Medikuak esan zidan bizitza osoan hartu beharko nituela minarentzako pastillak. Fisioak, ez nuela minik sentitu behar. Ebakuntza planteatu zidaten gaztetan; orain ezetz dio traumatologoak. Zirujauak, estetikoa izango litzatekeela ebakuntza. Kortsea bai, kortsea ez, espezialista bakoitzak irizpide propioa. Erabaki handiegia zen zeinetaz fidatu hautatzea nerabe batentzat.
Beti izan dut eskoliosia, baina duela urte batzuetatik bizi naiz minarekin. Inork ez dit argi esaten zerk eragiten didan zehazki mina: nerbioa dela batek, koadro dortsal osoa besteak, parabertebralak, diskoa… eta horrela zaila da esku hartzea.
Alerta bizitzea da minarekin bizitzea. Ukazioaren, etsipenaren eta itxaropenaren gurpilean bueltaka ibiltzea, zure mugimendu oro kalkulatzea. Terraza batean esertzen garenean han egongo garen denbora kalkulatu behar dut, ordu erditik gora eserita egoteak, momentuko minaz gain, hurrengo orduetako mina eragiten baitit, eta gauetan lo egitea zaila da horrela. Bertso-saio bat ikustea, gidatzea, bazkari batean eserita egotea, bazkalostea luzatzea, ordenagailuan zutabe bat idaztea, sofan eserita pelikula bat ikustea… egunerokoa baldintzatzen du minak, eta, batez ere, mina izateko beldurrak.
Mina handia bada, ezin naiz elkarrizketetan kontzentratu, eta gelditu izan naiz kalera atera gabe, horrelakorik gerta ez zedin. Geldi egoteak mina eragiten badit, korrika egiteak, salto egiteak, palak, boleibolak, futbolak, surfak eta bestelakoek zeresanik ez. Mugimenduak on egiten dit, baina, mugimendu gehiegi eginez gero, lau gau ia lorik egin gabe pasatzen ditut. Beldurra ematen dit geldi egoteak, eta beldurra ematen dit ariketa fisikoak.
Zenbat espazio har dezake minak bizitza batean? Mina ez da bizkarrean gelditzen, egunerokora, harremanetara, burura igarotzen da. Mina bera baino okerragoa da hark eragiten duen kontrola, arrisku posibleen kalkulu konstantea, inoiz ahaztu ezina, beti adi egotea. Lagunek egiten dituzten gauzak ezin dituzula egin konturatzea, lehen poza ematen zizuten gauzak ezin dituzula egin gogoratzea. Izkina batean ingurukoei begira egon, zugatik plana moldatzeko eskatu, edo etxean geratzea hautatzea. Mina baino askoz gehiago da mina.
Agian egunen batean asmatuko dugu minei dagokien lekua ematen.