Onintza Enbeita

Asko

2025eko abenduaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste zerbaitez idatzi nahi nuke, baina gaur ezin dut. Eskerrik asko bidea egitea merezi zuela erakutsi didazuenoi: Uxue, Oihana, Miren, Nerea, Iosune, Aissa. Eskerrik asko Amalloko whatsappeko taldean bizi zaretenoi, zein entrenatzera joaten garenean gu han egoteak pozten zaituzten auzotarroi. Eskerrik asko Iturri eta Juanjori: inor etortzen ez zitzaidanean niregana etortzen jarraitu zenutelako. Eskerrik asko niri deitu didazuen antolatzaileoi, diru laguntzekin edo haiek gabe bertso saioak antolatu dituzuenoi, maitasuna erakutsi diguzuenoi, egun txarretan jasan gaituzuenoi. Eskerrik asko egun batean nirekin lehendakaritza bat konpartitzea ideia ona izan zitekeela pentsatu zenutenoi: asko ikasi dut zuekin. Eskerrik asko nire kontrako boikota deitu zuten asteburu beltz hartan egin nituen saio guztietara etorri zineten bertsozale ezezagunei. Ez dakit zuetaz ia ezer, baina asko maite zaituztet. Eskerrik asko izan zinetenoi eta zaretenoi.

Larunbatean lehertu eta bete egin nintzen. Faxismoa gorantz ari da eta garai grisak ei datoz. Faxismoa saihetsezina dela sinetsarazi nahi digute: ezinbesteko ziklo historiko bat. Ez da hala. Badakigu faxismoa ezin dela kantuz garaitu: edo ez kantuz bakarrik behintzat. Zapatukoa bezalako egunek indarra eman behar digute kolektiboan eta alternatibetan sinesteko. Asko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.