Utopiarik ezean, ibiltzeko distopiak ere balio behar du

2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
(Hasi aurretik, esan beharra daukat: Eduardo Galeano idazle uruguaitarra zenak barka beza bere esaldi zoragarriarekin egin dudan zitalkeria.)

Agidanez, Berlingo harresiaren arrastoen artean azken utopia hondakinak ere geratu ziren. Harrezkero, gizakiok ortzimugan utopiarik gabe—hein handi batean noraezean, beraz— ibiltzera behartuta gaude. Ez omen dago etorkizun hurbilean ere neoliberalismoaren aurrean ezarritako alternatiba osorik sumatzerik. Hala ere, neoliberalismoak ekarritako globalizazioaren ondorioz, ekonomia ez ezik, gaixotasunak ere globalizatu zaizkigu. Gaur egun birus batek geure burua etxean ixtera behartuta, egoera distopiko batean antzera bizi gara.

Aurten ikasleak Ray Bradburyren Fahrenheit 451 irakurtzera behartu genituen eta, egiari zor, ez zuten batere gustuko izan. Liburua amaitzea kostatu zitzaien. Ez zuten erraz ulertzerik izan. Distopia kontzeptuaren esanahia oso urruti geratzen zitzaielako. Jakina, literatura garaikideaz ari ginela, Orwellen 1984, Huxleyren Brave New World, Atwooden Handmaid's Tale, Ursula K. Le Guin eta Philip K. Dicken ipuinak edo Asimoven I, robot ere ikasgelan hizpide izan ditugu. Haien aburuz, narratiba distopikoak fikzioari buruz idazleak eta irakurleak izaten duten adostasun tazitoa lanbrotu egiten du. Haiei, ezohiko irakurle gisa, ez zitzaielako oso argi geratzen bata non hasten den eta bestea non amaitzen den.

Aste batzuk igaro dira eta honezkero ez gaude ikasgelan, aurrez aurre. Orain, egoera distopiko honetan, Classroom-en gaude, eta birtualak badira ere, gure saioek badute aurrera jarraitzerik. Meet-i esker, ordea, ordenagailuaren pantailaren beste aldean berriro elkar ikusten dugu. Han daude gehienak, baina guztiak ez. Ikasle guztiek ez dutelako etxean ordenagailurik edo Internet. Gure lanpostutik Google eskuzabalari esker baino guztiok Google-entzat soldatarik gabe jardutearen sentsazioa izan arren; gure artean literatura ikasbide ala gure artean hitz egiteko aitzakia, solasean eta ezbaian segitzen dugu. Orain, nonbait, errazagoa omen zaie distopia zer den barneratzea. Lehen, ikasgelan, distopia «garaiko kontraesanak muturretaraino eramanez sortutako fikziozko gizartea» dela ikasi genuen. Nonbait, Tomas Mororen utopiaren ifrentzua. Orain, Classroom-en, gure garaiko kontraesanen muturretan bizi garela ohartu gara, norbera bere etxean itxita, duela lau egun ezagutzen ez genuen birus misteriotsu haren eraginez. Orain, berriro hautsi egin da fikzioaren eta errealitatearen arteko aldea, idazleen eta irakurleen arteko adostasun tazito zahar hura. Ez dakigu gertatzen ari zaiguna benetan egiazkoa ote den, masa hedabideek eta sare sozialek etengabe ematen dizkiguten datu horiek guztiak egiazkoak ote diren, baina honako hau da pertsona heldu bilakatzen ari diren nerabeontzat mundu mailako aurreneko esperientzia tragikoa.

Ondorioei dagokienez, gerra ala sarraski batetik hurbilen izandako egoera, non gizakiok espezie gisa benetan nolako kalteberak garen jabetzeko aukera izan duten. Agian, Marina Garcés filosofoa bezala, konturatu dira gizadia espezie kaltebera izanda ere, krisi honek batez ere sistemaren ahultasuna agerian utzi duela. Sistemaren ahultasuna, sistemaren kontraesanak muturrera eraman direla, birus soil bat gripearen antzekoa dela esaten badigute ere XXI. mendeko gizarte hiperaurreratuak hankaz gora jartzeko gai izan da. Mende honen hasieran, ez genuen Txinan gertatutakoaren berri izaten. Gaur egun, aldiz, bertan agertutako birus batek aste batzuetan planeta osoa kutsatu du eta haren ondorioz, mundu osoan zehar milioika pertsona hilko dira.

Gizarteko sektorerik atzerakoienak honezkero bultzatzen ari diren kontakizunaren arabera, mundu mailako krisi berri honetatik irtenbide posible bakarra ekonomiaren ultraliberalizazioa (turbokapitalismoaren abiadura are gehiago handitzea) eta herritarron zenbait askatasun zibil parentesian uztea da. Egunotan albistegietan agertzen ari diren irudiak —militarrak eta poliziak nonahi ongile gisa— eta gero eta ohikoagoa bilakatzen ari den erretorika —zeina herritarroi eskatzen ari zaigun gure borondatez askatasunari uko egitea guztion ongizaterako— adierazgarriak dira oso. Gainera, egoera distopiko honetan, neoliberalismoaren kudeatzaile politikoak behin eta berriz beren kontraesanen aurrean erretratatzen ari dira: gure aisialdian etxean geratzeko agintzen digute, lanpostura bidaltzen gaituzten tinkotasun berberaz. Orain osasungintzako langileak txalotzen eta urteetan haien baliabideak murriztu dituzten hipokritak dira. Sektore atzerakoienek milioika lagunen heriotzek tokirik ez duen narratiba ezartzea nahi dute, langileak ekonomiaren hondamendi berriaren ordaintzaile egin nahi dituztelako. Horiek distopia egoera honetan eroso-eroso bizi dira.

Classroom-en, ikasleei galdetzen diet ea gizarte gisa esperientzia hau baliagarria izango ote den gure akatsetatik ikasteko eta gizarte justuagoa eta solidarioagoa ateratzeko ala kontrakoa gertatuko ote den. Gure ikasgaian proiektu bat egiten ari gara. Krisi honek dirauen bitartean ikasle bakoitzak egunkari bat idatzi behar du, zeinean egunez egun beren hausnarketak post laburretan agertu behar dituen. Nola sentitzen diren, denbora pasatu ahala beren inguruan eta beren buruan zein bilakaera sumatzen duten, zer pentsarazi dien albiste honek edo besteak... Pentsamenduak antolatzeko eta errazago garatzeko asmoz, norberak bere burutazioak idatziz adierazi beharra da ariketaren funtsa. Ez da erraza, are gehiago baldintza bereziotan.

Atzo, ordea, Irati idazten ari den egunkarian post hau irakurri nuen: «Krisi honi esker geure burua zaintzea besteak zaintzeko modu bat dela ikasten ari gara, dena geldirik egotea guztiok abian segitzeko modu bakarra dela eta gure gizartearen oinarri sakonak zalantzan jartzea etorkizun posibleak eraikitzen hasteko bidea». Eta, zer esanik ez, luze pentsarazi zidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.