Onintza Enbeita

'Aitas'

2026ko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mesedez, arren, otoi, utziko diozue aitas esateari baldin eta ez bazarete aita bi dituzten umeez ari? Bai, gaztelaniaz padres esaten da aita eta ama esan nahi denean ere, baina euskaraz guraso hitza dago horretarako. Eta aitas esaten duzuen bakoitzean bizitza urte bat kentzen didazue. Diguzue esango nuke, baina badaezpada, neure izenean idatziko dut. Gaztelaniak ez bezala, euskarak baditu generorik gabe taldeak edo bikoteak adierazteko hitzak: erabili itzazue. Ondo dago gure hizkuntzako hitzak mailegatuta hartzea gaztelaniaz ari zaretenean, baina egin ezazue ondo. Izan ere, lehen aitas zen, baina lehengoan, euskara ustez garbian ari zen batek «aitak etorriko dira», esan zidan, eta oraindik arnasa bueltatu gabe nago. Aitak esaten dugunean guraso gizonez ari gara bakarrik. Bakarrik eta esklusiboki. Aita bi dituzten gero eta ume gehiago daude gurean eta hori ondo dago, baina uste dut aitas esaten duzuenok ez zaretela horietaz ari.

Gure amak esango dit zutabe bat alferrik galdu dudala, baina zerbait egin behar dut nire osasunaren alde. Hegoaldeko euskaldunok bil gaitezen, eta egin dezagun gaztelaniatik gaizki kutsatu zaizkigun kontzeptuen gaineko hausnarketa. Gurasoak berdin erabili daiteke ama bi, aita bi, aita eta ama zein bitarrak ez diren gurasoekin. Ez, ez nabil ez diren akatsak bilatzen; hau zentzuzko kritika da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA