Arrautzak asko garestitu direla dio, eta arrazoi du. Albistegiek hala diote behintzat. Ameriketako Estatu Batuetan hamabi dolarrean ei dago dozena, eta arrautzak banaka saltzen hasi ei dira. Sekula horrelakorik! Merke saltzen ditudala esan dit. Berak bost eurora igoko omen du dozenaren prezioa. Saiatu naiz esplikatzen pentsuaren prezioak gora egiten duenean igotzen dudala nik prezioa, baina beste joko horretan ez dudala sartu nahi. Merkatuko logikatik kanpo ari gara lanean, eta merkatuko logikatik kanpo saldu nahi nuke ekoizten duguna. Ez da erraza. Etorrita dago gurera ere hegazti gripearen zurrumurrua, eta atzetik etorriko da arrautzen sukarra. Eta joango gara supermerkatuetara eta hango prezioen gainetik saldu nahiko ditugu arrautzak. Eta alde batetik, logika badu hori egiteak: gure arrautzak supermerkatukoak baino hobeak dira. Beste alde batetik, ordea, guk ezin ditugu elikagai onak luxuzko artikulu bihurtu dena gobernatu nahi duen industriaren menean. Ez dizkiegu oiloei gomendatzen dizkiguten txerrikeria guztiak ematen. Ez behintzat beharrezkoa ez bada. Ez gaitezen, beraz, itsutu. Ekoizpen gastuen eta irabazi beharrekoaren arteko oreka zaindu egin behar dugu, baina hemen. Ez Ameriketan, ez supermerkatuan, ez makroetxaldeetan, ez Europako Batasuneko nekazaritza politikak erabakitzen diren kabineteetan. Guk hemen ekoitzi eta saldu behar dugu.
    Arrautzak
                Iruzkinak
            
            
                Ez dago iruzkinik
            
        
                    Ordenatu