Diotenez, asteazkenean, eklipsea ikusi ahal izango dugu Euskal Herrian; Getxotik Kasedara doan lerro irudikariaren azpitik, gutxi gorabehera. 1905etik ez dugu horrelakorik izan eta 2180ra arte ez omen da berriz gertatuko. Eguzki eklipseak, gainera, ilberrian dira, ezinbestean. Hori dela eta, egun horietan zerua zeharkatuko duten Pertseidak ikusteko gau aproposa izan dezakegu jarraian. Plan zoragarria; errepikaezina.
Itxuraz, errazagoa da eklipsea aurreikustea, trafikoan eragingo ditugun gorabeherak baino. Jende pilo bat etorriko dela diote eta, badaezpada, kamioien zirkulazioa mugatuko dute. Milaka pertsona ilargiak minutu batez emango duen itzalaren bila.
Une magikoa izango da. Eguna ilunduko da, ia bat-batean. Haizea aldatuko da eta tenperatura jaitsiko. Garai batean, gizakiek ez zekiten gertakariaren kausa zein zen, eta hainbat kulturatan izan dira hori azaltzeko kondairak: Txinan, kasurako, herensuge batek Eguzkiari hozka egiten ziola uste zuten; Eskandinavian, Sköll otsoa astroa lapurtzen saiatzen zela, eta, Indiako tradizioan, Rahu deabruak eragiten zituen eklipseak, izarra irentsi nahian. Horietan guztietan, zarata egiten zuen jendeak, Eguzkia babesteko. Zoragarria izan behar du Eguzkia herensuge batengandik babestu duzula sinetsita ohera joateak.
Guk ikasi dugu, baina animaliak oraindik ezustean harrapatzen ditu fenomenoak: txoriak txioka has daitezke, jirafak korrika ibiltzen dira eta saguzarrek ezohiko hegaldiak egiten dituzte. Baina portaera aldaketa interesgarriena dortokena da. Diotenez, dortokak eklipsearen momentuan erotu egiten dira. Ikusi izan da eklipseetan oso urduri, maitati eta apur bat biolento jar daitezkeela. Oso argi utzi nahi dut dortoken harreman sexualak ez zaizkidala batere interesatzen, baina eromen puntu hori bai. Horregatik, maiatza aldera, dortokak biltzen hasi nintzen. Berrehun eta hamalau ditut dagoeneko bainuontzian. Kiratsa jasanezina da eta eztabaida askoren iturri, aitortu behar. Baina sinetsita nago emaitza interesgarria izan daitekeela. Eta nire ekarpen xumea egin nahi nioke zientziari adimen artifiziala mundua gobernatzen hasi aurretik.
Asteazkena heltzeko irrikan naiz: eklipsea, Pertseidak eta ninja dortoka lizunak.