Aurtengo udazkena ikusgarria izaten ari da Gipuzkoan. Urriaren 14an IBM System Two ordenagailu kuantikoaren inaugurazioa ospatu da; handik astebetera, urriaren 20an, Basque Culinary Centerren GOEren irekiera; azaroaren 7an, atzo, berriz, Pasaian, XVI. mendeko San Joan euskal baleontziaren erreplika uretaratu da, Albaola elkartearen eskutik. Hirurak ala hirurak 25 egunen buruan.
GOEren ekitaldian Gipuzkoako diputatu nagusia den Eider Mendozak esan zuen ez dela kasualitatea gertakari horiek batera gertatzea. Ados nago.
Alde batetik, gobernantzaren eragina dago. System Two ordenagailuaren proiektua nola kudeatu den aztertzen badugu, nabarmen ikusten da gure herrian indartzen ari den gobernantza eredu berriaren fruituak jasotzen ari garela. Inaugurazioan IBMko arduradun batek esan zuen industria, zientzia, akademia, erakunde publikoak eta gizartea eskutik doazela aurrera proiektu horretan. IBMk bere ordenagailu aurreratuena Euskal Herrira ekartzearen arrazoi nagusia, beraz, hemengo ekosistema eta elkarlan izpiritua izan dira. Barneratu dezagun behingoz lankidetzazko gobernantzan dagoela gako nagusietako bat.
Bigarren gakoa bikaintasunean dago. Imanol Pradales lehendakariak System Tworen ekitaldian aipatu zuena, alegia, herri txikia garela dimentsioan eta ezin ditugula gure esfortzuak barreiatu, eta, horiek horrela, arlo jakin batzuetan onenen artean egon gaitezkeela. Horretarako funtsezkoa da fokua bikaintasunari zuzentzea; bai ezagutza zientifiko-teknologikoan, bai kudeaketa publikoan, bai komunikazio publikoan. Gure herri honetan, ordea, maiz eskubideak soilik erreibindikatzen dira, eta ez betebeharrak, eta zenbait eragile politikok eta sindikalek elikatu besterik ez dute egiten joera hori. Eskubideak soilik erreibindikatzeak askotan zuritu egiten ditu kaskarkeria eta erosokeria. Aldiz, paradoxikoa badirudi ere, inor bazterrean utzi nahi ez duen gure ongizate eredua bideragarria izan dadin aberastasuna sortu egin behar da, eta horretarako funtsezkoa da saiatzea, arriskatzea, ezagutza aurreratuan sakontzea, aitzindariak izatea eta esfortzua aitortzea eta saritzea. Hiru proiektuek dute asko horretatik, eta horregatik dira horren garrantzitsuak.
Eta garrantzitsuak dira, baita ere, trakzio paper handia dutelako etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko unean. System Two ordenagailuak gure zientzia eta industria sisteman, GOEk gure elikaduran, landa eremuan eta kulturan eta San Joan baleontziak gure sustraietan, gure balioetan eta nazioarte mailan herri bezala ezagunak izan gaitezen. Atentzioa eman zidan hiru ekitaldietan marko nagusia Euskadin ezarri izanak. Euskal proiektuak dira, euskal eragile nagusiek, gizartekoek eta erakunde publikoek, elkar harturik landuak, eta munduko lehen mailako eragileekin adostuak. Azpimarratu behar da eragile horiek hasieratik izan dutela garbi egitasmoen euskalduntasuna.
Aipatutako hiru mugarri horien ernaldia ezin uler liteke euren bultzatzaile izan diren pertsonak eta beren pasioa kontuan ez badaukagu. 2021ean gure herrian teknologia kuantikoen inguruko polo bat osatzen hasi zenean Juan Antonio Zufiria, Villabonako semea, lehendakariorde zen New Yorkeko IBMren egoitza nagusian. 2019an IBMk bere Quantum System One ordenagailua garatu zuenean Juan Antoniok argi ikusi zuen Donostian ekosistema egokia zegoela, ordenagailu hura jasotzeko guztiz aproposa, DIPC, CFM, nanoGUNE, etab. Bere pasio eta lan nekaezinak sortu zituen baldintzak gaur egun Donostian System Two hemen aritzeko.
2007an Joxe Mari Aizega hernaniarra errektoreorde zen Mondragon Unibertsitatean. Euskal sukaldaritzako izen handiek buruan zuten ideia helarazi zioten garai hartan: sukaldaritza unibertsitate mailara jasoko zuen zentro baten sorrera. Joxe Marik jauzia egin zuen gastronomia mundura, eta bere ahalegin eta etorkizun senari esker ireki zen 2011n Basque Culinary Center, munduko aurreneko Zientzia Gastronomikoen Fakultatea. GOE Joxe Mariren pasioaren kapitulu berria dugu.
1985ean Xabier Agote donostiarrak National Geographic aldizkariaren uztaileko alea jaso zuen, eta bertako artikulu batek, 16th-Century Basque Whaling in America izenekoak, zur eta lur utzi zuen. Xabierrek bizi osoan Euskal Herriaren historiaren zati ezkutu bat ikertu eta erreibindikatuko zuela erabaki zuen: duela bostehun urte euskal kostaldean zegoen mundu mailako itsas teknologia aurreratuena. 1998an Albaola kultur elkartea sortu ondoren, urte askotako ahalegin eta pasio gartsu batek abiarazi zuen 2014an San Joan baleontziaren erreplikaren eraikuntza.
Koldo Mitxelenak bazekien zerbait esan zuenean unibertsala ez dela nahi duena, ahal duena baizik. Euskal jakintsu haren arabera, elkarte txiki batekoak izanez, talde handiagoetakoak ere bagarela jabetzen gara, eta kilometro karratua ez da neurri ona txokokeriaren maila probatzeko. Hala dela ezagun dute hiru egitasmoek: izaera kolektiboa eta kooperatiboa dute, irekia eta errotua, eta Jose Antonio, Joxe Mari eta Xabierrek euren izenak gure Herriaren historian urrezko letretan idaztea merezi dute.