Onintza Enbeita

Abiapuntua

2026ko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizarte Segurantzak, kotizazioak eta jubilazioak kezkatzen nauten adinean sartu naiz. Ulertzen ez ditudan ekuazio asko egiten dizkit Gizarte Segurantzak eta hor nabil. Hor nabil neure burua babestu nahian. Askotan gomendatu didate pentsio pribatuak kontratatzea, baina ez dut halakorik nahi. Pentsio publiko duinak merezi ditugu. Ezin dut jasan jubilatzen garenerako pentsio pribatuak edo diru sarrera estraren bat izan beharko dugula aldarrikatzen duen jendea. Alde egokian jaio eta gauzak erraz izan dituen jendea da. Nik neure burua pribilegiatutzat daukat, baina gai naiz ikusteko hemen badela nahita ere kotizatu ezin duen jendea. Gehiago esango nuke, hemen bada guk baino lan gehiago eginda ere pentsio pribatuak izan ezin dituenik. Orduan esaten didate beste gauza batzuetatik kendu eta horretan inbertitu dezaketela eta hori esaten didanak hiru etxe dituela ohartzen naiz eta erneguak eztarria estutzen dit.

Bakoitzaren abiapuntua klasearen, jatorriaren, sexuaren… arabera desberdintzen duen gizarte kapitalista batean bizi gara. Nola nahi duzue helmuga berera iristea guztiok? Pobreak, jende zaurgarria, etorkinak… maite ez badituzue, esan, baina ez da egia pentsio duinik ez duenak berak duela horrekiko ardura. Izan ere, halakoak esaten dituen jende askoren etxea kontraturik gabe garbitzen dute emakume atzerritarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!