Zaintza Araba

Urtaran jauna, gizarte politikako diputatu izatetik higiezinen kudeatzaile izatera?

Txaro Marquinez, Maita Ramos, Marixa Diaz de Arkaia
2026ko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errealitateak fikzioa gainditu du. Horixe da senitartekoek eta egoitzetako erabiltzaileek pairatzen duten errealitatea. Gorka Urtaran Arabako Gizarte Ekintzako diputatuak, zaintza duinak, kalitatezkoak eta publikoak izan daitezen neurriak hartu beharrean, bestelako zereginetan dihardu, etekin politikoaren bila.

Gure elkarteak, Zaintza Arabak, Arabarren egoitzan bizi zen egoeraren berri eman zuen 2024an, senideen dokumentazioan eta bizipenetan oinarrituta; eta gabezia handiak salatu zituzten. Horiek zuzentzeko neurriak hartu beharrean, arazoa saihesteari ekin zion, eta oso ondo egiten duela aitortu behar da.

Bi urte geroago, Arabarrengo senideak Batzar Nagusietan izan dira, eta 2024an salatutakoa berretsi dute. Horrek erakusten du ez dela ezer aldatu; are gehiago, arazoek gora egin dute plaza publikoak dituen baina enpresa pribatu batek kudeatzen duen egoitza horretan.

Arabarren egoitzan erabiltzaileen berrantolaketa egingo dutela badakigu, senideen eta prentsaren bitartez izan dugu lekualdatzeen berri. Espero dezagun senideek eta erabiltzaileek San Prudentzio egoitzako lekualdaketekin jasan zuten sufrimendua kontuan hartzea eta ez errepikatzea. Hala ere, Zaintza Araban eszeptikoak gara.

Publiko egin dira bi egoitzari jarritako zigorrak, baina ez dute horien izenik jakinarazi. Horrek ziurgabetasuna sortzen du egoitza bila ari direnengan, ez baitute beharrezko informazio guztia zein aukeratu baloratzerako orduan.

Beharbada Urtaran jaunak ez daki asko direla plaza publikorik ez duten pertsonak eta beren pentsioarekin, GEPekin eta etxebizitzaren alokairuarekin ezin diotela aurre egin egoitza pribatuaren ordainketari. Pertsona horiek etxebizitza saldu eta/edo familiak hipotekatu behar dituzte

Urtaran jauna Gizarte Politikako diputatu izatetik higiezinen kudeatzaile izatera pasatu da. Egoiliarrek haien etxebizitzak alokatzea proposatu du, egoitzen ordainketari aurre egin ahal izateko, prezioak ordaintzeko ezinezkoak baitira.

Urtaranek ez du esaten GEPak (zerbitzuari lotutako prestazioak) ez zirela handitu 2025ean, ezta 2026an ere. Plaza publikoen prezioak KPIaren arabera igo dituzte, eta pribatuenak KPIa gehi enpresa bakoitzak nahi izan duen beste.

Beharbada Urtaran jaunak ez daki asko direla plaza publikorik ez duten pertsonak eta beren pentsioarekin, GEPekin eta etxebizitzaren alokairuarekin ezin diotela aurre egin egoitza pribatuaren ordainketari. Pertsona horiek etxebizitza saldu eta/edo familiak hipotekatu behar dituzte.

Urtaran jauna, heldu zure karguari dagozkion zereginei. Gizarte honek zaintza publikoak eta kalitatezkoak behar ditu, ez zaintza negozio bilakatu dutenei poltsikoak nola betetzen jarraitu jakinarazteko publizitate-kanpainak.

CENIE Bizitza Luzeari buruzko Nazioarteko Zentroak egindako ikerketa baten arabera, «mendekotasunean inbertitzea ez da kostu huts gisa ulertu behar, baizik eta itzulkin soziala, ekonomikoa eta fiskala duen politika publiko gisa». Txostenaren arabera, 2023an, «mendekotasun-prestazioetara bideratutako euro bakoitzak 1,6 euro inguruko inpaktua sortu zuen BPGaren gainean. Gainera, hasierako gastuaren erdia inguru zergen eta gizarte-kotizazioen bidez itzuli zen administrazio publikoetara: inbertitutako euro bakoitzeko, 49 zentimo inguru berreskuratu ziren, ahalegin fiskal garbia nabarmen murriztuz». Langile bati ordaintzen zaionetik, %49 ogasunera itzultzen da.

Zaintzak ezin dira gainkostu sozial gisa ikusi, aberastasuna sortzen duen eskubide gisa baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE