Enpresa Antolaketen Zuzendaritzan lizentziaduna

Zibilizazio deitzen dugun hau

2025eko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Azal zuriek lurra eta zerua erosi eta saltzen dituzue, zuenak balira bezala. Lurra ez da, ordea, gizakiarena, gizakia lurrarena baizik. Hain da aseezina zuen gosea, lurreko gauza guztiak irensten baitituzue, atzetik basamortua soilik utzita. Ezin dugu ulertu zergatik hiltzen dituzuen, plazer hutsez, animaliak; zergatik soiltzen dituzuen basoak. Zeren eta lurrari gertatzen zaiona haren seme-alaboi gertatuko zaigu ondoren. Inguru guztiak txikitzen eta kutsatzen dituzuenez, zuen hondakinetan itota desagertuko zarete», Seattle buruzagia, 1854.

Txiki-txikitatik, gure (Mendebaldeko) gizartea zibilizazio moduan deskribatu eta saldu izan digute leku guztietan. Gure arrazionaltasuna eta balioak etengabe goraipatuz. Gainontzekoak baino hobeagoak, garatuagoak garela ondorioztatuz. Eta gizartea antolatzeko bestelako moduak zein natura edota animaliak basatitzat hartuz.

Haatik, ingurura begiratu eta eraiki dugun gizadia ikusi besterik ez dago, aurrez aipatu guztia zalantzan (edota hankaz gora) jartzeko; gutxi batzuen interes ekonomikoek eta botere goseak indarkeriaren bidez gidatutako errealitate bat topatzeko: urtero gosez zein desnutrizioz 11 milioi pertsona hiltzen dira (ditugu), lau segundoan behin pertsona bat, eta 828 milioi pertsona gosez bizi dira; egunero 5 urtetik beherako 13.800 haur hiltzen dira ekidin zitezkeen arrazoiengatik (goseagatik bereziki); gizarte desberdintasunak gero eta handiagoak dira; izan ere, munduko %10 dirudunenek aberastasun guztien %75 baino gehiago kontrolatzen dituzte, eta 2000 eta 2024 artean sortutako aberastasun totalaren %41 %1 dirudunaren eskuetara joan zen; aldiz, aberastasun horren %1 soilik eskuratu zuen %50 txiroenak; naturaren eguneroko kutsadurak, txikizioak, ez du etenik. 2015 eta 2025 artean, urtero hamar milioi baso hektareako deforestazioa eragin dugu; migrazioaren drama ere handituz doa. 2024an, 9.000 pertsona hil ziren itsasoan itota; animaliekiko indarkeria sistematikoa bilakatu da. Gero eta espezie gehiago desagertuz, edo desagertze arriskuan kokatuz. XXI. mendean, 581 espezie desagerrarazi dira jada; emakumeen aurkako indarkeriaren (bere forma eta intentsitate guztietan) datuak oso larriak dira. Estatu mailan, 2003tik gaurdaino 1.327 emakume izan dira erailak. Mundu mailan, oraindik ere lanpostu berdinagatik %23 gutxiago kobratzen dute; gero eta gerra gehiago, gastu militar handiagoa dugu, eta bakea gero eta urrunago, lausoago. Egun, 59 gerra (edo gatazka armatu) daude aktibo, eta tentsio handiko beste 116 gatazka; indigenak, jatorrizko herriak etengabe lekualdatuak, desterratuak zein erailak dira, baliabide naturalen ustiapenean dirauten enpresen eraginez. Pixkanaka, gero eta gutxiago dira ondorioz, gero eta erreserba txikiagoetan, dispertsatuagoetan gatibu; demokraziaren eta bakearen ikonotzat hartu ohi diren AEBak sortu zirenetik 249 urte igaro dira, eta urte horietatik 232tan gerran murgilduta egon dira, mundu osoan zehar.

Aurreko datuez gain, Palestina 1948tik gaur egun arte eta 2023tik are eta modu krudelagoan pairatzen ari dena zibilizazio deituriko horren ispilu, adibide ezin garbiagoa eta gordinagoa dugu: 2023tik 170.000 pertsona zauritu eta 67.000 pertsona erail dituzte, horietatik 20.000 haurrak. Eta benetan hildakoak 200.000tik gora izan daitezke (suntsitutako eraikinen azpian daudenak eta desagertuak direla medio…); bi milioi pertsona (ia-ia populazio guztia) desplazatuak izan dira, asko eta asko behin baino gehiagotan; hiri eta herri osoak suntsitu dituzte (etxebizitzak, azpiegiturak, errepideak…); eskolak, ospitaleak, anbulantziak, GKEen egoitzak, errefuxiatu guneak, okindegiak, nekazaritza lurrak… bortizki bonbardatu eta erabat suntsitu, birrindu dituzte; goseak jota, janari bila AEBek eta Israelek jarritako bilketa puntuetara joandako zibil errugabeak tiroz josita erail dituzte; laguntza humanitarioa blokeatu dute, gosea, egarria zein argindar mozketak gerra arma gisa erabiliaz; euren lana betetzen soilik ari ziren berrehunetik gora kazetari erail dituzte.

Eta hori dena mundu guztiaren aurrean, telebistaz, zuzenean. Edonondik begiratuta izua eta higuina eragiten duen genozidioa, garbiketa etnikoa. Arabiako herrialde demokratiko eta zibilizatu bakarra omen denak eraginda. Inpunitate osoz. Zibilizazio deitzen dugun honetako gobernuekin sinatutako akordio komertzialek finantzatuta. Guk saltzen dizkiegun armen bidez. Herrialde zibilizatu ia guztietako agintarien isiltasunarekin, konplizitatearekin edota indiferentziarekin.

Eta oraindik ere, genozidio hau sufritzen ari diren herritarrak hartuko ditugu basatitzat. Eta genozidioaren erantzuleak zibilizatutzat. Duela hainbat mende, naturarekin eta gainontzeko izakiekin harmonian, errespetuz bizi ziren indiarrak edo indigenak basatitzat hartzen ziren bezala. Eta haiek erail eta haien lurrak bortizki hartzen zituzten azal zuri edota konkistatzaile hiltzaileak zibilizatutzat.

Bien bitartean, etengabe jarraituko digute bozgorailuetatik gurea dela zibilizazioa esaten, gezur hori behin eta berriz errepikatuz, egia bilakatu nahian… Zibilizazioa? Benetan? Baina ze zibilizazio klase?

Larriena ez da gure gizarteari zibilizazio deitzea; zibilizazioa benetan gurea dela sinestera iritsi izana baizik. Belarriak itxi, ispiluaren aurrean jarri, eta benetan zer ikusten dugu?

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.