Zaintza gabe, bizitzarik ez

Maider BaraƱano, Naia Kortaberria eta Haizea Kortaberria
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Martxoaren 8an instituzioak berriz jantzi ziren morez, berriz egin zituzten zaintzaren aldeko aldarriak bere, eta berriz hustu zuten edukiz mugimendu feministaren borroka egun bat. Perspektiba feminista eta zaintza erdigunean kokatuko dituen politikak garatuko zituztela ere esan zuten; ez dira ohartzen zaintza ez dela berdintasun planekin soilik egiten, feminismoa ez da urtean egun batez egiten. Instituzio patriarkaletan plan gutxi batzuk garatzearekin ez dugu arazoa konpontzen, errotik patriarkala den sistema batean eta oinarrian patriarkalak diren tresnekin ari baitzarete. Errotiko eraldaketa da behar duguna, zaintza erdigunean jarriko duena, egunero eta espazio eta praktika guztietan.

Zaintza sistema publiko komunitario bat ortzi-mugan dugun arren neska* gazteok ondo dakigu dauzkagun urgentziei erantzutea ezinbestekoa dela, eta horren arduradun instituzioak direla. Gure osasuna da jokoan dagoena; buru osasuneko gaitzen intzidentziaren gorakadaren aurrean ez da gure beharrak asetzeko inbertsio publikorik egin, zaintza aldarrikatu bai, baina, benetako zaintza politikak martxan jarri beharrean, pribatizazioaren aldeko apustu argia egiten dute bai Nafarroako Gobernuak eta baita Eusko Jaurlaritzak ere.

Bizi dugun krisi anizkoitz honen aurrean, bizitzen uzten ez digun sistema baten aurrean, emakumeak*, migratu eta arrazializatuak eta neska* gazteak gara bizitzari eusten diogunak, zaintza lanak prekarioan eta inolako aitortzarik jaso gabe egiten ditugunak. Neska* gazteon kasuan umeak zaindu eta klase partikularrak eman ohi ditugu, oso baldintza prekarioetan, soldata eskasekin, ordutegi finkorik gabe, oporrik gabe, kotizatu gabe, baja eskubiderik gabe... Oinarrizko lan eskubiderik gabe.

Gainera, ezin dugu ahaztu egiten ditugun lanek funtzio zehatzak betetzen dituztela: batetik, hezkuntza sistemaren hutsuneak betetzen ditugu, arreta handiagoa behar duten haurren ikasketa prozesuan pieza ezinbestekoa gara; bestetik, haurrak zaintzeko lanak gure gain hartzen ditugu... Hori zergatik? Instituzioek hartu ez, eta familiek merkatu pribatuaren bidez externalizatzen dituztelako behin eta berriz.

Eta ez, ez da kasualitatea gazteon artean neskak* izatea soldatapeko zaintza lanak betetzen ditugunak, baliogabetuenak, prekarioenak eta aitortuak ez diren lan horiek egiten ditugunak. Ezin gara kapitalak eta instituzioek betetzen duten paperera mugatu, gizonek erantzukizun handia duzue guzti honetan, ez duzue zaintza lanen ardurarik hartzen, ez duzue zaintzen.

Egia da azken urteotan gizon batzuek zaintza lan txiki batzuk haien gain hartzeko aukera egin dutela, lanik dibertigarrienak, askotan aisialdiarekin lotutakoak eta aitortza sozial handiena dutenak (sukaldatzea, haurrak parkera eramatea...). Baina zaintza hori baino askoz gehiago da, zaintza ardura erakustea da, besteen beharrizanak eta nahiak kontuan hartzea, besteen gustuak eta une bereziak oroitzea. Eta ez da kasualitatea gizonek halakoez ez hausnartzea. Horrela erakusten diguzue ez duzuela ezer ulertu, ez garela norbanako batzuen hautuez ari, gizonek zaintza lanak talde sozial gisa hartu behar dituzuela, hau da, botereari uko egin behar diozuela. Zuen pribilegioei eutsi besterik ez duzue egiten, eta ez zarete kontziente benetan zaintzeak zuen bizitzan zenbat atzerapauso eta botere uzte suposatuko lizuekeen.

Kontziente izan behar zarete gaur egun zaintza lanak egiteak geure burua prekarizatzea, denbora beste toki batzuetatik kentzea eta baliogabetutako lanak egingo ditugula onartzea dela, are, halako baldintzatan egiten ez direnak zaintza lan pribilegiatuak direla.

Neska* gazteok nazkaturik gaude, eta, beraz, bizitzak erdigunean jartzeko apustu iraultzailea egiten dugu. Izan ere, berriro, feminismoa izan da sistema errotik eraldatzeko oinarriak jartzen dituen apustua egiten dabilena, bizitzak erdigunean jartzeko, eta, beraz, dugun zaintza sistemaren eraldaketa osoaren alde egiten duena.

Horretarako argi dugu gaurdanik hasi behar dugula bidea, Martxoaren 8aren ondotik, eraldaketarako lehen pausoak emanez eta bakoitza dagoen toki horretatik borrokatuz. Argi dugu egun daukagun zaintza eredua sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren isla dela eta sistema honen barnean garatzen dela neska* gazteok prekarizatu eta gizonak behin eta berriro pribilegiatzen dituen zaintza eredu hau. Horregatik dakigu gizonen ardurarik eza sozializazio prozesuen ondorio dela, eta, beraz, hezkuntza sistema feminista baten aldeko apustua ere erradikala dela: gizonak zaintzera behartuko dituen sistema baten aldeko apustua urgentziazkoa da, eta, horretarako, dauzkagun tresna guztiak erabiliko ditugu, ez izan zalantzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.