Oporrak hartuko zenituzten gaur zuetako askok. Lanetik deskantsua hartzeko beharra areagotu egiten da uztailean, inguruan opor usaina nabari baita, baita Instagramen eta WhatsAppeko argazkietan ere. Ez dakit zein oporlari klase izango zareten zuek: deskantsua edo aktibitatea, mendia edo itsasoa, haurrekin egoteko aprobetxatu edo udalekuetara bidali, furgoneta edo hotela, merkeena hautatzen duena edo urtean behin delako aitzakian kontu korronteari erreparatu ere egiten ez dieten horietakoa. Eskerrak inertzia desberdinak ditugula, bestela are jasangaitzagoa litzateke egoera.
Beste asko udan lan egiten ariko zarete hirugarren sektorean urtean zehar dirua izateko, eta beste batzuei ez dizuete aukera emango abuztuan oporrak hartzeko, hor egoten baita lan gehien. Burua ezin altxatuta egongo zarete zuetako batzuk hondartzako txiringitoan; enpresak udako oporraldiak txandaka banatuko dizkizue beste batzuei. Haurrak zaintzen, oporretan joan den bizilagunaren landareak ureztatzen, egunero amaren etxera joaten… batek jakin zertan ibiliko zareten.
Hilabete kuriosoa da abuztua: askoren deskantsua eusten dute besteek.
Urte erdia pasatuko zuen jende askok gaurko eguna itxaronez, eta batzuk euren etxeetan gelditu besterik nahi ez dutenean, besteek etxetik ateratzeko beharra dute, egunerokotik ihes egitekoa. Asko esan dezake horrek baten egunerokotasunaz, edo, besterik gabe, deskonexio beharrak baino gehiago gauza desberdinak ezagutzeko gogoak eraman gaitzake oporretara.
Hala dirudien arren, abuztuan ez da mundua gelditzen. Gelditzen dira tramiteak, papeleoak eta klaseak, eta luzeak dira argi orduak eta atseginak gauak lagunekin elkarrizketak luzatzeko ere. Hala ere, bizitzak martxan jarraitzen du: martxan segitzen dute familia gatazkek, festetako erasoek, gaixotasunek, ideiek, tristurek…
Nik abuztuan zuengana hurbildu nahi nuke, zuen etxeetan sartu eta bizitzaz hitz egin. Inguruan gertatzen dena gogorarazi, komentatu, kritikatu edo kontatu. Leku pribilegiatua da eman didaten hau. Gaur, furgoneta bidaia bateko leku erromantizagarri batetik ari natzaizue idazten, mundutik deskonektatuta. Konektatuko gara berriz eta ikusiko dugu zer dakarren abuztuak. Bitartean, besarkada bana guztioi; astean bitan ikusiko dugu elkar.