Onintza Enbeita

Abiapuntua

2026ko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru urte joan dira jadanik urriaren 7 famatu hartatik. Askorentzat Hamasek israeldarren kontra egindako eraso hark justifikatzen du hiru urtean egindako guztia. Asko horiek ez dute irakurri nahi palestinarrak nola iritsi ziren urriaren 7 hartara, ez dute historia berrikusi nahi, ez dituzte azken hamarkadak gogoratu nahi. Hiru urteotan gertatutako guztia izugarria da. Izugarriagoa da ordea, nola hasi zen hau guztia. Egun Israel deitzen duten lur zatian bizi direnek ez daramatzate han ehun urte. Norbaitek Israel han eraiki behar zutela erabaki arte, palestinarrak lasai bizi ziren beren lurretan. Orain ez daukate lurrik. Israeli berdin zaizkio nazioarteko hitzarmenak, berdin dio NBEk esaten duenak, berdin zaizkio palestinarrak. Kartzeletan hil egiten dituzte, bonbekin txikitzen dituzte, bizirik erre, umeak atxilotu, torturatu… eta horretaz harrotu munduaren aurrean. Eta hala ere, jendeak urriaren 7 hura seinalatzen du arazoaren hasiera gisa. Ez dauka zentzurik.

Gero eta argiago dago estatu biren konponbidea ez dela posible. Eta ez da posible, ez palestinarrek nahi ez dutelako, Netanyahuk eta hura babesten dutenek argi erakutsi digutelako baizik. Haiek ez dute Palestinarik nahi, Israel nahi dute: Israel gero eta handiagoa. Boikoterako deiak inoiz baino handiagoa izan behar du. Ez diezaiogun utzi Palestinaz hitz egiteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA