Haritz Larrageta

Vesna Vulović eta Dumbo

2026ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dotrina katolikoa baino askoz entzunagoa dut Anari. Horregatik, agian, jarri diot kandela lodi horietako bat Vesna Vulovićen argazki bati. Lanean inprimatu nuen eta pixelatuta dago, baina balio dit.

Hamar urte pasa dira azkenekoz hegazkin batera igo nintzenetik. Orduan, gaur bezalaxe, Eivissan bizi den familia politikoa bisitatzera joateko baliatu genuen. Beldurrari aurre egin niezaion, antsiolitiko bat eman zidaten. Eta, lagungarria izango zelakoan, Dumbo ikusi nuen goiz hartan abioian. «Berak hegan egin badezake, guk ere bai», esan omen nion koinatuari, botikaren eraginpean. Hegaldia ez zitzaidan egun hartan guztiz pasa eta portxean ziren letoizko txoritxo batzuei begira eman nuen arratsaldea. Hurrengo egunean, lasaitu ederra hartu zuen bikotekidearen izebak, bezperan bezain ergela ez nintzela ikusirik. Lehengoratuko zitzaion ustea, akaso, aurrerago. Auskalo. Bueltan ere beldurra ez nuen fakturatu eta jokaldia errepikatu nuen. Baina Dumbo gabe. Emaitza: beste egun bat galduta.

«Atsedenik ez drogarik gabe» zioen afixa mitikoak itzulpen akatsa zuela ulertuta, hegazkinen funtzionamenduaz eta segurtasun mailaz dokumentatzeko denbora apur bat hartu dut azken urteotan. Orain badakit zergatik egiten duten hegan, zergatik ez diren apurtzen eta zergatik diren, finean, garraiobide seguruenetako bat. Seguruena ez, hori igogailua baita, baina bai hegan egiten ez duen gure autoa baino askoz seguruagoa.

Hegazkinean dantzan sartuko naiz? Ez. Alde batetik, aurreko paragrafoan drogena alboratu dugulako eta, bestetik, beldurra guztiz menperatzea oso zaila delako. Baina aurre egingo diot. Hegazkinean sartuko naiz. Erabakia irmoa da. Ezin diogu beldurrari gure bizitzak gobernatzen utzi.

Vesna Vulović JAT 367 hegalditik bizirik atera zen pertsona bakarra izan zen, 1972ko urtarrilaren 26an. Diotenez, bonba-maleta bat ekipaje konpartimentuan lehertu eta 10.000 metroko altueratik erori zen hegazkina.

Kandela jartzearena neure burua apur bat engainatzeko egongelan egin dudan performance intimoa baino ez da izan. Badakit horrek ez nauela salbatuko; ez du deus aldatzeko botererik. Asko jota, Vesnaren argazkia hormako zinta itsasgarritik askatu, erre eta sutea piztuko zaigu etxean.

Ai, ene. Itzali egin behar nuen.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA