Onintza Enbeita

Alde egokia

2025eko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israel Premier Tech txirrindularitza taldeak ohar batean esan zuenez, Espainiako birako etapa amaieraren harira, Bilboko kaleetan egin zen protesta arriskutsua izan zen. Ez hori bakarrik: haiek defendatzen zuten kausari kalte egin ei zioten. Horiek esatea nahikoa ez, eta Palestinaren alde zutitutako jendeari bota zioten txirrindularitzaren zale euskaldunek etaparen amaiera galdu izanaren errua. Bada, ni harro sentitu nintzen.

Gure etxean txirrindularitza presente egon da beti. Inguruko karrera handietara eramaten gintuzten umetan geure ikurrin eta animo mezuekin. Telebistaz, aldizkarietan, orain telefono bidez... gurean beti egon da txirrindularitza. Begiratzen diet orain gure zaharrei, eta oso argi daukat Bilbon etapa amaiera ikusgarri bat izatea baino nahiago luketela Israelgo Estatuari aurpegia zuritzeko sortutako talderik egongo ez balitz. Ez baikara txirrindularitzaz bakarrik ari sinetsarazi nahi diguten moduan: duela 60 urte eskas asmatu zuten estatu baten sustapenaz eta hura egiten ari den genozidioaren zuritzeaz ari gara. Bilbon elkartu zen jendeak zein bide bazter guztiak Palestinaren aldeko aldarriz bete zituztenek argi daukate historiaren zein alde den zuzena, eta barkatuko didazue, baina, hori, txirrindularitza probarik handiena baino gauza handiagoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.