Haritz Larrageta

Hortz-eskuila bibotea

2026ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ispilu aurrean, bizarra egiten ari nintzela, nire irudiari ukitu ausartagoa emateko tentazioa izan dut gaur. Hasiera batean, kokotsa soildu eta biboteaz papilota biak lotzen dituen Ambrose Burnside zelakoaren friendly mutton chops estiloa etorri zait burura. Bizar bizarroegia niretzat, agian. Antzeko sentsazioa Lincolnen bizarrarekin, bibote inperialarekin eta Hulk Hogan borrokalariak zeraman ferra formako sudurpekoarekin. Inoiz, Tom Selleck aktoreak eta Freddie Mercuryk zeramaten chevron edo pornstache bibotea probatu eta barregarri ikusi dut nire burua. Oliver Hardyren mustatxa, aldiz, asko gustatzen zait. Baina Hitlerren bibotea ere bazen. Arraioa!

Leo Strauss filosofoak asmatu zuen, 1951. urtean, ironiaz kargaturiko reductio ad Hitlerum izeneko falazia. Horren arabera, Hitlerrek egiten edo gustuko zuen edozein gauzak txarra izan behar du, ezinbestean. Hitlerrek espagetiak gustuko bazituen, espagetiak jatea gaizki dago. Eta pareko zigorra jaso zuen biboteak, inor hil ez bazuen ere. Harrigarriki, oso hedatuta daude horren tankerako silogismo oker asko, eta iritzi publikoan duten eragina izugarria izan daiteke.

Baina bizarraz ari ginen. Zentra gaitezen.

Bibote karratu hori gustatzen bazait, zergatik ezin dut baliatu? Hitlerrek ez zuen patentatu, eta Charlotek ere bazeraman. Baina Charles Chaplin pederasta omen zen. Oztopo gehiago bidean. Zaila da, itxuraz, mustatxa pertsonatik banantzea. Bizarra egitea ekintza erabat politikoa bilakatu zaigu, nolabait. Horregatik, agian, matxinatzeko ordua heldu zaigu.

Bibote horren ekarpen estetikoa ezin digute pederasten eta genoziden itzalek lapurtu. Oliver Hardyren mustatxa ere bazen! Eta orain, akaso, deskubrituko dira Hardyrena zen etxeko lorategian lurperatutako hamabi gorpu mutilaturen arrastoak. Baina igual dio. Bibotea ederra da eta errugabea. Bibotea erabat autonomoa da. Guztiona da eta inorena ez, aldi berean. Woody Allen pederasta da eta klarinetea ez da orkestretatik desagertu, Belgikako Leopoldo II.a genozida izan zen eta bere bizarra ez da polemikoa. Hortz-eskuila bibotea ez da Hitler.

Eta hala ere, azkenean, bizarra apur bat baino ez dut moztu; ez dut nire itxura aldatu. Ez naiz ausartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA