aissa intxausti

Lehorreratzea

2026ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragana eta oraina ezin dira binomio bezala ulertu. Bata bestearen jarraipena da. Ondo dakigu kontatu diguten historia ez dela neutroa, zati batzuk soilik ezagutzen ditugula. Gauza batzuk ospatu direla historikoki, eta beste batzuk ezkutatu, eta hala jaso ditugula herrietako zein auzoetako jaiak, ohiturak eta tradizioak.

Umetan, udako oporraldi batzuetan, lagun berriei norbere herriko jaiak azaltzea tokatu zitzaigun. Batek marmitako txapelketa zela famatuena, besteak dantza berezi bat, mozorroak, prozesioa… Kontatu zuten Espainiako herri batean lehen kanpandorretik akerra botatzen zutela, eta halako bitxikeriekin jarraitu genuen. Nire txanda iritsi zenean ikusi nuen lehen aldiz begirada batzuentzat ez zela normala animalia bati lepotik heldu eta jolasaren helburua burua kentzea izatea, milaka pertsona begira zeuden bitartean. Niretzat munduko gauzarik normalena zen. Gauzak ez dira arraro egiten betidanik bizi izan badituzu, baina horrek ez du esan nahi beste irakurketa bat egin behar ez denik. Ezin gara gure enpatiaz eta zentzuaz fidatu, horiek ere eraikiak baitira, eta kanpo-begirada bat beharrezkoa da askotan.

Gauza asko justifikatzen ditugu tradizioaren izenean, lehenago gertatuak gaur egun eragingo ez balu bezala, eta zapalkuntzak erreproduzituko ez bagenitu gisan. Santuak, Belena, Alardeak, kristautasuna, militarrak… dena berresanahitu daiteke, baina horretarako irakurketa politikoak, hausturak eta berrikuntzak egon behar dira. Historiak beti ditu alde onak eta txarrak, orainak bezala, eta betikoaren idealizazio batek ez dakit nori egiten dion mesede. Plaza publikoa tradizio hutsagatik hauei eskaintzen jarraitzen dugun bitartean, historiako beste hainbat gauzari lekua kentzen ari gatzaizkio.

Atzo Elkanoren lehorreratzea antzeztu zuten Getarian. Horrelako efemerideak kolonialismoa salatzeko erabili beharrean festa bilakatzen ditugu, hori egitean zer isilarazten dugun begiratu gabe. Bitartean, interes politikoak medio Ceutan eragin duten sarraskia ikusten dugu, eta ezin daitezke sistema beraren bi isla ez balira bezala ulertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA