Xabier Onaindia.

Zaintza partekatua, zalantzarik gabe

2013ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Arretaz irakurri ditut zaintzaren inguruan argitaratu dituzten artikuluak, bai Sortun eztabaida bat dutelako, bai Gasteizko Parlamentuan proposamen bat aurkeztu dutelako; eta, izatez Sortu erakundeko kidea ez banaiz ere, iruditzen zait txalogarria dela halako eztabaidagai bat izatea eta argudioak jendaurrean agertzea.

Pediatra izateak ez du ematen inolako aginpide ez moralik ez intelektualik, baina bestelako ikuspegi bat ahalbidetzen du. Nire ikuspegia ez dator bat aita bananduen talderen batenarekin: antza denez, batzuek aurkitu berriak dituzte zaintza partekatzeak dakartzan onurak, batik bat amen esku geratu denean —izan ere, oro har, ama-alabak etorri ohi dira kontsultara—. Era berean, nire ikuspegia ez dator bat talde feministaren batenarekin: zaintza berdintasunean parteka dadin borrokatzen ari dira, baina bikotea banandu bitartean bakarrik; banandu eta gero, ez da partekatu behar, haien ustez, orduan zaintzak amaren gain geratu behar baitu modu sistematikoan, eta salbuespen gisan, partekatua izan—.

Nire ustez, oroz gain, haurrak babestu behar dira, dagozkien eskubideak bermatu behar zaizkie, haien garapenaren alde egin behar da, eta zoriontsu izaten lagundu behar zaie. Helduek haurrek baino baliabide psikologiko eta ekonomiko gehiago dituzte aurrera egiteko, eta haurrak gehiago sufritzen dute gurasoen artean sorturiko gerra horretan. Askotan, elkarren aurkako arma gisa erabiltzen dituzte, nork bere mehatxu desioak baretze aldera edo ezkontidearekiko etekinen bat ateratze aldera, eta halakotzat erabiltzeak min egiten diete haurrei, eskuarki, aita bat eta ama bat izatea baino ez baitute nahi izaten, adiskiderik gehienek bezalaxe.

Hainbat banantze baltsamo baten modukoa izan ohi da seme-alabentzat, luzaro ezin iraunezko egoera traumatikoetan ibiliak izaki. Haurrak uste baino hobeto egokituagatik, kontsultara datozkigun haurretatik gehienentzat handiagoa da eskola porrota, eta txikiagoa beren buruaren estimua, eta gizarte harremanetarako ere zailtasun handiagoak dituzte. Zenbaitzuetan, depresio, antsietate zantzuak ageri dituzte; beldurra diote abandonuari, eta errudun sentitzen dira, gertatzen ari zaiena beren errua izango balitz bezala. Beste batzuek jokabide arazoak izan ohi dituzte, eta, are larriagoa dena, Wallersteinen iritziz, bizi guztian.

Erradiografia bat eginez gero, ikusiko dugu estatuan urtean 100.000 haur baino gehiago direla kaltetuak. 2006an, banantzeen %52 eta dibortzioen %65 elkarrekiko adostasunez egindakoak izan ziren, eta, halako kasuetan, adostasun hori berretsi baino ez du egiten epaileak. Zenbait taldek zifra horiek baliatzen dituzte arazoa txikiagotzeko; izan ere, bikote gutxi batzuek baino ez dute jotzen auzi helegitera. Baina datu horiek engainagarriak dira, desadostasuna baldin badago guraso bakarreko zaintzaren alde erabakitzen baitute: 2011n, esaterako, kasuen %97tan, eta, horietatik %90etan baino gehiagotan, amari egokitu zitzaion zaintza. Horregatik diot engainagarriak direla, sententzia horiek oso kontrakoak baitira aitentzat, ezinbestean akordio bat adostu behar izateraino, hobe beharrez.

Familiako erradiografiak, berriz, zera erakusten digu: batetik, ama pobretu bat, ezkon bizilekua izandakoan geratzen dena —halakorik izanez gero—, seme-alaben zaintza bere gain hartuta —askotan, ezarria dioten pentsioa jaso ere egin gabe—, eta, bestetik, aita pobretu bat, etxerik gabea, bi astetik behingo bisita erregimena jarria diotena, eta ezarri dioten pentsioa ordaindu nahi ez duena edo ordaindu ezin duena. Drama benetakoa bientzat, baina zaintza bere gain egokitu zaionak, behintzat, aukera du «seme-alabekin egoteko, haiek zaintzeko, babesteko, elikatzeko...»; haur baten bizimoduan oinarrizkoak diren alderdi guztiak erabakitzeko. Zaintzarik gabe geratzen dena ikusle huts bihurtzen da, eta, askotan, azkenerako galdu egiten du seme-alaben maitasuna, haiekiko harremana, eta guraso alienazio deritzon sindromearen biktima bihurtzen da —hainbat psikiatria eskolak halakorik ez onartuagatik—, bere burua laidoztatu eta arbuiatzeraino, bai eta seme-alabekiko lotura guztiak desegiteraino ere.

Europa iparraldeko herrialdeetan, bestelako kultura bat dutenez, aspaldidanik gertatzen dira banantzeak, eta gainditua dute eztabaida hori, modu sistematikoan ezartzeraino zaintza partekatua, zeinetan guraso biei erdi bana baitagokie bai seme-alabez gozatzeko denbora eta bai haien gastuak ordaintzea. Italian eta Espainian, ordea, guraso bakarreko zaintzaren aldekoak dira sententziarik gehien-gehienak.

Horrez gainera, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eta beste hainbat erakunde nazioartekok erabakia dute zaintza partekatuak arau behar duela izan. Bestalde, Espainiako Auzitegi Gorenak —jakinagatik ere aginpide etiko eta juridiko urria duela— adierazi berri du hori dela «adingabeentzako konponbiderik onena», 2013ko apirileko sententzia baten bidez.

Hainbat ikerlanek eta estatistikak frogatu izan dituzte hipotesi batzuk zein kontrakoak, baina badira metodologia zorrotz batzuen bidez egindako ikerlanak ere, ausazko lagin zabala dakartenak eta urteetako jarraipena izan dutenak, eta, horietako gehienetan ondorioztatu dutenez, onuragarria da zaintza partekatzea. Bauserman-en iritziz (2002), haurrak hobeto egokitzen dira, eta, Kelly-ren ustez, (2000), harroago daude beren buruaz, eta hobeto garatzen dira. Ikuspegi horrekin kritiko direnek nabarmendu dute eragozpen handiak dituela etengabe etxez aldatzen ibili beharrak, eta gurasoen arteko elkar ulertze handia eskatzen du, eta, hain zuzen ere, horixe falta zaie. Ikuspegi horren aldekoek diote, berriz, haur horiek hobeto egokitzen direla, eta, horrez gainera, beren buruaren estimu handiagoa dute, eta abandonuaren beldur txikiagoa, eta harreman hobea dute guraso biekin, eta amak ere pozikago daude haurrekin.

Zaintza partekatuak ez du balio kasu guztietarako. Litekeena da izatea aita tratu txar emaileak eta ama gaixo psikikoak, eta, halako kasuetan, ezin dute zaintza beren gain hartu. Baina zabala da kasuistika. Gainera, zilegi da hainbat modutan partekatzea zaintza. Funtsezkoa ez da nola, baizik zer. Partekatzea da erabakigarria.

Gizabanakoak poliedrikoak dira, eta bikoteak, are gehiago. Bikote bakoitza mundu bat da. Saihestu egin behar dira formula unibertsalak; baina aldeztu egin behar da, zalantzarik gabe, desadostasuna dagoenean zaintza partekatua dela alternatibarik onena, lehenetsi beharrekoa; salbuespenetan, berriz, guraso bakarreko zaintza.

(Erredakzioan itzulia
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA