Ikusi nuen behin sare sozialetako guru berri horietako bat desgaitasun intelektuala duten pertsonen boto eskubideaz hizketan. Harrigarriak iruditu zitzaizkidan beren burua argitzat daukaten askok emandako erantzunak. Uste dut gutako gehienok inteligentzia funtzionala baino ez daukagula; hau da, gizarte heteropatriarkal, produktibista, meritizista eta kapitalistan funtzionatzeko gai garela, eta kito. Hala ere, pentsatzen dugu asko dakigula, eta besteek baino eskubide gehiago dugula. Igandean botoa emango dute gizarteak ikusi nahi ez dituen pertsona askok, eta hala izan behar duela iruditzen zait. Bestela, zergak ordaintzetik eta beste betebehar askotatik ere kanpo utzi beharko genituzke. Edo ez genituzke pertsona neurodibergenteak beste guztion arau berberak betetzera behartu beharko. Batetik, haientzat zailagoa delako, eta, bestetik, ez daukalako zentzurik araugintzan parte hartzen ez uzteak, gero arau horiek bete egin behar badituzte.
Nazkatuta nago sareetako guru berriez, eta haien mezu arriskutsuez. Ez dezagun geure burua engainatu: algoritmoak etengabe erakusten dizkigunak ez dira bereziki jakintsuak edo azkarrak edo onak. Ez. Algoritmoak etengabe erakusten dizkigunak dira sistema salbai honek nahi dituen mezuak ematen dituztenak. Aspaldi ikasi genuen, algoritmoan ere, ez dagoela normaltasun neutralik.