Unibertsitate publikorik gabeko etorkizun baterantz?

Unai Ugalde Ole, Susana Sandino Garcia eta Emilio Zubia Flañoa
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Eustaten arabera, 2.171.886 biztanle dauzka EAEk. Aurten, 304 milioi eurokoa da aurrekontuen bitartez UPV/EHUra bideratutako ekarpena, iaz baino 4 milioi gutxiago. Hortaz, biztanleko 140 euro emango dira aurten gure Unibertsitate Publikoa finantzatzeko. Gutxi edo asko den, nork bere iritzia izango du; nolanahi ere, hona hemen beste zenbait herrialdetako indikadoreak: Katalunian 190 euro dira; Austrian, 525; Irlandan, 600 eta Danimarkan, 780.

Bereziki deigarria zaigu Kataluniako kasua. Izan ere, bertako unibertsitateak Estatuko besteen gainetik nabarmentzen dira nazioarteko ditxosozko rankingetan, finantzaketa publiko urria pairatzen duten arren, sarritan salatu dutenez. Adibide gisa, Universitat de Barcelonaren errektorea den Joan Eliasek oraintsu (La Vanguardia, 2017/09/06) publikatu duen artikulu interesgarria dugu. Bertan, zehatz-mehatz azaltzen ditu beren ezinegonaren zergati latzak, zalantzan jartzeraino ez ote goazen, ez ari zaizkigun bidaltzen, unibertsitate publikorik gabeko etorkizunerantz (izatez, hortik mailegatu dugu izenburua).

Gurera itzulita, gogoan izan behar dugu Unibertsitate-Egitasmoak direla unibertsitate mailako hezkuntza finantzatzeko funtsezko tresna 2007az geroztik. Launa urterako egitasmoak dira (2007-2010, 2011-2014, 2015-2018), finkatzen dutenak zenbateko diru-ekarpenak bideratuko diren aurrekontuetatik, gure kasuan EAEkoetatik, UPV/EHU eta beste unibertsitate pribatu biak finantzatzeko. Bai, unibertsitate pribatuek ere jasotzen dituzte funts publikoak.

Bada, 2011n eztanda egin zuen krisiaren eraginez, ez ziren bete 2011-2014 egitasmoko aurreikuspenak, eta, ondorioz, agindutakoa baino 160 milioi euro inguru gutxiago jaso zituen UPV/EHUk. Baina badago gehiago: EAEko 2017ko aurrekontu orokorra 2010eko kopuruetara itzuli bada ere, krisia baino lehenagoko mailara alegia, urte hartakoa baino nabarmen baxuagoa da UPV/EHUrentzako aurtengo ekarpena.

Ezagutzaren gizartean, ezagutza guztion eskura

Nazio txikia da gurea. Natura-baliabideetan urria izanik, gure ekoizkinei balio erantsia ematean dautza gure aberastasuna eta gure etorkizuna. Horretarako, industria-egitura sendo, indartsu eta arduratsua behar dugu; eta horrek, era berean, kalitatezko hezkuntza-sistema bat eskatzen du, Europako beste herrialdeen parekoa izango dena, gure gaitasunetan eta trebetasunetan etengabe hazteko aukera emango diguna, horrela eskuratzen dugun ezagutza gu guztion eskura jarririk, gizartea osatzen dugun herritar guztiok aukera izan dezagun norbanako orok helburu dituen ongizate- eta, azken finean, zoriontasun-mailak eskuratzeko.

Tamalez, baina, ez diegu igartzen Eusko Jaurlaritzari, ezta Hezkuntza arloko sailburuari ere, iritzi honekin bat datozenik. UPV/EHUk nazioarteko rankingetan gorantz jotzen duenean, bizkor hurbilduko dira kameraren altzora, argazki eskean. Hedabideetan elkarrizketatzen dituztenean, sutsuki arituko zaizkigu kalitatezko hezkuntza-sistemaren defentsan, horrek gizarte osoari dakarzkion onurak azpimarratuz. Zenbakiek, ordea, kontrakoa adierazten dute: ez dago Unibertsitate Publikoaren aldeko apustu argirik. Horiek horrela, eta egia baldin bada ezagutzaren gizarterantz goazela, nor edo zer izango da ezagutza horren gordailu eta zaindari?

Izatez, zenbakiak ikusita, zentzuzkoagoa da ondorioztatzea, edo gutxienez susmatzea, azpian dagoen asmoa ez ote den ezagutza hori esku pribatuetara bideratzekoa pixkanaka. Hori horrela balitz, ezin dugu ahaztu ondasun pribatuak eskutik eskura saleros daitezkeela, eta normalean tratu horietan ez dela aintzat hartzen gizartearen interes orokorra. Ez dugu adibideekin luzatu nahi, ugari baitira arlo jakinetan (aerosorgailugintzan...) puntakoak diren euskal enpresak, atzerriko eskuetara pasatu direnak; hortxe daukagu, halaber, banketxeen sektorean gertatutakoa.

Susmo hori ontzat emanez gero, ezagutzaren pribatizazioaren atarian geundeke. Hala balitz, mintza bekizkigu argi eta garbi. Zerrenda eta egiazta diezazkigutela zeintzuk onura dakartzan ezagutza esku pribatuen menpe egoteak, Unibertsitate Publikoak bezalako erakundeen baitan egon beharrean. Zintzoki adieraz diezagutela horrexegatik dela gero eta urriagoa UPV/EHUra bideratzen den ekarpena, eta horrexegatik ere ez dela kitatu, ezta kitatuko, 2011-2014 bitartean ordaindu gabekoa.

Ezagutzak ala esan hutsak?

Guk bai, argi diogu: agintarien hitzak (esanak) eta ekintzak (diruak) bat ez badatoz, esan horiek esan hutsak bihurtzen dira. Dirua nora bideratzen duzun, horrexek erakusten ditu zure asmoak, proiektuak, eta helburuak. Errepara diezaiogun, esaterako, abiadura handiko trenari. Eusko Jaurlaritzak eta Madrilgo Gobernuak oraintsu adostu dute 3.800 milioi euro bideratzea hainbat urtetarako inbertsio-egitasmora. Hori baldin bada gerora begira gure agintariek duten ereduaren erakusgarria, atzerrira joaten jarraitu beharko dute UPV/EHUko egresatuek eta ikertzaile gazteek, hemengoa baino duinagoa den etorkizun akademiko baten bila, aukera profesional interesgarriagoak eta proiektu pertsonal zoriontsuagoak garatzeko itxaropenarekin. Baina ez gaitezen gehiegi aztoratu, zeren eroso-eroso bidaiatuko baitira abiadura handiko bagoien eserleku eder bezain samurretan.

Aspaldi esan zuen legez Harvardeko Unibertsitatearen errektore izandako Derek Curtis-ek: «Hezkuntza garestia dela uste baduzu, egizu proba ezjakintasunarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA