Goiatz Labandibar

Ez dakit

2026ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit esateko beldurrez bizi den gizarte bat da gurea. Ez dakit noiz galdu genuen bi hitz horiek esateko gaitasuna. Noiz, dena ez dakigula adieraztea eta onartzea umiltasun eta normaltasun bat baino ez dela ulertzea.

Agian horixe da: umiltasuna galdu duen gizarte bat da gurea. Galdera guztien erantzuna patrikan bertan dugula sentitzen dugu (ai, Alexa eta Txati, zer kalte egin diguzuen…). Telebista pizten dugu eta saioetako tertuliakideek beti badute edozein gairi buruzko iritzi sendoa. Zer esanik ez sare sozialetan dabiltzan profil eta bot-ek ere, nahiz eta askotan bestek esandakoa errepikatzea den. Koinatukeriak. Eta ni, bitartean, nire galderetan eta zalantzetan galtzen naiz… Ez dakidalako denari buruz, eta ez dudalako guztiari buruzko iritzi formatu eta mugiezin bat.

Galdetzearen lotsa bagenu bezala gabiltza mundutik. Lasai, baina ez da ezer gertatzen eklipseez edo Eritreako gerraz ez badakigu.

Ziurtasunez gabiltza munduan barrena, inori galdetu gabe ea halako datua zuzena den, ea idatzi dugun esaldia ortografikoki zuzena den (kartelak eta oharrak akatsez beteta daude. Uste dut ikusi dudan kasurik larrienetako bat D ereduko ikastetxe bateko matrikulazio kanpainakoa izan dela. Benetan inork ezin zuela errepasatu?)

Hori, gai handiei dagokienez. Baina gauza txikiagoei buruz ere ahaztu zaigu ez dakit esaten, ez dakigun horri buruz galdetzen, jakin-min pixka bat publikoki azaleratzen.

Iruditzen zait garai batean errazago esaten zela ez dakit. Batzuetan, errazegi ere bai. Hori gertatzen zitzaion gure amonari: iruditzen zitzaion ez zekiela euskaraz telebistan Euzkitze eta konpainia entzuten zuenean («euskara ederrean hitz egiten duen», zioen); iruditzen zitzaion ez zekiela ezer deusi buruz hamabi urte arte joan zelako eskolara («ez nuen ikasteko gogo gehiago»), baina orain ez dago eta inork ez daki hark bezala puntua egiten, nik baratzeari buruzko bi lezio baino ez nizkion ikasi, apenas deus ez baserri-munduari edo naturako fauna eta florari buruz.

Erabateko ezjakin uste izatetik, erabateko jakintsu izatera pasatu gara urte gutxiren buruan. Eta bai: denok badakigu zerbait, baina inork ez dena. Eta horrek halaxe behar du. Nork maite ditu orojakileak, bada?

Ez dakit zuek, baina nik uste dut berriz ikasi beharko genukeela ez dakit esaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA