Gurasotasunaren alderik txarrena ez dira erraldoiak eta buruhandiak; Pirritx, Porrotx eta Marimotots; edo neka-neka eginda zaudenean, buruko minak eta lotarako gogoa baino ez duzunean etengabe ama deitzen dizun ume bat.
Gurasotasunaren alderik txarrenetakoa beste gurasoak dira; aukeratu ez dituzun horiek, zure alabaren gelako edo mailako guraso direlako ezinbestean jolas parkean edo igerilekuan hitz egitera behartua zauden horiek, elkarrekiko batere interesik eduki ez arren.
Badakizu hein batean horiekin adostu beharko duzula nerabezaroan alaba etxera bueltatzeko ordua, telefono mugikorra emateko adina atzeratzea, urtebetetzetako festak ospatzen noiz hasi eta zer jarri jateko, eta bestelako afera arantzatsu batzuk, adibidez, bere lana egin duen irakasleari ziklo bukaeran oparia egitea (inor ezetz esatera ausartzen ez dena, opari hori egin beharra ulertu ez arren).
Aurreko horiek denak norberak bere bizi filosofiaren arabera ulertzen dituen kontuak dira, eta ados jartzea batere erraza ez diren kontuak. Bakoitzak bere espektatibak dituelako norberaren seme-alabaren inguruan, eta baita norbera guraso bezala nolakoa izango den ere.
Edozein gurasori galdetuz gero zer opa dion seme edo alabari etorkizunerako, denak izango dira ontzat ematen ditugun kontzeptuak. Batzuentzat, hori izango da lanpostu on bat. Eta horretarako, seme edo alaba inbertsio gisa ulertuko dute askok (klase partikularrak ume-umetatik, batxilergoa AEBetan, gradu bikoitza unibertsitatean). Beste batzuk, zerbait sinpleagoarekin konformatuko dira: izan dadila zoriontsua. Baina nik, nire espektatibetan gehituko nuke: jakin dezadala niretzat garrantzitsuak diren baloreak transmititzen, hartu ditzala beretzat.
Baina hor sartuko dira berriz beste gurasoak, ez zuzenean baina bai zeharka. Izan ere, beti entzuten dugu etxea ez dela guztia. Gero, aterako dira mundura eta han egingo dute topo gure bizi filosofia bera ez duten beste ume batzuekin, beste mundu batzuekin, zuretzat garrantzitsuak diren baloreak partekatzen ez dituztenekin, eta ahalik eta guraso onena izateko zure ahaleginak huts egin dezake.
Horregatik, bola magiko bat nahi nuke edo kartak botako dizkidan norbait, etorkizuna iragartzeko gai denen bat, esan diezadan: lasai, Goiatz, ez zara damutuko guraso izanaz.