Garai batean, uda izan ohi zen turistak etortzen ziren (edo turista bihurtzen ginen) sasoia. Gogoratzen ditut duela urte batzuetako pegatinak eta pankartak. Orduan turistei zuzenean mintzatzen zitzaien: Tourist, this is not Spain nor France. You are in the Basque Country. Gaur egun, turismoa ez denez sasoikoa baizik eta ia urte osokoa, beste zerbait esaten diegu turistei: Go home. Garai batean yankiei bezala.Â
Turismoaz hitz egiten dugunean, bada ekuazioetatik kanpo uzten dugun norbait. Norbait hori ez da oporrak pasatzera etorri den hori. Turista, turismoa egiten ari den pertsona (Euskaltzaindiaren definizioa). Ezta ere hotel, ostatu edo Airbnb-ko jabe do langilea. Esperientziak saltzen dituztenak edo Turismo Bulegoko harrerako langilea. Ezta tourist go home pentsatzen duen bizilagun nazkatua.
Turismo-gida gutxietsita dagoen figura bat da. Turistak gidak esaten duen guztia sinesten du. Nik halaxe egin izan dut Berlinen, Florentzian edo Varsovian egindako free tour-etan (bai, nik ere badut turista bat nire baitan). Zortea baduzu, tokatuko zaizu gida bat kontatuko dizuna Berlinen ez zela berrelkartze bat gertatu, baizik eta sistema kapitalistak sistema komunista irentsi zuela. Baina kontakizuna berea izango da.
Zer kontatzen diete gure hirietako gidek turistei?
Uda izan gabe ere, Donostiako Parte Zaharrean noiznahi ikusiko duzu gida bat turista saldoz inguratua. Duela hilabete batzuk, haietako baten ondotik pasatu nintzen eta, beti zorrozten zaidanez belarria gida bat ikusten dudanean, ia kontakizunean sartu nintzen, kontatzen ari zena zuzentzeko. Ez naiz zehazki orain gogoratzen zer zen, danborradari buruzko zerbait zen, baina ez zuena errealitatearekin zerikusirik, 24 orduko festa bat ia eguneroko.
Esan ohi da Historia irabazleek idazten dutela. Bada, gida turistikoek ere Historia kontatzen dute, hiria, kultura eta soziologia oso bat. Eta hori modu askotara konta daiteke. Baina, badakizue zer? Gida gehienek irabazleen modura kontatzen dute. Horregatik, beti esango dute San Sebastian eta ez Donostia. Narratzaileak dira eta haiek kontatzen dutena zabalduko dute turista horiek bueltan, euren etxeetan. Gidaren lana ez baita objektiboa. Eta turistek, beti, liluratuta entzuten dituzte haien hitzak.