EEPFko delegazioa Kuba 1990

Zorionak eta animo, Euskadi! Oinarrizko kanpalekutik helmugaraino, zazpiak bat behar dugu eta

Francisco Javier Caballero Harriet, Martxel Toledo Garmendia eta Jexusmari Unanue Izpizua
2026ko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskadiko euskal pilota selekzioak, urriaren 15etik 24ra, parte hartuko du Argentinan (Buenos Aires) eta Uruguain (Colonia del Sacramento) jokatuko den Munduko Euskal Pilota Txapelketan, eta historia egingo du, lehen aldia izango delako ofizialki euskal pilota selekzio gisa parte hartuko duena. Bertan, EAEko selekzioa ordezkatuz 41 neska-mutil pilotari arituko dira hamahiru diziplinatan banatuta. Esan gabe doa izugarrizko ilusioarekin eta itxaropenarekin ekin diotela Argentinarako EEPF Euskadiko Euskal Pilota Federazioak antolatutako deialdiari.

Hogeita hamasei urte luze behar izan dira nazioartean euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzeko. Eta gure aldarrikapenaren helmuga inondik inora ez izan arren —zazpi herrialdeek osatzen duten Euskal Herrirako nahi dugulako—, urrats oso garrantzitsua da, eta gainera atzera-bueltarik gabekoa. Urrats honekin, zorionez, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren presentzia nazioarteko federazioan egonkortzeaz gain, betirako indartu egingo da zalantzarik gabe, eta, ondorioz, osotasunean, euskal pilotaren onurarako ere izango da.

1990. urtean, azaroan, Kuban jokatzen ziren munduko pilota txapelketaren harira, nazioarteko euskal pilota federazioaren oniritziarekin Euskadiko Euskal Pilota Federazioak gonbita jaso zuen bertan eta exhibizio gisa erakustaldiak antolatzeko, palan, erremontean eta joko garbian.

Garai haietan Euskadiko Euskal Pilota Federazioa osatzen genuenok, Kiko Caballero presidentea buru genuela, argi genuen aukera hura baliatu egin behar genuela euskal pilota selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarria lau haizeetara zabaltzeko. Eta zein leku egokiagoa, Kuban bertan munduko txapelketa barruan eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren aurrean baino, hori gauzatzeko.

Horrela, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko pilotari batzuek osatzen zuten euskal delegazio-selekzio gisa, Kubara bidaiatu genuen, eta nazioarteko pilota federaziokoek aukera eta ohorea izan genuen txapelketaren hasieran parte hartzaile diren selekzio guztien desfilean parte hartzeko. Gainera, kasualitatez edo, Espainiako eta Frantziako selekzioen alboan, baina aparte egitea egokitu zitzaigun. Euskal pilota selekzioaren kamiseta zuriak eta Euskadiko Federazioaren ikurra eskuetan genituela, zortzi mila pertsonaren aurrean eta harrotasunez josita, delegazio gisa eta lehenengo aldiz, ofizialtasunaren aldarria egiteko ohorea egokitu zitzaigun.

Kuban 1990ean hasi zen aldarrikapenak izan du, zorionez, euskal gizartearen aldetik jarraipena eta maiztasuna, eta, urte asko kosta izan bada ere, azkenean, ofizialtasunaren arlo hori, oraingoz soilik Euskadiko selekzioarentzat bada ere, lortuta dago

Izugarria izan zen aldarrikapen hark gure hedabideetan izan zuen oihartzuna. Baina baita Espainiako medioetan ere. Badirudi Madril aldean ez zutela begi onez ikusi Espainiatik aparte desfilean parte hartzea.

Kuban 1990ean hasi zen aldarrikapenak izan du, zorionez, euskal gizartearen aldetik jarraipena, eta, maiztasuna eta urte asko kosta izan bada ere, azkenean, ofizialtasunaren arlo hori, oraingoz soilik Euskadiko selekzioarentzat bada ere, lortuta dago.

Baina orain eta etorkizunari begira, galdera honakoa da: Zer egingo dugu? Euskadiko selekzioarekin konformatu edo ofizialtasun hori Euskal Herriko pilotari guztientzat izan arte lanean jarraitu? Ez dut uste zalantzarik dagoenik, hau ez baita guretzat behintzat helmuga, inolaz ere ez, indarberritzeko eta aurrera egiteko beste aukera bat baizik.

Orain eta etorkizunari begira, galdera honakoa da: Zer egingo dugu? Euskadiko selekzioarekin konformatu edo ofizialtasun hori Euskal Herriko pilotari guztientzat izan arte lanean jarraitu?

Euskadiko euskal pilota selekzioa ordezkatuz munduko pilota txapelketan parte hartuko duen euskal delegazio guztiari gure zorionak emateaz gain, besteak beste, historia egingo dutelako, gure animoak eman nahi dizkiegu, lor ditzaketen edozein emaitzatatik aparte, dagoeneko garaipen handiena lortuta dagoelako. Aupa zuek! Alde horretatik, gure esker onena azaldu nahi diegu aukera hau baliatu duten guztiei, besteak beste, EEPFri, Jaurlaritzari… bizi dugun momento historiko hau bideratzeagatik.

Gora Euskal Pilota Selekzioa.
 


 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA