Onintza Enbeita

Arrazoiak

2025eko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakumeoi, espazio publikoan serio eta gauza serioez ari garenean, haserrea eta histeria leporatzen zaizkigu. Inoiz galdu ditut paperak eztabaida batean, baina ez galduta ere, horixe aurpegiratu izan didate: «Ez daukazu zertan horrela jarri». Urte asko kosta zitzaidan ulertzea ez nintzela ez hala ez hola jartzen: arazoa zela serio ari nintzela eta ez zutela nirekin eztabaidatu nahi. Berdin du zer egiten dugun; ez baldin bagara gorputz hegemonikoak, plaza publikoak errespetua galtzen digu.

Donald Trumpek medikuarenera joateko aholkua eman dio Greta Thumbergi. Antza denez, haserre ezin kontrolatua ikusi du AEBetako presidenteak haren hitzetan. Nire ustez, neurriz, zentzuz eta ganoraz hitz egin du. Israelgo soldaduek eman dieten tratutik harago, arazoa Palestinan dagoela esan du: oraindik ere palestinarrak hiltzen ari dela Israel. Trumpek ezingo luke horren kontrako arrazoirik topatu bere buruan. Ez bakarrik bera delako Israeli jendea hiltzeko oniritzia ematen diotenetako bat, ezin duelako ere bai. Bide batez, gauza asko esan dakizkioke Trumpi bere itxuraz, bere leloez, bere hitz egiteko moduaz... baina mundua gobernatzen duen estatu bateko presidentea denez, ezin diogu barrerik egin, haren arrazoiak gainditzeko gai izan behar dugu gureekin. Berak, ordea, ez du halako gaitasunik erakutsi behar. Horrela antolatuta dago mundua.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.