78ko Sanferminak Gogoan herri ekimeneko kideak

Uztailak 8: memoria eta inpunitatea aurrez aurre

Josu Chueca, Sabino Cuadra, Aitor Garjón, Amaia Kowasch, Fermín Rodríguez, Begoña Zabala
2026ko uztailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailaren 8an, urtero, irekia segitzen duen zauria oroitarazten du Iruñeak. 1978an, sanferminetan, Polizia Armatua zezen plazan indarrez sartu zen eta operazio errepresiboa egin zuen, ehunka zauritu eta eraildako bat, German Rodriguez Saiz, utzi zituena. Egun batzuk beranduago, elkartasun mobilizazioetan, Poliziak Joseba Barandiaran Urkola hil zuen Donostian. Gertaera haiek ez ziren jazoera bakanak izan. Frankismoaren azken urteak eta trantsizioa markatu zituen estatuko indarkeriaren segidaren parte izan ziren.

Sekuentzia horren baitan honako hauek izan ziren: 1976an, Gasteizko sarraskia, zeinetan poliziak bortz langile erail baitzituen; urte bereko Montejurrako krimenak; amnistiaren aldeko 1977ko astea, Euskal Herrian zazpi hildako utzi zituena. 2026an Gasteizko eta Montejurrako sarraskien berrogeita hamar urte bete dira. Mende erdia iraganda, giza eskubideen urratze larri horietako bakar bat ere ez da epaitua izan. Inpunitateak konpondu gabeko arazoa izaten segitzen du demokrazia honetan. Nazio Batuek eta nazioarteko bertze erakunde batzuek behin eta berriro oroitarazi diote Espainiari konpondu gabe mantentzen dituela bere eginkizunak giza eskubideen urratze larriak ikertzeari dagokionez. Alta, fiskalek eta auzitegiek biktimei ateak ixten segitzen dute.

Egia da zenbait aitzinpauso eman direla. Biktimen eta memoria mugimenduen jarraitutasunari esker, erakunde batzuek urrats garrantzizkoak egin dituzte. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Parlamentuak zeregin nabarmena izan dute 1978ko sanferminen aitortza publikoan, eta zenbait biktimek banakako aitortzak hartu dituzte Nafarroako Gobernuaren aldetik, memoriaren legeak aplikatuta. Hala ere, funtsezkoa falta da: Pedro Sanchezen gobernuak Estatuaren erantzukizun zuzena esplizituki aitortzea, egia osoa eskuratu ahal izatea eta erantzukizunak ikertu eta garbituko dituen justizia.

Testuinguru honetan, bereziki etsigarria suertatzen da PSNk berriki hartutako jarrera. 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak, Estatuaren erantzukizuna aitortzeko sustatutako mozioa Iruñeko Udalean sostengatu ondoren, joan den maiatzaren 28an, Nafarroako Parlamentuan abstentziora jo zuen eduki bertsuko ekimen batean. Abstentzio horrek ebazpena onestea galarazi zuen, eta zapuztu zuen Espainiako Gobernuari zuzendutako galde instituzionala, estatu krimen hura ofizialki aitortu zezan. Hori suertatzen ez den bitartean, ordainak osatugabe segituko du.

Egia eta justizia erdiesteko borrokak ez du bakarrik duela ia berrogeita hamar urte gertatu zenaz hitz egiten. Gaur eraiki nahi dugun munduaz ere mintzo da

Horregatik, egia, justizia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak erdiesteko borroka ez da iraganaren kontua bakarrik. Gaurkotasun handia duen borroka da. Atzoko inpunitateak baldintzatzen baitu gaurko kalitate demokratikoa. Gazako genozidioa, gerrak, desparekotasun gero eta handiagoak, krisi klimatikoa eta giza eskubideen urraketa masiboak, horiek dira orainaldia zeharkatzen duten inguruabarrak. Orobat, finkaturik ziruditen askatasun eta garaipen sozialak zalantzan paratzen dituzten proiektu autoritarioak aitzina egiten ari dira. Halaber, menderatze ekonomiko eta sozialen forma berriak ari gara ikusten, diskurtso berrien azpian logika kolonial zaharrak betikotzen dituztenak.

Panorama horren aitzinean, memoria ez da oroitzapen erritualera mugatzen ahal. Oroitarazteak orainaldiarekiko erantzukizuna gure gain hartzea erran nahi du. Amnistia, askatasun demokratiko eta eskubide sozialen alde borrokatu zutenek ez zuten hori egin beren historia artxiboetan itxita geldi zedin. Jendarte justuagoa posible zela uste zutelako egin zuten.

German Rodriguez, Joseba Barandiaran, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Bienvenido Pereda, Ricardo Garcia Pellejero, Aniano Jimenez Santos eta indarkeria haren biktima guztiak omentzeko modurik onena da uste oso hori bizirik mantentzea. Memoria tresna da inpunitateari aurre egiteko, giza eskubideak defendatzeko eta esperantza eraikitzen jarraitzeko. Zeren eta egia eta justizia erdiesteko borrokak ez baitu bakarrik duela ia berrogeita hamar urte gertatu zenaz hitz egiten. Gaur eraiki nahi dugun munduaz ere mintzo da.

Uztailaren 8an, urtero, erail zituztenak eta errepresioa jasan zutenak oroitarazten ditugu. Baina historia ez dagoela itxita ere oroitarazten dugu. Egia osoa, justizia eraginkorra eta erantzukizunen aitortza ez diren bitartean, zereginak gauzatu gabe segituko du. Eta memoria eta borroka kolektiboa bizirik mantentzen dituztenak hor dauden bitartean, mundu hau aldatzeko posibilitateak ere existitzen jarraituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA