Ikama

Zeroa sistemarena da

Irene Zelarain Rojo eta Aretx Bedialauneta Ibaibarriaga
2026ko uztailaren 2a
15:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteetan bor-bor dabilen gaietako bati heldu diogu gaur bilera ondorengo potea hartzen ari ginela. Bilboko 60 gaztek selektibitateko euskarako azterketan ateratako zeroen inguruan aritu gara denbora luzez. Izan ere, 60 ikasle hauen notek zeresan handia eman dute; eta hala jarraituko du egoerak datozen egunetan, foku mediatikoa problematikaren errotik desbideratzen ari diren bitartean.

Gertakari honek hezkuntza sistemaren errotiko arazoak argi eta garbi islatu ditu. Egungo hezkuntza sistemaren hutsuneez, A ereduak Euskal Herrian duen eraginaz, hezkuntzak euskararen biziraupen eta transmisioan jokatu behar duen paperaz eta beste hainbestez hitz egiten ari da euskal jendartea azken asteetan.

Euskal ikasleok urteak daramatzagu egoera honekin lotura zuzena duten aldarriak plazaratzen.

Hasteko, hezkuntza sistemak euskara izan behar du ardatz. Euskal Herriko hezkuntza sistema euskalduna eta publikoa izan behar da. Euskarak herritar guztien eskura egon behar du, eta hezkuntza ezinbestean izan behar da horretarako zutabe nagusienetariko bat.

USaPeko frogan nota hauek atera dituzten ikasleengan ikus daiteke jaso duten hezkuntza eredu zein prozesuek ez dutela euskalduntzen. Izan ere, galdera ez da nola eta nork eragin duen emaitza kaxkarra, baizik eta nola eta zerk ahalbidetu duen hau horrela izatea.

Hain justu, 60 ikasleak A eredukoak dira guztiak. Ikusi da A eredua ez dela gai ikasleak menderatu beharko luketen euskara maila bermatzeko. Hezkuntza legeetan aurrerapenak eta aldaketak beharrezkoak dira, eta legeek eta legeak aplikatzen dituztenek euskarari duen garrantzia eman behar diote. Hortik harago, inoiz baino argiago ikus daiteke, ordea, euskarak eta Euskal Herriak independentzia behar dutela. Eta ikasleon euskalduntzea gure estatuaren eta hezkuntza sistema propio, publiko eta komunitarioaren eskutik etorriko dela soilik.

Sistemaren porrota agerian utzita, nota hauek atera dituzten ikasleek eta haien familiek auzitara jo dute. Azken egunotan, auzitegiek ikasle hauen nota kontuan har ez dezala eta batezbestekoa euskarako nota gabe egin dezala eskatu diote EHUri.

USaPeko frogan nota hauek atera dituzten ikasleengan ikus daiteke jaso duten hezkuntza eredu zein prozesuek ez dutela euskalduntzen. Izan ere, galdera ez da nola eta nork eragin duen emaitza kaxkarra, baizik eta nola eta zerk ahalbidetu duen hau horrela izatea

Egoera hau erabat lotsagarria eta onartezina da. Euskara bigarren planoan uztetik harago, erabaki politiko interesatu bat kontuan hartzeko eskatzen ari da epaitegia; euskara gehiago zapaltzea. Zalantzarik gabe, erabaki hau euskararen aurkako oldarraldiaren barruko beste erabaki bat da.

Euskara da Euskal Herriaren biziraupenerako daukagun berme eraginkor eta beharrezkoena. Zenbakietatik harago doa hau, ez da nota kontua. Horrelako egoerak mehatxu gisa ulertu eta aldaketarako grinaz jokatu behar dugu. Euskara ikasi egin behar da, zaindu, transmititu eta borrokatu. Hizkuntza bat mantentzea ardura kontua ere bada. Ikastetxeetan, kaleetan, instituzioetan… aurrerapausoak ematea urgentziazkoa da.

Beraz, euskaraz ikasi eta bizi, hori baita herriari egin diezaiokegun ekarpen handienetako bat. Eta euskal ikasleok horretan ari gara. Pasa den abenduan egin bezala, ikastetxeak hustu eta kalera ateratzen jarraituko dugu kalitatezko hezkuntza euskaldun bat aldarrikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA