XXI. mendeko gerra(k)

2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Otsailetik zeresan handia ari da ematen Ukraina eta Errusiaren arteko gerra. Asko hitz egin da kalean honi buruz, milaka berri jaso ditugu komunikabideetatik, ehundaka salaketa mezu Whatsappean, hamaika elkartasun ekintza Ukrainako biktimei lagundu asmoz... Gogor kritikatu ditugu Errusia zein Putinen erregimen autoritarioa. Eta Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak, merkataritza boikotak eta nazioarteko kirol lehiaketa nagusietan lehiatzeko debekuak hartu dira bitarte honetan. Esan daiteke gehiengo zabal batentzat mundu mailako etsai berri bilakatu dela Errusia eta nazioarteko tirano ankerrena V. Putin...

Badira, ordea, honen guztiaren inguruan asko harritzen nauten hainbat jarrera, gertuko ingurunean ere sumatzera iritsi naizenak:

1.- Hasteko, badirudi Putinen ankerkeria eta indarkeria 2022 honetan ezagutu dugula, hamarkadak doanean gisa honetara jokatzen. Ez da ezer berria. Ondorioz, zergatik orain arte inork ez zuen ahotsik altxatzen eta orain bai? Zer aldatu da? Hor daude 90. hamarkadatik hona Txetxeniako zein Dagestaneko herritarren aurka egindako txikizioak. 1999tik Txetxenia Errusiak okupatuta dago, 100.000 hildako eragin zituzten (ia denak zibilak), Grozni gisako hiriak erabat suntsituta geratu dira, txetxeniarren %33ak ihes egin behar izan zuen eta giza eskubideen urraketa sistematikoa da bertan. Hori horrela, zergatik ez zen Errusia gaitzesten? Zergatik lehen hain ona zen Putin orain bat-batean txarra bilakatu da, bere ekintzak aldatu ez badira? Lehen biktimak urrunekoak (edota arriskutsuak) suertatzen zitzaizkigulako agian?

2.- «Nola liteke XXI. mendean gerra bat egotea? Ez da posible, lotsagarria da!», aipatu zidan ezagun batek, erabat arduratuta eta asaldatuta. «Nola gerra BAT? Zoritxarrez gerra asko (eta oso krudelak) egon dira eta daude gure mende honetan», erantzun nion harrituta. «Ireki begiak, mesedez!», esanez bezala. Indarkeriak, indartsuenaren legeak eta gerra krimenek gidatutako ordena sistema baita guk zibilizatutzat hartzen dugun hau. Gatazkez betea eta ahulenei erasotzen diena, egunero milaka biktima eraginez:

- Hor dago Israel palestinarren (zein Libanokoen) aurka egiten ari den garbiketa etnikoa, aplikatzen ari den apartheid-a, genozidioa. Nazien biktima izan zirenen oinordekoak nazien pare jarrita daude aspalditik. Europaren zein AEBen laguntzarekin zein isiltasunarekin, noski.

- Ezin ahaztu Maroko Saharako herriaren aurka egiten ari dena ere, lurraldeak okupatuz, herritarrak desertuko errefuxiatu guneetara kanporatuz, ilegalki Saharako baliabideekin negozioak eginez... Hori dena, bereziki Espainiaren zein Frantziaren laguntza eta babesarekin...

- Turkiako Estatuaren CVa ere orbanez eta odolez zipriztindua dago: XX. mende hasieran Armenian eragindako genozidioa edo azken hamarkada luzeotan Kurdistango herriaren aurka martxan duen gerra makinaria guztia... Hau ere, Europako Batasunaren konplizitatearekin...

- Edo Saudi Arabia Yemenen aurka egiten ari dena. Baina nola mendebaldeko herrialdeon aliatu leial eta negoziokide den...

- Ezin ahaztu AEBak ere, eta eragin dituzten gerrak eta inbasioak (Vietnam, Afganistan, Irak...), zein Hego Ameriketan sustatu, babestu dituen estatu kolpeak eta erregimen militarrak.

- Edota Lehen Mundu deiturikoak Afrikan aplikatzen dugun gosearen gerra, urtero milioika hildako eragiten dituena.

Gatazka hauetako asko, gainera, denboran eternizatzen ari dira, ohiko, normal edo natural bailiran... Inolaz ere ez denean horrela... Zergatik ez digute ukitzen, mintzen Ukrainako gerrak bezala? Lehen mailako eta bigarren mailako gerrak ote daude? Lehen eta bigarren mailako biktimak dauden bezala? Zergatik injustizia berdinen aurrean gure elkartasun edo erantzun maila hain desberdinak? Euren azalaren koloreak eragina ote du honetan? Azken urteotan, urtero 25 milioi errefuxiatutik gora daude munduan, gatazkei, goseari edota hondamendi naturalei ihes eginez datozenak... Zergatik batzuk eskuzabalik hartzen ditugu, baina beste denak uharte galduetara bidaltzen edo hesi erraldoien atarian erailtzen? Denak ez al dira pertsonak? Guztiek ez al dute bada laguntza behar?

3.- Aurrekoari lotuta, Errusia gogor zigortua izan den bezala, zergatik ez dira modu berean zigortzen Errusia bezain erasotzaileak eta hiltzaileak diren Israel, Maroko, Turkia, AEB edo Saudi Arabia? Zergatik ez dira aplikatzen neurri berdinak krimen berdinentzat? Zergatik egiten ditugu halako desberdintasunak?

4.- Azkenik, Ukrainako guda 2022ko otsailean hasi zela kontatu digute komunikabideek. Baina ezkutatu egiten dute gatazka eta erasoak 2014tik datozela. Orduko Ukrainako Gobernuaren jarrerak ikusita, Donbass izeneko eremuko herritarrek independentzia aldarrikatu zutenean (errusiar sentitzen zirelako). Honen aurrean, Ukrainaren erantzuna (AEBen laguntzaz) Donbass militarki erasotu eta etxebizitzak, eskolak, ospitaleak zein lantokiak bonbardatzea izan zen, milioi bat zibil desplazatu eta 6.000 hildako eraginez, auzo osoak birrinduz... Kontuz ibili behar gara beraz errelato ofizialarekin, hots, Errusia gaizto eta Ukraina zintzoarekin. Bata zein bestea baitira erasotzaileak eta gerra-krimenen erantzuleak. Errusia dirudien bezain ankerra da, bai, zalantzarik gabe. Baina Ukraina ez da kontatzen diguten bezain otzana edo bakezalea.

Ezkutuko protagonistak daude gerra honen atzean ere. Euren interes ekonomikoak medio, Ukraina erabiltzen ari direnak gerra sustatu eta negozioa egiteko. Eta bide batez, arerio historiko bat ahultzeko, bakartzeko. Beste behin AEBetako eliteak dira hariak mugitzen dituztenak. Hildakoak, beti bezala, besteek jartzen dituzte...

Eta ondorengo galdera datorkit burura: hamarkada luzez etengabe etsaiak, tiranoak asmatzen eta ondoren ustez borrokatzen dabilen hori ez ote azkenerako benetako etsaia edo arerioa dena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.