aissa intxausti

Norbere argazkia

2026ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lagun askok barre egin didate nire izenarekin hemen agertzen den argazkiagatik, ez duela inondik inora ni naizena ordezkatzen. Duela hiru urtekoa da, eta denbora ez da alferrik pasatu. Soineko hori eta plantxarekin ondulatutako ilea, inoiz baino bolumen gehiagorekin. Izan ditut ile luzea, sorbaldetarainokoa, kapak, flekilloa, metxa dekoloratuak… eta duela bi aste makinillarekin rapatu nuen.

Harreman sozialak guztiz baldintzatzen ditu estetikak, eta egoeraren arabera gure itxura moldatzen dugu guk ere. Seriotasuna, alaitasuna, edertasuna, ideologia, elegantzia, inozentzia, errebeldia… transmititu daitezke gorputz-adierazpenaren bitartez, eta jendeak horren arabera ezberdin jokatzen du gurekin. Subjektu batzuei zilegitasuna kentzen zaie eta besteei eman. Horregatik ez naiz joaten gorbatadun gizonez betetako bilera batera hondartzako soinekoarekin, edo bai, justuki asmo horrekin.

Ilea, janzkera, depilazioa, ibilera, piercingak, makillajea... bereiz al daitezke zure barruko zu-a, benetakoa, eta kanpokoa? Yogako klaseetan esan ohi ziguten gure barneko ni-a ez dagoela kanpo munduaren aldaketen menpe, zu barnean ziur bazaude, kanpo-faktoreek ez dizutela eragingo. Beste hamaika ereserkitan entzun izan dugu nahi duguna izan gaitezkeela eta egin dezakegula, askeak garela, eta elkar errespetatu besterik ez dugula egin behar. Zapalkuntza estrukturalen negazionistak iruditzen zaizkit biak.

Klase sozialak identifikatzeko erabiltzen da estetika, eta horregatik jasotzen dute gorputz batzuek biolentzia gehiago beste batzuek baino. Horiek hausteko balia daiteke batzuetan gorputza, pribilegioak desegiteko, normaltasuna ezabatzeko: transak, bollera butch-ak, croptop bat janzten duten lodiak, zuritzen saiatzen ez diren arrazializatuak…

Batzuetan aukera dago lasai bizitzeko hautua egiteko, moldeei jarraitzeko eta ahalik eta transgresio gutxien eragiteko itxuraren bitartez. Beste batzuek, ordea, ez dute horretarako aukerarik: pobrezian bizi direnek, arrazializatuek, lodiek… Gizon pribilegioak gal daitezke hautu estetiko-politikoz, zuri pribilegioak ez.

Biolentzia handia eragiten du itxurak, eta leku, lanpostu eta bizimodu batzuetara sarbidea eman edo kentzen dizu. Zergatik ez dago ia trabestirik gure hondartzetan, adibidez?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA