Yllanesen eta 'aldraren' auziei heltzeko erronka

2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Oraindik ere, emakumeok mendekoak gara gizonarekiko harremanean arlo eta maila askotan, hasi eguneroko eremu eta harreman pertsonal hutsetatik, eta buka eremurik zabal eta transbertsalenean, hau da, menderik mende patriarkatuak sorturiko instituzio guzti-guztietan; esaterako, zigor justiziaren sisteman.

Bene-benetakoa da emakumeen kontrako indarkeria, eta dokumentatu baino askoz ere zabalduagoa dago. Emakumeok hartatik babestu beharra daukagu, eta hari aurre egin. Horretarako, besteak beste, zigor justiziara jotzea da bide bat. Nolanahi ere, esan beharra daukagu gaur egungo zigor sistemek ez dutela balio ez biktima babesteko, ez indarkeriari molde onuragarri batez aurre egin eta errepikatzea eragozteko, eta esan beharra daukagu, era berean, delitua egin duenari zigorra inposatu baino ez dutela egiten, eta horrek bazka ematen diola indarkeriari, berritu dadin. Beraz, zigorra eta indarkeria, beldurrarekin eta intimidazioarekin batera: horiexek izan dira beti patriarkatuaren tresna nagusiak.

Azkenaldian, aditzen hasi gara gure taldeak aspaldi-aspalditik azpimarratzen duen zerbait: dugun justizia sistema hau patriarkala dela, besteak beste. Halaxe da, bai: izan ere, patriarkatuan eta patriarkatuak sortuak dira zigor zuzenbidearen kontzeptua bera, zigor arloko prozesua eta zigor justiziaren sistemaren inguruko mekanismo eta eragile guztiak, hala nola epailearen figura, akusazioaren eta defentsaren logika, polizia, eta, jakina, presondegia.

Hori esaten denean, beste baieztapen batzuk ere egin ohi dira, eta "dugun justizia hau patriarkala da" esaldiaren atzetik beste hauek etorri ohi dira: "Patriarkala da, ez baitago dudarik ez zuela nahi", "patriarkala da, ez baitzaie kasurik egiten emakumeei", "patriarkala da, oso galdeketa zorrotza egin baitiote emakume bati", "patriarkala da, bortxatzaile batek edo tratu txarrak ematen dituen batek ez bailuke sekula atera behar kartzelatik", "patriarkala da, dagoeneko izaten baititu irteteko baimenak"... Hau da, batzuek sistema salatzen dute, patriarkala izatea leporaturik, baina halakoak botatzen dituzte segidan, eta horrek argi eta garbi erakusten du ezen, haientzat, uztarturik daudela justiziaren kontzeptua eta kartzela zigor zentzagarri eta gogorra. Hala, nahiz eta hasieran justizia kritikatzen duten patriarkala izategatik, gero legitimatu egiten dute oraingo justizia eredua, eta, hala, justizia patriarkalaren sistema sendotu, baina berme gutxiagorekin eta zigor gogorragoekin. Ahots horien diskurtsoak oraingo sistemaren iraupena sendotzen du, eta oraingo sistemak, esaterako, Europako zigor koderik gogorrenetako bat du, eta Europako preso gehien. Ahots horiei esker, sendotzen ari dira epaitegietako zenbait praktika, hala nola atxilotuen eskubide oinarrizkoen urraketa, bai presoen zaintzari eta bai defentsa eskubideei dagokienez, beste gabezia askorekin batean. Azken finean, porrot eginiko justizia sistema bat indartzen ari dira, eta halaxe aitortuko du bere buruarekin zintzoa den eta —handik pasatu delako edo haren parte delako— sistema ondo ezagutzen duen nornahik.

Aldraren kasuko bost gizonak irudikatzeko panpinak urkatzea, "hauen bila" kartelak jartzea, indarkeriaz beteriko leloak edo mehatxuzkoak erabiltzea, zigorrak are gehiago gogortu nahian Zigor Kodea aldatzeko eskatzea (zernahi zigor, baita Yllanesen kasuan inhabilitazio profesionala bizi guztikoa izatea ere)...: hori guztia mendekuan eta zigorrean bermatzen da, eta oinarriak sendotzen dizkio zigor justizia patriarkalaren sistemari, eta itxuragabetu egiten ditu feminista ere bagarenon eskaerak. Punitibismoaren kontrako gure jarrerak ez du onartzen baldintzarik, eta, gure jarrera horren ondorioz, seinalatu beharra daukagu borrokatu nahi dugun justiziaren logikaren parte direla jokabide eta exijentzia horiek, eta ez direla autodefentsa modu bat.

Zer esan nahi dugu horrekin? Bada, zera: justizia sistema patriarkala ez izatea nahi badugu, kontra egin beharko diogula zigorraren beraren ideiari, zeinak erasotzailearen figuran heltzen baitio delituari, indarkeria instituzionalizaturako ezin konta ahala mekanismo erabiliz; gainera, biktima ahazten du, eta, are garrantzizkoagoa dena, ez die heltzen erasoa ekarri zuten arrazoiei. Beste leku batzuetatik abiaturik pentsatu beharra dago zein diren alternatibak; bestela, zigor justizian aurkitu nahiko ditugu hartan ez dauden erantzunak, eta horren erakusgarri argia izan da nola heldu zaion genero indarkeriari.

Indarkeria gutxiagoko espazio eta jokalekuetan eta beste logika batzuekin pentsatzen ez badugu, eta gogoan ez baditugu hartzen epaileekin zerikusirik ez duten eragile batzuk eta presondegiaz besteko alternatibak, bada, orduan zigor justizia patriarkala sendotu besterik ez dugu egingo. Baina, patriarkala izateaz gainera, edo patriarkala delako hain zuzen, justizia klasista ere bada, arrazista, eta ez da berdina batzuentzat eta besteentzat... Eta zenbat eta gehiago indartu oraingo zigor justizia, orduan eta arrazistagoa, berdintasun gutxiagokoa, klasistagoa eta patriarkalagoa izango da gure gizartea ere, eta kalte handiagoa egingo digu emakume guztioi.    

Kontua da honetan guztian ataka gaiztoan gaudela gizarte gisa. Alde batetik, etengabe auzitan jartzen gaituzte emakumeok, zalantzan ezarri, eta errua leporatu edo kritikatu egiten gaituzte etengabe; horri guztiari aurre egin beharrean egoten gara. Alde horretatik, paradigmatikoa eta lotsagarria izan da Espainiako Estatuko komunikabide gehienek nola jorratu duten sexu harremanak izatearen onarpenaren auzia aldraren kasuan. Bestetik, emakumeon arteko ahizpatasun loturak sortu eta zaindu behar ditugu sexuaren eta harremanen auziari dagokionez, gure kontrako indarkeriari dagokionez...  Horren adibide zoragarri bat izan da Nik sinesten dizut leloa. Baina, horretaz gainera, beste muturrean, erne egon behar dugu ez gaitzaten arma gisa erabil politika kriminalak gogortzeko, ez dezaten esan zigor sistemak emakumeen interesak defendatu nahi dituela. Horixe nabarmendu nahi dugu artikulu honetan.

Beste eredu bat sortzeko erronka dugu, baina ezin sortuko dugu erasotzaileak zapaltzeko aukerak sendotuz, eta edukirik, lehentasunik eta aurrekonturik gabe utziz biktimek gehien behar dituzten arloak eta, oro har, egoera honetan, emakumeok gehien behar ditugunak. Azken batean, eta argiago adierazteko, esaten ari gara guri adarra jotzeari utzi behar diotela patriarkatuaren irudira sorturiko instituzio horiek, eta esaten ari gara bestelako programetan inbertitu behar dela, milioika eta milioika euro inbertitu ordez porrot eginiko justizia sistema batean, estatuko kartzela guztietan eta gizarteratzeko aukerarik gabe 60.000 lagun baino gehiago preso dauzkan sisteman; alegia, inbertitu behar dela emakumearen kontrako indarkeriaren egiazko prebentzioa dakarten programetan, pobreziari eta berdintasunik ezari helduko dietenetan. Eta esaten ari gara ezen, erantzun gisa, eredu konpontzaileak ezartzen hasi behar direla, eta ez eredu zigortzaileak.

Feminismoetan, zeinetan nozio alternatiboak eratzen ari baitira biziari askotariko arloetan eusteko, eta, zehazki, punitibismoaren kontrako feminismoetan, uste dugu ardura historiko bat dugula: aurrez aurre eta sakon kritikatu behar dugu indarrean den zigor sistema; bestela, badago arrisku intrintseko bat zigor zuzenbidera jotzeko baita gizartea aldatu nahi dugunok ere.


ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Libertad Frances, June San Millan, Irati Jimenez, Iranzu Baltasar, Manuel Ledesma, Ana Martinez eta Lorena Alemana. Bertsio osoa, web orri honetan: www.berria.eus/iritzia

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.