Arrasate

Vivotecnia: zientziaren izenean ezkutatzen den krudelkeriaren eredua

Yolanda Jimenez Sudupe
2026ko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esperimentazioaren industria une oro saiatzen da gizartearen aurrean animalien sufrimendua ezkutatzen. Baina laborategietako irudiak iristen zaizkigunean, argi geratzen da errealitatea zein den. Animaliekin esperimentatzea sufrimendua da. Sufrimendu legala. Ez dago hau ekiditeko modurik. Orokorrean, eta batez ere proba toxikologikoetan, izaki hauek gaixoaraztea eta mugaraino eramatea da prozesuaren helburua: muturreko egoeretan beraien erantzun fisiko eta psikologikoak aztertzeko, eta, azkenik, hiltzeko.

Eztabaida etikoaz gain, zientzialari askok zaharkitutako praktika hauek zalantzan jartzen dituzte, eraginkortasun faltagatik. Oro har, lortzen diren datuak kalitate baxukoak izaten dira, animalien eta gizakien arteko ezberdintasunak handiegiak baitira. Ikerkuntzan animalien erabilera saihesteak, edo behintzat murrizteak, baliabide ekonomikoak bideratzea eskatzen du. Gaur egun, animaliak ordezkatuko dituzten metodo alternatiboak egon badaude. Baina horien garapena motelegia da, inbertsioak eta ahaleginak nahiko urriak baitira.

Epaileak animaliei beharrezkoa ez zen sufrimendua eragin zitzaiela onartu duen arren, justiziak absolbitu egin ditu akusatutako bi langileak: bat, arau-hauste penalik ez dagoelako; eta bestea, egon arren, delitua preskribatuta dagoelako

2021ean, Cruelty Free International erakundeak Madrilgo Vivotecnia laborategi farmazeutikoan egindako ikerketa argitara eman zuen. Sonia P. langileak —Carlota Saorsa izen asmatua erabili zuen epaiketa egunera arte, lekuko babestua izan zelako— animaliekin esperimentatzen duen industria ilun horren grabaketak egin zituen bi urtez, betaurrekoetan zeraman kamera ezkutu baten bidez.

Horrelako irudiak beste herrialde batzuetan ere lortu izan diren arren, Espainiako estatuan laborategietako praktikak agerian geratzen ziren lehen aldia izan zen. Irudi hauetan Vivotecniako animaliek egunero jasaten zuten errealitate gogorra ikusten da: karraskariek, untxiek, txerriek, tximinoek eta Beagle arrazako txakur otzanek jasotzen duten tratu jasangaitza. Sentsibilitate minimo bat duen edonorentzat gogorrak diren arren, irudietako proba toxikologikoetan legeak xedatutakoa betetzen da.

Baina ohiko proba horietaz gain, legez kanpoko prozedurak ere sistematikoki erabiltzen direla ikusten da. Langileek ankerkeriaz tratatzen dituzte animaliak. Garbi dago izaki babesgabe horiei mina egitea dela beraien asmoa. Saihestu daitekeen eta beharrezkoa ez den sufrimendua eragiten diete: barre eta iseka artean, inongo helburu zientifikorik ez duen sufrimendua.

Momentu hartan, gizartean eztabaida handia sortu zen, eta gobernuak adierazi zuen animalia horiek askatuko zituela eta laborategiko ikerketa-jarduera bertan behera geratuko zela. Gaur egun badakigu denak berdin jarraitu zuela, eta animaliek ez zutela handik irteterik lortu; bizirik ez, behintzat.

Bost urteko instrukzioaren, prozesu-oztopoen eta adituen arteko gatazka konplexu baten ondoren, maiatzean izan zen ahozko judizioa. Fiskaltzak urtebete arteko kartzela-zigorra eskatu zuen bideoetan ageri diren bi langilerentzat bakarrik, enpresak gainerakoak identifikatzeko oztopoak jarri baitzituen. Vivotecnia eta bere ordezkariak ez zituzten epaitu, erantzukizun penal orotatik kanpo geratu zirelako. Epaileak animaliei beharrezkoa ez zen sufrimendua eragin zitzaiela onartu duen arren, justiziak absolbitu egin ditu akusatutako bi langileak: bat, arau-hauste penalik ez dagoelako; eta bestea, egon arren, delitua preskribatuta dagoelako.

Europan eta Espainian badago ikerketan erabiltzen diren animalien ongizatea zaintzen saiatzen den araudia. Esaldi batzuk irakurrita, argi ikusten da ongizate integrala bermatzea ezinezkoa dela. Eta beste batzuk anbiguotasunez idatzita daudenez, ez da erraza, berez legeak sufrimendu handia onartzen duten jardueretan, sufrimendu-gehiegikeria bat frogatzea.

Vivotecniakoa, estatuan animaliekin egindako saiakuntzetako krudelkeria ikertzen duen lehen auzia izan da. Honek agerian utzi du Espainiako legediak laborategietako animaliei benetako babesa eskaintzeko duen gaitasun falta. Garbi gelditu da, berriz ere, legeak ez dituela animaliak babesten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA