar minutu oinez. Neurri guztiak gutxi ziren Poliziaren atzaparretatik libratzeko. Orduan euskara ikastea susmagarria zen oso. Horrela hasi ginen gazte ugari euskara ikasten, duela bost hamarkada. 16 urte nituen.
Orduko Gasteiz erdaldun hura irudikatzean sarritan erabili den karikatura —apaiz-moja eta militarrez jositako abarkadun herrixka gris eta kontserbadorea— ez da zuzena. Ezezagutzatik marraztutako brotxa lodiko mihise gipuzkoarra da. Denetik zegoen orduan. Eta orain. Orduan ere konspirazioak bazeukan tokirik. Bazuen hazia. Eta orduko hazitik sortu da gaurko lorea.
1975eko Gasteiz klandestino hartan, talde txiki asko lehertzear zeuden. Su txiki ugari. Denean zeuden eta borborka. Isilpeko bileretan antolatzen ziren, itzal-argitan, eskoletan, lantokietan, euskara ikasteko, euskal dantzak praktikatzeko, langileen batzarrak antolatzeko, amnistia eskatzeko, kantaldiak eratzeko. Bestelako gizartea zuten amets. Oso talde heterogeneoak ziren. Ideia oso desberdinak zituzten, baina zerbaitek batzen zituen: Francoren erregimenari zioten gorrotoa. Ilegalak ginen. Legala zen bakarra errepresioa zen: atxiloketak, torturak eta kartzela.
Ez dugu tranparik egingo. ETA ere bazegoen, noski, baita etakideak ere. Eta atentatuak edo ekintzak. Eta hildakoak, alde batekoak zein bestekoak. 1975eko Gasteiz hartan heriotza batzuek inpaktu handia izan zuten. Maiatzaren 15eko egunsentian, Guardia Zibilak Jesus Mari Markiegi Aiastui (Motriko) etakidea hil zuen Gernikan. 40 tiroz josi zioten gorpua. Berarekin batera Guardia Zibilak Motri-ri beren baserrian babesa ematen zion bikotea ere hil zuen —Iñaki Garai eta Blanca Salegi—. Epaiketaz kanpoko exekuzioak izan ziren. Senideek justizia eskatzen segitzen dute gaur. 2025ean, 50 urte geroago. Jesus Mari Markiegi Arrasaten jaio bazen ere, txikitatik Gasteizen bizi zen. 20 urte baino ez zituen arren, oso ezaguna zen Gasteizko giro euskaltzaleetan. Berea zen garai hartan Gontzal Mendibil eta Xabier Castillo Xeberri-k abesten zuten Kapitalismoak kantaren letra. Konspiratzaileen afari ostekoetan abesten genuen himno antikapitalista.
Giro hartan etorri ziren irailaren 27ko exekuzioak, Francoren erregimenak emandako azken zartako odoltsua. Gasteizen ere, oihartzun handia izan zuten fusilamendu haiek: manifestazioak, grebak, kargak eta atxiloketak izan ziren. Batetik bestera korrikaldiak, ke-poteak, oihuak, barrikadak… Hiria hankaz gora jarri zen.
Alonsoren Gogora
Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonsok ez du diktadura zuzenean bizi izan, 1976an jaio baitzen, Oñatin. Hala ere, Gasteiz ongi ezagutzen du, baita bertoko langile-giroa ere. Izan ere, Gasteizko Michelin lantokian UGTko arduraduna izan baita hamabost urtez harik eta, 2016an, Idoia Mendiak Osalaneko zuzendari bezala fitxatu zuen arte. 16 urte zituela afiliatu zen UGTn.
Harrabots dezente piztu dute udara honetan Alberto Alonsok, Gogora-ko zuzendari bezala, egindako adierazpenek. Irailaren 27ko fusilamenduen harira, hauxe esan du: Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETA politiko-militarreko kideek «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zuten, eta, beraz, ez dira «demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean sartu behar». Harridura eta mina piztu dituzte hitz horiek, kontuan izanda Eusko Jaurlaritzak berak 2012az geroztik Txiki eta Otaegi ofizialki «giza eskubideen urraketen biktima» bezala onartu zituela, Iñigo Urkullu lehendakari ohiak Gogora-ko zuzendariari gogorarazi dion bezala.
Edozein fenomeno politiko edo armatu epaitzean, testuingurua aintzat hartzea ezinbestekoa da. Kontua ez da justifikatzea edo gaitzestea, fenomenoa ulertzea baizik
Alonso, formazioz historiagilea da. Politikara jauzi egin eta gero, prentsan egin zioten lehenengo elkarrizketan artxibategietara jotzeko zuen grina azpimarratzen zuen. Bere alderdiko fundazioak duen artxibategi digitala (fpabloiglesias.es) ez du behintzat kontsultatu. Izan ere, webgune horretara jo izan balu, topatuko zuen El Socialista —hots, PSOEren organo ofiziala— kazetaren artxibo osoa, baita 1975eko lehen hamabostaldian kaleratutako alea ere. Bertan, Gara-k (abuztuaren 18an) argitaratu duenez, PSOEk Francok burututako fusilamenduak «terrorismo ofizial» bezala kalifikatzen zituen. Eta fusilatuak, honela: «Gobernu zahar okituak eraildako bost gazteak». PSOEren arabera, fusilatuen helburu politikoa hauxe zen: «Espainiarentzat beste etorkizun bat nahi dute, etorkizun libre, demokratiko eta justua». ETAko eta FRAPeko bost gazteez ari da. Alfonso Gerrak zuzentzen zuen orduan alderdia. PSOEren esana da hori, idatziz jasoa, 1975ean.
Edozein fenomeno politiko edo armatua epaitzean, testuingurua aintzat hartzea ezinbestekoa da. Kontua ez da justifikatzea edo gaitzestea, fenomenoa ulertzea baizik. Zergatik sortu da fenomeno hau? Zein da bere helburua? Zein bitarteko erabiltzen ditu? Bistan da Euskal Herriak ETArekiko izan duen atxikimendua aldatuz joan dela historian zehar, gehiagotik gutxiagora joan zela, besteak beste bere ekintzak gero eta ulergaitzagoak egin zirelako. Horregatik ezin da —azterketa onesta egin nahi bada— 1975eko ETAren jarduera epaitu 2025eko begiak erabiliz.
Hamarnaka dira ETA-pm erakundean hasi eta PSE-EE alderdian ardura handiko erantzukizunak izan dituzten militanteak. Ez ditut hemen izenak aipatuko inoren memoria ez mintzeko. Denok ditugu gogoan. Horiek ere terroristak al ziren? Horiek ere «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zituzten beren proiektu politikoa inposatzeko?
Oroimenaren tolesturak, maiz, korapilatuak dira. Ez dira lerro zuzenean idazten. Mendiak eta haranak dituzte. Bertan batzen dira erreka lehorrak eta urez gainezka datozen ibaiak. Historia zurien eta beltzen klabean interpretatzea ez da zuzena. Gertuko zirkuluak kontent ditzake, baina ez dio batere ekarpenik egiten inklusiboa izan nahi duen memoriaren eraikuntzari. Memoriaren eta Gogora institutuaren onerako, Alberto Alonsok Michelinen zuen lanpostura itzuli beharko luke. Lehenbailehen hobe.