Onintza Enbeita

Bakea

2026ko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezetz esango banu, gezurretan nenbilke. Nik ere begiratu dut Interneten argaltzeko injekzioen kontua. Eta duela urte asko, gizarte segurantzan nire pisuarekin egiten ez diren ebakuntzen berri eman zidaten klinika batean. Zerbaitek bultzatu nau beti ez ausartzera. Edo zentzua hartzera. Mugaraino iritsi naiz askotan, baina jatea asko gustatzen zait eta beti itzuli naiz mugatik. Ezer ez da debalde, ordea. Egin ditut dieta luzeak, murriztaileak, halakoak eta bestelakoak. Biluztu naiz badaezpadako tituluak dituzten gizon-emakumeen aurrean, eta begiratu didate nire gorputza naturaren harmoniaren kontrako atentatua balitz bezala. Gustatuko litzaidake argal egotea. Ez osasunagatik, ez estetikagatik, ez neure burua maitatzeagatik… gustatuko litzaidake argal egotea denda guztietara lasai sartzeagatik; inoren osasun aholkurik ez entzuteagatik; nire elikadurari buruzko azalpenik ez emateagatik; edertasuna normatibitatetik kanpo ere badagoela esan eta sinisteagatik; nire ingurukoen onarpenagatik; «aurpegi polita daukazu, baina...», diotenak isiltzeagatik… eta batez ere bakeagatik. 

Gustatuko litzaidake argal egotea bakeagatik. Mediku batengana noanero beldur ez izateagatik, algoritmoak partxe miragarririk ez erakusteagatik. Bakea gauza ederra dela esaten zuen gure amama Klarak, baina munduak ez gaitu bakean uzten neurrietan sartzen ez garenok.

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA