Nafarroako VWeko ELAren ordezkaria

VW: diru publikoz lagundutako kapitalismoa

Igor Peñalver
2025eko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela pare bat aste irakurri dugu soilik Volkswagen taldeko bi lantegi direla Europa ekialdeko eta Txinako fabrikekin lehiatzeko gauza: Landabengoa eta Palmelakoa (Portugal). Oliver Blume Volkswagen taldeko kontseilari ordezkariak esan zuenez, «bien ekoizpen kostuak Europa ekialdekoen parean dabiltza, baita Txinako askoren mailan ere». Egun berean, Mikel Irujo Industria sailburua oso kezkatuta agertu zen Alemaniako industriaren une larria dela eta; «ezinegona» eragiten omen dio. Irujoren arabera, adi egon behar da Nafarroako sare industriala sostengatzeko politika publikoak nola bideratu erabakitzeko, multinazional alemanek nafar ekonomiarekin duten lotura dela medio.

Bi kontu horiek jarraian aipatzea nahasgarria da: ez dakigu Irujo soilik automobilgintzaren egoera larriaz ari zen edota Alemaniako industria guztiari buruz. Haatik, ongi dakigu herritarroi izen bakarra datorkigula burura gurean multinazional alemanen sare industriala sostengatzeko politika publikoak aipatzen direnean laguntzen onuraduna zein izan litekeen pentsatuz gero. Hona hemen susmo hori berresten duten datuak: 2017 eta 2024 artean, VW Navarrak 30 urte arteko langileak kontratatzeko laguntzen %84,5 jaso du. 2017ko uztailaren 4an, Nafarroako Gobernuak Nafar Lansarea Enplegu Zerbitzuaren bidez (horren partaide dira, exekutiboarekin batera, UGT, CCOO eta CEN ere) diru laguntza deialdi bat egitea erabaki zuen, «30 urte arteko gazte langabeen kontrataziorako».

Laguntza ematean helburu bat aipatu zen, gazteen langabezia tasa izugarria (une hartan %24,9koa zen) jaitsaraztea, batik bat «ikasketa maila apala» zuten gazteei eragiten ziena. Enplegu Zerbitzuak hauxe argudiatu zuen orduan: «Kolektibo honek aukera profesional gutxi ditu; horrez gain, prestakuntza eta trebakuntza profesional eskasa du; beraz, lan merkatuan sartzeko aukerak murrizten zaizkio».

Kolektibo hau laneratzeko modua errazte aldera, pizgarri gisa diru laguntzak eman ziren 50 lagunetik gorako lantaldea zuten enpresa nafarretan, 30 urte arteko langileak kontratatzeko, betiere lehentasunezko alor ekonomikoetan jardunez gero (automobilgintza, elikadura katea, energia berriztagarriak, osasuna, turismoa eta sormenezko industriak zein digitalak). Diru publikoa horrela desbideratzeko joera luzatu egin dute. 2017 eta 2021 urteen artean, laguntza deialdietako aldaketa txikiak gorabehera, sei hilabetetik gorako kontratu guztiak —behin-behinekoak zein mugagabeak— lagundu ziren diruz, praktiketakoak eta trebakuntza eta ikasketakoak salbu.

2022an, Europatik zetorren exijentziaren ondorioz, behin-behinekotasun tasa altua mugatzeko lan erreforma egin zelarik, ebatzi zuten soilik kontratu mugagabeak lagunduko zituztela diruz. Ez, ordea, aldizkako kontratu finkoak eta lan jakin bati lotutako kontratu mugagabeak. Urteotan kontratu bakoitzeko diru laguntzaren zenbatekoa ez da asko aldatu: kontratu bakoitzeko urtean 11.880 euro eta 13.200 euro artekoa izan daiteke. Derrigorrezkoa da, bestalde, langileari gutxienez LGS lanbide arteko gutxieneko soldata 1,75 bider adineko soldata ordaintzea.

Jakina, txalotzekoa zen laneratzeko arazoak zituzten gazteen kontratazioa laguntzea, baina baldintza agirietan ez zen neurririk jaso kontratazio hau sustatzeko; 30 urte arteko langileei egindako edozein kontratu mugagaberekin jaso zitekeen diru laguntza. Zortzi urteotan ere ez dugu ikusi azterketarik laguntza horiek gazteen langabezia tasan izan duten eraginari buruz, ez eta arazoak zituzten gazteen laneratzeari buruz ere, ematen jarraitzea bidezkoa zen ala ez erabakitzeko.

Horrenbestez, 2017 eta 2024 artean, Nafarroan 7.861.505 euroko laguntza publikoak banatu dira 30 urte arteko gazteak kontratatzeko, eta VW Navarrak jaso du diru publiko horren %84,5: zehazki, 6.641.550 euro. Zenbatekoaren aldetik diru gehien jaso duen hurrengo enpresa nafarrari 250.000 euro baino gehixeago eman diote. Diru publikoa enpresa pribatu jakin batzuen poltsikora joan da (lehentasunezko sektoreetakoak), hain zuzen ere, ziurrenik gutxien behar dutenak izan arren.

Aurtengo urriaren 18ra arte VW Navarrak dagoeneko diruz laguntzeko moduko 157 kontratu mugagabe egin ditu (haatik, 23 besterik ez dira emakumeei egindakoak; %17, alegia), eta laguntzak jasoko ditu, noski. Argi dago multinazional alemana ederki baliatzen dela diru publiko nafarraz, gobernu honen eta aurretik izan zirenen eskuzabaltasunari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.