ASKE Antolakundeko bozeramailea

Urriaren 12an, amorrutik harrotasunera

Kai Karasatorre Martinez
2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guztion ahotan dabiltza urriaren 12an Gasteizen izandako gertakariak, eta ez da gutxiagorako. Egunean bertan eta ondoren ateratako irudiek amorrua eta harrotasuna sorrarazten dizkigute. Amorrua, Espainiako faxistek poliziaren laguntza estuarekin Euskal Herriko plaza bat hartu zutelako, beren diskurtso arrazista, antiabertzalea eta erreakzionarioa zabaltzeko asmoz. Eta harrotasuna, ekintza horren aurrean uholde antifaxista bat antolatu zelako, beren eskuetan zuten guztia baliatuz, Ertzaintzaren bortizkeriaren gainetik eta horrek ekar ziezazkiekeen ondorioen jakitun izanik.

Hala ere, ezin izan da gertakari horietatik oharkabean gelditu Ertzaintzaren eta Falangisten arteko lankidetza, antifaxista horien aurka joateko garaian. Argi eta garbi ikusi izan ahal dugu faxistak eta Ertzaintza antifaxisten aurka norabide berean joaten. Zinez, ahaztuko ez zaizkigun irudiak izan dira horiek, baina, zintzoki, askorik harritzen ez gaituztenak, aldi berean. Izan ere, ez da poliziak talde faxista edo erreakzionarioak laguntzen ikusten ditugun lehendabiziko aldia, oso presente baititugu Trintxerpen, Donostian edo Cintruenigon izandako gertakariak. Eta Gasteizko hori ere azkena izango ez delakoan nago.

Hori gutxi balitz bezaka, gertakariak izan eta segidan etorri ziren alderdi politiko zein instituzioen adierazpenak. Poliziaren jazarpena zein Falangisten presentzia salatzetik urrun, bertan bildu ziren antifaxisten aurkako kriminalizazio kanpaina bat abiarazi zuten, gaurdaino irauten duena. Baina ez al dira alderdi horiek ultraeskuinari aurre egiten diotela esaten dutenak? Faxismoaren aurka bai, baina bozen bitartez soilik? Iraganeko borroka antifaxista aldarrikatuz, ahaztu egin al zaie horrek zelan egiten zion aurre faxismoari? Akaso bozak baliatu zituzten faxismoari aurre egiteko?

Alderdi horiek hauteskunde garaian antifaxismoaren kareta jartzen baldin badute ere, hori bozak lortzeko baliatzen duten eslogan hutsala da. Ondorioz, antifaxismoari bere eduki politiko guztia kentzen diote, hori bera praktikara daramatenak kriminalizatu eta jazartzeko punturaino. Are, beltzez zeuden horiek ez zirela antifaxistak, edo okerragoa dena, euskal faxistak eta totalitaristak direla entzun behar izan dugu.

Auzi honetan okerrena zera da: alderdi horiek ultraeskuinak eta faxismoak gora egiteko bidean alfonbra gorria ipintzen dutenak direla. Batetik, Euskal Herri langileak nazionalki eta sozialki pairatzen duen zapalkuntzan sakontzen duten neurri politikoak hartuz eta, bestetik, Falangea bezalako talde faxisten presentzia normalizatuz eta zurituz, haien aurka antolatzen diren militante politikoei jazartzen dieten bitartean. Bide batez, alderdi horiek talde ultraeskuinen gusturako erabakiak hartzen dituzte, erreakzionarioen bozkatzaile potentzial hori ultraeskuinari kendu eta eurenganatzeko.

Hori da, hain zuzen ere, ehunka eta ehunka pertsona kalera atera eta faxismoari aurre egitera behartu zituena. Instituzioen bitartez egin ez zena, beraiek beren baliabide urriekin eta poliziaren jazarpena jasanez egin behar izan zuten. Azken urteotan argi geratu den moduan, ez dira lau urterik behin eskuratzen diren bozak faxismoak kalean duen hedapena geldiarazi dutenak, Euskal Herri langileak bere antolakuntza politiko propioaren bitartez gauzatutako antolakuntza eta borroka baizik.

Hori guztia kontuan izanda, ezin dugu Gasteizkoa gertakari isolatu gisa ulertu, adibide gisa baizik. Euskal Herri langileak borrokaren bitartez kaleak berriz ere geureak egin ditzakegun adibide gisa. Izan ere, Ertzaintzak kargatu zuen espainiar estatuaren zein euskal burgesiaren ordena auzitan jartzen ari zirenen aurkako norabidean. Eta hori da zinez beldurtzen dituena, Gasteizko garaipena aurrerago etorriko diren gatazketan aurrekari bat delako. Balio beza urriaren 12an aurrera eramandako borrokak, Euskal Herri langileak independentzia eta sozialismoaren bidean aurrera eraman beharreko borrokaren eredu izateko.

Igaro da urriaren 12a. Bertan diraute, ordea, borrak zein foam jaurtigailuek, borrek eragindako ubeldura zein fisurek eta atxiloketa zein identifikazioekin etorriko den prozesu judizialak. Beraz, adi egotea dagokigu. Urriaren 12an ehunka pertsona faxismoaren kontra mobilizatu ziren bezala, milaka pertsonak sareetatik horri babesa adierazi zioten bezala, orain horren ondorio errepresiboak pairatu dituztenekin batera egotea tokatzen da. Bai beraiei gure elkartasun eta laguntza osoa adierazteko, baita Ertzaintza zein Eusko Jaurlaritza egun horretan zein azken urteotan faxismoaren gorakadarekiko hartzen ari den izaera erreakzionarioa salatzeko ere.

Doakiela hemendik atxilotuak eta jazarriak izan ziren guztiei nire elkartasun, harrotasun eta babes osoa. Zuekin gaude!

Gora Euskal Herria antifaxista!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.