Zapatero presidentea, lagun ezazu orain indarkeriari amaiera ematen

Brian Currin, Silvia Casale, Pierre Hazan, Raymond Kendall, Nuala O'Loan baroisa eta Alberto Spektorowski
2011ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Inork ez zuen sinetsiko 80ko hamarkadan, orduan krisi ekonomiko larria eta langabezia masiboa pairatzen zebilen Euskal Herria Europako eskualdeetatik aberatsenetarikoa bihurtuko zenik. Egun, Euskal Herria une erabakigarria bizitzen ari da berriz ere. ETA talde armatu independentistarekin dagoen gatazka, zeinak 800 hildako baino gehiago utzi dituen eta sufrimendu ikaragarria sortu duen azken lau hamarkadetan, behin betiko konpon daiteke.

Urte honen hasieratik, gertakizun askok dinamika berri bat sortu dute euskal gatazkan. Urtarrilaren 10ean ETAk aldebakarreko su-etena deklaratu zuen. Hurrengo hilabetean, legez kanpoko ezker abertzaleak alderdi berria, Sortu, eman zuen ezagutzera, indarkeria baldintzarik gabe errefusatzen duten estatutuekin batera. Era horretan, Espainiako legeriak legeztapenerako eskatzen dituen baldintzak betetzen direla uste dugu. Zoritxarrez, legeztatze hori Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain dago, normalizazio politikoa lortzea atzeratuz. Guretzako, zalantza gutxi daude legalizazioa laster gertatuko dela sinesteko, batez ere joan zen astean Auzitegi Konstituzionalak Bildu legez kanpo ez uzteko erabakia hartu ondoren. Espainiako Auzitegietatik Gorenenaren erabaki aitzindari horrek, geure iritziz, demokrazia eta zuzenbide estatuaren garaipena adierazten du eta Euskal Herrirako normalizazio politikoari bidea irekitzen dio.

Apirilaren 28an, Euskal Herriko eta Nafarroako enpresarien bi elkarte nagusik «iraultza zerga» bukatutzat ematen zuen ETAren gutun bat ezagutarazi zuten. Era berean, publiko egin zuten ETAk, su-etenaren adierazpenetik aurrera, iraganean enpresari asko hildako eragin zituzten beldurrarazte eta estortsio praktikak baztertu zituela. Guk geure berezko ikerketa gauzatu dugu eta ETAren su-eten orokorraren aspektu hau mantentzen dela baieztatzeko baldintzetan gaude. ETAren betetzea gainbegiratzen jarraituko dugu.

Asko dira garapen positibo honen arrazoiak. Sorturen konpromisoaz gain bide soilik baketsuekiko, ezker abertzaleko gehiengo handia indarkeriaren aurka agertu da; euskal alderdi politiko guztien ordezkariek, Alderdi Popularrak izan ezik, Sorturen legeztapena eskatzen dute; Espainiako eta Frantziako segurtasun-indarrak arrakasta izaten ari dira izuaren estrategiaren aurka; eta nazioarteko konpromisoa gatazkaren eraldaketan konponbide iraunkorra zinez posible den ustean konfiantza eraikitzen ari da.

Dinamika hau sustatzeko xedez, joan zen urtarrilean Harremanetarako Nazioarteko Taldea finkatu zen, Euskal Herriko hainbat alderdi politiko, sindikatu eta elkarteren eskakizunari erantzunez, normalizazio politikoa eta indarkeria politikoaren amaiera errazteko.

Orain arte, Espainiako Gobernuak ez dio era positiboan erantzun garapen honi. Gobernuak eskakizuna egin eta gero, Espainiako Auzitegi Gorenak ez dio soilik Sorturen legeztapenari aurka egin, baizik eta baita Bildurenari ere, zeina ETAren indarkeria betidanik errefusatu duten alderdi independentisten arteko koalizioa den. Auzitegi Gorenak Bilduren aurka eman zuen epaia, hautagaien zerrendetan iraganean Batasunarekin lotutako pertsonak daudelako. Auzitegiaren ustez, ETArekin lotura dagoela frogatzen du horrek. Zorionez, Auzitegi Konstituzionalak Bildurekiko Auzitegi Gorenaren erabakia baliogabetu du.

Ulertzekoa da konfiantzaren auzia. ETAk 2006ko abenduan Madrilgo aireportuan lehertarazitako bonba ikaragarria ez da ahaztu. Gobernuak pentsa dezake su-eten hau ETAri berregituratzeko denbora emateko mugimendu taktikoa dela berriz erasotzen hasi aurretik. Gobernuaren errezeloa aintzat hartzen badugu ere, ados gaude euskal alderdi politiko eta talde sozial gehienekin baieztapen honetan: baldintzak orain, lehenengo aldiz urte askoren ondoren, helduak dira eraldaketa politiko sakona eta bake iraunkorra lortzeko. Hori dela eta, pozez hartu dugu Espainiako Gobernuaren erantzun arduratsu eta heldua Bildu legez kanpo ez uztearen inguruan.

Gaur, deia egiten diogu Espainiako Gobernuko Presidenteari: «Zapatero Jauna, ez ezazu Europako azken gatazka politiko bortitzarekin bukatzeko aukera historiko hau galdu. Egin ezazu zure eskuetan dagoena Sortuk bakearekin eta demokraziarekin duen konpromisoa frogatzeko aukera izan dezan, bereziki Auzitegi Konstituzionalak Bildu legez kanpo ez uzteko erabaki ondoren; malgutu segurtasun lege zorrotzak Euskal Herrian inguru barneratzaile bat ahalbidetzeko; lankidetza eskaini naziorteko erakunde bati ETAren su-etena egiaztatzeko eta armen deuseztapena errazteko».

Hurrengo urterako aurreikusita dauden Hauteskunde Orokorrei begira, Espainiako Gobernua tentatuta senti daiteke instituzio demokratikoetan sartzera ezker abertzalearen ahaleginei aurka egiten jarraitzeko, aukera berriak sortu arren oposizioak ahultasuna leporatuko dion beldurragatik. Baina une hau lidergo eta gidaritzarako unea dela sinesten dugu eta, Zapatero Presidentea, «iraganean frogatu duzu horretarako gaitasuna baduzula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.